EGUAZTENEAN, GARAGARRILAREN 5EAN, EGINGO DA GERNIKAN AHALDUN NAGUSIA HAUTATZEKO OSOKOA

  • Batzar Nagusietako taldeek bagilaren 30eko 09:30ak arteko epea daukie euren hautagaiak aurkezteko.

 

(Bilbon, 2023ko bagilaren 28an). Bizkaiko Batzar Nagusiek datorren eguaztenean, garagarrilak 5, egingo dabe Gernikako Batzar Etxean Bizkaiko Ahaldun Nagusia hautatzeko Osoko Batzarra. Ana Otadui Biterik zuzenduko dau saioa, joan dan bagilaren 22an egin zan Eraketarako Osokoan bera hautatu eben-eta Batzar Nagusietako lehendakari, hirugarrenez. Demokrazia aldiko 12. agintaldiari hasierea emon eutson Eratze-Batzar horrek.

Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia izenpean Batzar Nagusietan daborduko eratu diran bost taldeen artetik urten beharko dau hurrengo foru Gobernuaren buru izateko hautagaiak. Hautagaitzak aurkezteko epea bagilaren 30eko 09:30ean amaitzen da, hautagaitzea jasoten dauen idatzizko komunikazinoa beranduen Osokoa hasi baino 72 ordu lehenago egin behar da-eta. 

Datorren eguazteneko osokoari hasierea emoteko, Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak edo hautagaiek 90 minutuz egingo dabe berba gehienez, euren gobernu-programea azaltzeko. Atsedenaldiaren ostean, Batzar Nagusietako bost taldeetako bozeroaleek hartuko dabe parte. Talde bakotxak 30 minutu izango ditu gehienez. Hautagaiak edo hautagaiek gero beste 30 minutu izango ditu/ditue taldeei erantzuteko. Eta eztabaidea Batzar Nagusietako taldeen beste txanda bategaz amaituko da, 10 minututik gorakoa izan behar ez dauen azkenengo berbaldian. 

Eztabaidaren ostean bozketea egingo da, arratsaldeko saioan, seguruenez. Batzarkide bakotxak kristalezko hautestontzi batean itxiko dau bere boto sekretua, eta proponidutako hautagaia aukeratuta geratuko da gehiengo osoa lortzen badau, hau da, 26 boto edo gehiago. Gehiengo hori izan ezean, bigarren bozketea egingo da, eta boto gehien lortu dituan hautagaia gehiengo soilez aukeratuko da. 

Bozketearen ostean, Bizkaiko ordezkari gorena izango dana hemiziklotik urtengo da Gernikako Arbolaren ondoan karguaren zina egiteko. Bertan, Batzar Nagusietako lehendakariak makilea emongo deutso.