BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BERROGEITA HAMAR EKINTZA BAINO GEHIAGO INDARREAN JARTEA AURREIKUSTEN DAUEN II. BARDINTASUN PLANA ONARTU DABE

  • Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak argi berdea emon deutso, aho batez, datozan lau urteetan bardintasunaren arloan Legebiltzarraren eta bertako ordezkarien eta beharginen jarduketa-ildoa gidau behar dauen dokumentuari.

(Bilbon, 2022ko urtarrilaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiak aho batez onartu dau gaur Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana, 2022-2025 aldiari jagokona, gero eta bardintasunezkoagoa izango dan erakundea lortzeko ekintza barriak bultzatu gura dituan dokumentua. Proiektu horrek herri-administrazinoek euren personen, kasu honetan, lantaldeko eta Batzar Nagusietako taldeetako kideen, bardintasuna bultzatzeko politika espezifikoak sartzeko arauzko errekerimenduari erantzuten deutso, holan, ganerako erakunde politiko, sozial eta ekonomikoentzako bardintasunezko politiken erreferente bihurtzeko.

Plan barria igazko bigarren seihilekoan egin eban Bizkaiko Batzar Nagusietako bost alderdi politikoetako kideek eta beharginek osatzen daben Parlamentuko Bardintasun Taldeak. Plana Parlamentua osatzen daben taldeei aurkeztu jake aurretik. II. Bardintasun Plana 2021eko bagilean hasi zan egiten, eta, aurreko barruko eztabaidaren ostean, berrogeta hamar hobekuntza-ekintza baino gehiago sartu dira bertan, hiru jarduketa-eremutan (Gobernantzea, Komunikazinoa eta Gizarte Eragina) eta zortzi ildo estrategikotan moltsokatuta. Foru Parlamentua osatzen daben personek euren gain hartzea gura dau Foru erakundeak. Holan, bada, lehenengo helburua 2017-2020 laurtekoan gauzatu zan aurreko planaren parte-hartzea handitzea da. Plan horretan, 40 ekintzaren bidez, erakundeko beharginen eta Batzar Nagusietako kideen % 70ek parte hartzea lortu zan.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plana urtarril honetan jarriko da martxan, eta Bardintasun Taldea arduratuko da plan hori beteten dala zaintzeaz. Proiektuak Equipare gizarte-ekimeneko kooperatibaren, arlo horretan espezializautako aholkularitzaren, laguntza teknikoa izan dau eta benetako erronkea izan da bertan parte hartu dabenentzat; izan be, Bizkaiko Batzar Nagusiak, bere garaian, Espainiako Estaduko bigarren parlamentua izan ziran, Nafarroakoaren atzetik, Bardintasun Plan bat eukiten, eta aitzindaria izan zan Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentuen artean.

2025eko abendura arte luzatuko dan Emakumeen eta Gizonen Bardintasunerako II. Plan hoeeek, I. Planagaz hartutako konpromisoaren ondorioz bardintasunaren arloan erakundean daborduko egiten ari diran jardunbide egokiakaz jarraitzeko estrategiak ditu, bai eta lehen planaren ebaluazinoan identifikau barik dagozan erronkak eta Batzar Nagusietako taldeek finkautakoak lortzeko estrategiak be. Holan, garrantzitsutzat joten da Parlamentuko talde politiko guztiek modu aktiboan parte hartzea plan barri honetarako ekintzen identifikazinoan, eta aukeratzat joten da ordezkari politikoek gauzatutako lan politikoan bardintasunaren ikuspegia txertatzea areagotzeko, egon daitekezan genero-arrakalen aurrean jarduteko.

Ana Otadui Biteri Batzar Nagusietako lehendakariaren eretxiz, bardintasunean oinarritutako emakumeen eta gizonen arteko tratua “lehentasuna da erakundearentzat, lan-harremanen eta harreman politikoen eta giza baliabideen kudeaketaren funtsezko printzipiotzat hartzen dogulako”. Batzar Nagusietako taldeen eta plantillaren konpromisoa “aho batekoa da arlo horretan; izan be, Bardintasun Plan hau laneko giroa hobetzeko, behargin guztien gaitasunak eta ahalmenak optimizetako eta ordezkari politikoen akordioak eta erabagiak asmatzeko tresna eraginkorra izatea lortu gura badogu, derrigorrez bete beharko da”. Horregaz, Bizkaiko Parlamentuko lehendakariak bigarren plan horrek “bizi-kalidadea hobetzea, gaitasun indibidualak eta kolektiboak handitzea eta genero-arrakalak ezabatzea, eta beste erakunde batzuentzat, publiko zein pribaduentzat, eredu bihurtzea” lortuko dauela uste dau.

Bardintasun Plan hau sortzearen ondorioz, Bizkaiko Batzar Nagusiek pauso garrantzitsuak emon ditue gizartean emakumeen eta gizonen bardintasuna sustatzeko. Halan, martiaren 8agaz bat eginez, Emakume Hautetsien Asanbladaren hainbat edizino antolatu dira. 2017tik gure emakume ordezkari politikoak batzen dituan urteroko hitzordu horregaz batera, Bizkaiko Parlamentuan hainbat erakusketa, topaketa, berbaldi edo jardunaldi antolatu dira, emakumeen eta gizonen arteko aukera bardintasunaren kulturea zabaltzeko, eta erakundeko kideen eta beharginen kontziliazinoa bultzatzeko. Plan barri honek feminismoaren lorpenak eta emakumeek Bizkaiko gizarteari egiten deutsen ekarpena bultzatzeko, ikusarazoteko eta autortzeko estrategiak ditu.