ENKARTERRIETAKO MUSEOAK FARMAZIAK ESKUALDEAN IZAN DAUEN HISTORIA ZABALTZEKO BERBALDIA ANTOLATU DAU

  • Bere 125. urteurreneko ekitaldien barruan, Bizkaiko Farmazialarien Elkargoagaz lankidetzan bultzatutako ekimenak, Enkarterriko museoan gordetan dan eta Colina familiak dohaintzan emon eban XIX. mendeko pote-bilduma zaharraren bisita gidaua jasoten dau.
     
  • Dobako jarduera horretara joateko, aldez aurretik emon behar da izena museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus).

 

(Sopuertan, 2023ko irailaren 13an). Bizkaiko Farmazialarien Elkargoaren 125. urteurreneko ekitaldien barruan, datorren zapatuan, irailaren 23an, Enkarterrietako ehun urte baino gehiago dituan farmazialari sagako kide dan Javier de la Colina Menéndezek, eskualdeko farmaziaren historiari buruzko berbaldia emongo dau. Horretarako, bere familiaren ibilbide profesionalean eta orain dala hamarkada batzuk berak emondako XIX. mendearen amaierako altzarietan eta pote-bilduman oinarrituko da.

Berbaldiaren amaieran, farmazialari-familia horren farmazia historikoa bisitauko da, eta haren jatorria, kontserbautako pote motak eta bertako beste elementu batzuk ezagutuko dira. Modu berean, jatorriz euki ebazan farmazia-produktuak daukazan XIX. mendeko egurrezko botikin handi bat ikusi ahal izango da. Zallako medikuak erabili eban botikina, eta zaldiz eroaten eban Enkarterriko auzo eta baserrietatik egiten ebazan bisitaldietan.

11:45ean hasiko dan eta eskualdeko ondare historikoaren zati handi bat azpimarratuko dauen dobako jarduera horretara joateko, aldez aurretik emon beharko da izena museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus).