HERRITAR PLATAFORMA BI BATZAR NAGUSIETARA JOAN DIRA, BARRIRO AP-8 ETA AP-68 AUTOBIDEEN DOBAKOTASUNA ESKATZEKO
- Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordeak autobide bi horreen bidesariak konparazinozko kaltetzat joten dituelako ezabatzea eskatzen daben eta bide-segurtasuna eskubide unibertsaltzat defendiduten daben herritar plataforma bi hartu ditu gaur.
(Bilbon, 2026ko irailaren 17an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, AP-8 eta AP-68 autobideetako bidesari guztiak kentzea modu formalean eskatzen urteak daroezan herri plataformetako ordezkarien agerraldia jaso dabe Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordean. Saioan zehar, bertaratutakoek adierazo dabe kobrantza horreei eustea konparazinozko kaltea dala bide horreetako erabiltzaileentzat, ahalmen handiko errepide horreek daborduko dobakoak diran Estaduko beste eremu batzuen aldean.
AP-8 autobideari jagokonez, AP-8 Peajerik ez plataformatik gogora ekarri dabe Durangaldea lako eskualdeetako herritarrek 53 urte daroiezala Estaduko garestienetakoak diran tarifak ordaintzen. Juan Carlos Poderoso Martínez bozeroaleak salatu dau eskuragarri dagoan dobako aukerea bikoiztu barik dagoan eta egunean 20.000 ibilgailutik gorako trafikoa jasoten dauen N-634 errepidea dala, eta horrek arrisku larrian jarten dauela bertatik dabizenen segurtasuna. “Mobikortasun segurua, eraginkorra eta ekologikoa eukiteko eskubidea eskatzen dogu”, esan dau.
Plataformak baztertu egin ditu Europako araudiari edo “kutsatzen dauenak ordaindu” printzipioari lotuta dagozan erakundeen argumentuak, eta azpimarratu dau herritarrek daborduko milioika euro ordaintzen dituela urtero Hidrokarburoen ganeko Bizkaiko Zergaren bitartez. Poderosok Aldundiaren eztabaida faltea (plataformak bidesariaren kontrako 24.872 sinadura aurkeztu ditu), “kutxa betetako” preminea eta Durangaldeko biztanleek bidesaririk bako autobideak daukiezan Bizkaiko beste eskualde batzuetakoen aurrean jasaten daben diskriminazinoa be kritikau dau. 17 kilometrogaitik 2,80 euro ordaintzea “eskandalua” dala esan dau, eta Estaduko tarte “garestienetako bat” dala ekarri dau gogora.
Bere aldetik, AP-68 autobideari jagokonez, bertaratutako Kepa Alañak zalantzan jarri dau datorren zemendian errepidearen titulartasuna foru erakundeei transferidu ostean “bidesari bigunak” apliketako asmoa. “AP-68 doan” plataformako bozeroaleak neurri hori Aragoi, Errioxa eta Nafarroako tarteetan eta Estaduko beste autobide batzuetan emakidak amaitu ostean ezarritako dobakotasun eta liberazino politikakaz alderatu dau. Euskadiko tarteari jagokonez, kritikau egin dau Arabak % 70eko beherapena onartu izana, eta Bizkaiak, barriz, % 20koa.
Bere esku-hartzean, bertaratutakoak zerbitzu publikoak finantzetako bidesariari eusteko beharra desmuntau dau, Hidrokarburoen Zergari jagokon diru-bilketea 300 milioi eurokoa dala adierazo dau, eta horri, bidesariak kobreteagaitik 80 milioi gehitu behar jakozala, Bizkaiko errepide sarearen mantentze-lanen kostua 120 milioi eurokoa dan bitartean. Azkenik, ordezkaritza politikoari deia egin deutso, EAJ-PNV, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin alderdiak aitatuz, bidesariei eusteko adostasuna lortu dabelako, eta kostu ekonomiko gehigarririk bako mobikortasun segururako eskubidea bermatzeko eskatu dau, Euskadi “Estaduan uharte bat” bihurtu dalako.
Beste alde batetik, Raúl Fuente Castaño herritar bizkaitarrak, batzorde berean, AP-68an Bilbo eta Gasteiz artean dagoan bidesaria kentzea eskatu dau, egunero lanera edo ikastera joateak herritarrentzako kostu ekonomiko erantsia ez leukela ekarri behar esanez. Fuente Castañok Errioxan, Nafarroan eta Aragoin aurreikusitako liberazinoaren aurrean Bizkaia eta Araba artean zirkuletan daben erabiltzaileek lurralde mailan jasaten daben diskriminazinoa salatu dau. Horrez gain, gaur egungo diru-laguntzen ereduak, derrigorrezko joan-etorriak finantzetako herritarren poltsikotik hilean 300 euro aurreratu beharra dakarrela kritikau dau.