ADINA DALA-ETA ALDUNDIAK EGOILIAR BATEK AMOREBIETA-ETXANOKO EGUNEKO ZENTROAN JARRAITZEARI EZEZKOA EMON DEUTSOLA SALATU DABE

  • Down sindromea daukan erabiltzaile baten bozeroaleak Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean kritikau dauenez, adimen-desgaitasuna daben personei arretea emoten espezializautako baliabidea dan “Nafarroa” zentroan hamarkada bi baino gehiago emon ostean plazea desagertuarazotea erabagi da.
     
  • LAB sindikatuko ordezkariek 28/2026 eta 29/2026 Foru Dekretu barrien aplikazinoak aniztasun funtzionalaren sektorean dituan ondorioak deskribidu ditue.

 

(Bilbon, 2026ko bagilaren 22an). Borja Arrizabalaga Barrena, erabiltzaile baten familiaren bozeroale lez, Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordearen aurrera etorri da gaur, Amorebieta-Etxanoko “Nafarroa” eguneko zentroko egoiliar baten plazea desagertu izana salatzeko. Bozeroaleak esan dauenez, Aldundiaren erabagia “giza eskubideen urraketa nabarmena” da, prestazinoaren amaierea adin jakin bat betetean oinarritzen dala kritikauz, eta ez personaren beharretan.

Mariluk 67 urte ditu eta Down sindromea dauka. Zentro horretan “behin betiko” plazea dauka 2002tik. Bozeroaleak azaldu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 2026ko urtarrilaren 20an jakinarazo eban plazea bertan behera geratzen zala, arautegian aurreikusten diran desagertzeko arrazoietako bat bera be, bere egoerea nabarmen hobetu edo okertu izana adibidez, alegau barik, eta ondorioz plazea itzultzeko eskatu dau. Arrizabalagak azpimarratu dauenez, indarrean dagoan legediak, Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legea edo 113/2016 Foru Dekretua barne, baliabideak esleitzeko funtsezko erispidea egokitasuna eta norbanakoen beharretara egokitzea izan behar dala ezarten dau, ez denporea igarotea.

Agerraldian, lekualdaketak erabiltzailearengan daukan eragin emozional larriaz ohartarazo dau. “Nafarroa” zentroko psikologoaren txosten profesionalek ohartarazoten dabenez, “ansiedadea, desorientazinoa eta narriadura emozinonala” egon daitekez 22 urtez eregitako bizi-ingurunea apurtzen danean. Modu berean, bozeroaleak Administrazinoaren gardentasun faltea kritikau dau, eta adierazo dau administrazinoaren isiltasuna egon zala erabiltzaileak erreferentziako zentroan jarraitu ahal izateko hutsik egozan plazei buruzko informazinoa eskatzearen aurrean.

Bukatzeko, Borja Arrizabalaga Barrenak, zahartzaroan adimen-desgaitasuna daukien personei arretea emoteko ereduari buruz “hausnartzeko” eskatu deutse erakundeei. Defendidu dauenez, sistemea personetara egokitu behar da, eta ez alderantziz, giza eskubideetarako sarbidea eta laguntzen jarraitutasuna ez dirala adinari edo plazen kudeaketeari jagokozan administrazino erespideakaitik mugatuta egongo bermatuz. “Benetan uste dot gizarte aurreratu batek modu berezian zuhurra izan behar dauela adina eskubide finkatuei eragiten deutseen erabagiak hartzeko orduan faktore erabagigarria bihurtzen hasten danean. Izan be, orduan, persona indibidualizatzetik espedientera pasetako arriskua daukagu”, esan dau.

 

KRITIKA SINDIKALAK FORU DEKRETU BIRI

Saio berean, LAB sindikatuko ordezkariek 28/2026 eta 29/2026 Foru Dekretu barrien aplikazinoak aniztasun funtzionalaren sektorean dituan ondorioak azaltzeko parte hartu dabe. Loinaz Larredondo Muñozek egokitasun ziurtagirien ezabaketearen inguruan ohartarazo dau, neurri horrek, bere eretxiz, oso beharrizan profil heterogeneoei espazio berberetan erantzutera behartuko ditualako zerbitzuak. Egoera horrek zaildu egingo dau arreta espezializauari eta personalizauari eustea, eta horrek erabiltzaileen bizi-kalidadea kaltetzea eta profesionalen lan-baldintzak okertzea eragingo dau, lan-kargea eta karga emozionala handitzearen ondorioz.

Horrez gan, LABeko bozeroaleak kritikau egin dau 18 eta 64 urte bitartekoen adin-tarterako laguntza espezializauen mugea, muga hori gainditu ostean adinekoen egoitzetara derrigorrez joan behar izatea “apurketea” dala esanez. Sindikatuko ordezkariak azpimarratu dauenez, neurri horrek ez dau kontuan hartzen dibersidade funtzionala daben personen beharrak etenbakoak dirala bizitza osoan, eta hamarkadetan euren etxea izan dana ixtera behartzeak errutinak, erreferentziazko profesionalak eta lotura afektibo sakonagoak galtzea dakarrela.

Borja Llonin Fernándezek, bere aldetik, hainbat zerbitzu publiko bateragarri egiteko ezintasuna salatu dau, laguntzadun etxebizitza bat eta eguneko zentro bat, adibidez, izan be, horrek, praktikan, parte-hartze komunitarioa murrizten dau eta erabiltzaileen isolamendua bultzatzen dau. Bozeroaleak ohartarazo dauenez, baliabide bakarrean 24 orduko arretea emoteko eredu aldaketa horrek finantziazino handiagoa eta egungo kontzertuetan aurreikusten ez dan beharginen kopurua handitzea eskatuko dau. Ganera, dekretu barriak familien, beharginen, sindikatuen eta alkarteen artean aho bateko gaitzespena eragin dauela adierazo dau. Bukatzeko, arduratuta agertu da koordainketa sistema barriaren aurrean.