ENKARTERRIETAKO MUSEOAK BELAUNALDIEN ARTEKO “AMAMA INFLUENCER” PROIEKTUA AURKEZTU DAU
- Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleek ahazturatik berreskuratu dabe Enkarterriko emakumeen oroimena, eskualdeko dozenaka adinekoren testigantzari esker.
- Emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II. Planaren barruan dago.
(Sopuertan, 2022ko zemendiaren 29an). “Amama Influencer”, Enkarterrietako Museoak bultzatutako emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko proiektua da. Azken asteetan, Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleek eta eskualdeko adineko emakumeek hartu-emon estua izan dabe. Proiektu horren bidez, emakumeei hainbat hamarkadatan isilarazotako ahotsa itzuli gura izan jake, Enkarterriko gazteei euren kontakizuna eta bizipenak kontau ahal izateko, euren istorioak ahaztu ez daitezan, sare sozialen bitartez horreen hedapena are eta gehiago zabalduta.
Ikerketa-proiektuaren helburu nagusia (proiektu pilotua egun batzuk barru itxiko da), Cadagua ibaiaren arroko emakumeen oroimen historikoa berreskuratzea izan da, batez be urteetan industriagaz hartu-emon estua izan eben emakumeen bizipenetan sakonduz. Holan, enpatia historikoa eta emakumeen lekukotzen entzute aktiboa teknologia barrien erabilereagaz konbinauta, ikasleek euren aurrekoen gertuko iragana berreskuratu gura izan dabe, eta hori protagonisten omenaldi bihurtu da.
Alkarrizketatutako “amamak”, 18 guztira, belaunaldi gazteenen erreferente edo “influencer” bihurtu dira egun batzuetan, eta lan hori laster ikusi ahal izango da Instagram sare sozialean. Proiektua hainbat lekutan gauzatu da: ikastetxean, Sodupeko kaleetan, etxeetan eta Museoan bertan. Diziplina anitzeko proiektu horretan protagonismoa hartu dau, baita be, emakumeek eskualdearen garapen industrialari egindako funtsezko ekarpena erakusten dauen eta urte amaierara arte Enkarterriko museoan ikusgai egongo dan “Lantegietako Emakumeak” erakusketeak.
Entzute aktiboaren bidezko gazteen eta adinekoen parte-hartzeak, XX. mendearen erdialdetik Cadaguako lantegietan ehundaka industria-lanpostu beteteko gai izan ziran emakumeen bizipenen alderdirik gizatiarrena ateratea lortu dau. Parte hartu dauen taldeak alkarrizketautako emakumeen emozinoakaz konektetea lortu dau, ikasleen enpatia historikoa bultzatuta, eta batzuetan gazteentzat ulertuezinak diran iraganeko fenomeno historikoak ulertzea lortu dau.
Esperientzia “benetan ona” izan da, adierazo dau Ainara Arranz Enkarterrietako Museoko Hezkuntzako arduradunak. Proiektuan zehar “ikasleen parte-hartze eta erantzun positibo handia” ikusi dau. Lehenengo edizinoa proba pilotua zan, eta, izan dauen “arrakastea” ikusita, datorren urtean jarraipena izango dau, 80 ikasle ingururen parte-hartzeagaz.
Ikastetxeko irakasleen berbetan, Eretzaberri herri eskolak “ezin eban pasetan itxi” Museoak planteautako aukerea, "Amama influencer" proiektua “maila askotan aberasgarria izan dalako. Alde batetik, Cadagua bailarako prozesu industrializatzaile guztia bertatik bertara ikasteko aukerea emoten jaku, baita prozesu horretatik eratorritako eraldaketa sozialak, urbanistikoak eta ingurumenekoak be. Beste alde batetik, amamen historiari erreparatzen badeutsagu, emakumeek historian zehar izan daben bizitza eta ekarpena ezagutzeko eta autortzeko aukerea izango dogu. Gai horreek askotan geratu dira alboratuta testuliburuetan”.
Emakumeen oroimen historikoa berreskuratzeko proiektua Bizkaiko Batzar Nagusien Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II. Planaren barruan dago; izan be, planaren jarduerearen ildoetako bat emakumeen ahalduntze kolektiboa eta soziala da, emakumeek Bizkaiko historian, kulturan eta gizartean izandako ekarpenaren autormena bultzatzeko.