ENKARTERRIETAKO MUSEOAK ETA ZALLAKO UDALAK BOST MENDEKO HISTORIAN ZEHARREKO BIDAIA PROPONIDUTEN DABE IBILPIDE GIDATU BATEN BITARTEZ

(Zalla, 2025eko irailaren 8a). Datorren eguenean, irailaren 18an, ondare-ibilpide gidatua egingo da Zallan oinez. Parte-hartzaileek 1500. urtetik gaur egunera arteko udalerriaren bilakaera historiko eta arkitektonikoa ezagutu ahal izango dabe. Enkarterrietako Museoak eta Zallako Udalak alkarlanean antolatutako ekimena da, dobakoa, baina aurretik izena emon behar da www.enkarterrimuseoa.eus webgunean.

Ordu bi eta erdi inguru iraungo dituan 5 kilometroko ibilbidea 10:15ean abiauko da San Migel eleizatik. Bidean zehar, besteak beste, Mimetiz, Mendieta, Aretxaga, Allendelagua, Uribarri-Villanueva, Gallardi-La Revilla eta Ibarra enklabe enblematikoak bisitauko dira, bost mendetan zehar Zallaren ondare-aberastasuna eta urigintzaren eraldaketea erakusten daben guneak.

Ikusi daitekezan mugarri arkitektonikoen artean, XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko eraikuntzak nabarmentzen dira, esaterako Mendieta Torrea, Ibarrako Jauregi-Torrea edo Mendia Jauregia. XIX. mende amaierako ondarea eta XX. mende hasierako euskal jauregi barriak be aztertuko dira, baita udalerriko eguneroko bizitza islatzen daben eraikin barriagoak be, 70-90 urteetako etxebizitzetatik hasi eta estilo neoeuskaldun modernoko txalet garaikideetaraino.

Ibilbideak, ganera, Kadagua ibaiaren eskumako ertzeko ibarrak be zeharkatzen ditu. Inguruok Zallako espazio berezi bat osatzen dabe, betidanik labrantzarako eta artzaintzarako lur lez erabili dira-ta. Ibarra, Allendelagua edo Uribarri-Villanueva auzoetako toponimiaren bitartez ikusi leiteke San Migel eleizearen inguruan atondu zan inguru horren bilakaerea.

Proposamen horregaz, Bizkaiko Batzar Nagusien Enkarterrietako Museoak eta Zallako Udalak konbitea egiten deutsee bertakoei eta bisitariei, inguru horren historian murgiltzera, paisaiaz gozatzera eta ondarearen aberastasuna zuzenean ezagutzera etorri daitezan.

Liens connexes: