BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO BARDINTASUNERAKO TALDEA AURRETIKO LANAK GARATZEN HASI DA INSTITUZINOKO III. BARDINTASUN PLANA EGITEKO

  • Bardintasunezkoagoa dan instituzinoa lortzeko asmotan urteetan eta urteetan lanean dabilen taldeak gaur bertan Bilbon egin dauan batzarrean, amaitzear dagoan Bizkaiko Parlamentuko II. Bardintasun Planean zehaztutako ekintzen balantzea be egin da bide batez.

 

(Bilbon, 2025eko zemendiaren 17an). Gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietako Bardintasunerako Taldea instituzinoko egoitza administratiboan batzartu da, III. Bardintasun Plana egiten hasteko. Plan hori, hain zuzen be, tresna estrategikoa da, 2026-2029ko aldirako erakunde osoan andren eta gizonen benetako integrazino eraginkorra bultzatzen segiduteko.

Batzarrean bertan, II. Bardintasun Plana ebaluetako eta plan barria diseinetako proposamen teknikoa aurkeztu da. Prozesu horrek ikuspegi bikotxa dauka abiapuntu: II. Planaren betearazpen-mailea eta eragina ebaluetea eta gaur egun Batzar Nagusietan bardintasunaren arloan dagoan egoerearen diagnostiko eguneratua egitea.

Jorratutako alderdien artean, Bardintasunerako Taldeak II. Planaren lorpen eta aurrerakuntza nagusiak aztertu dauz; berbarako, erakundean bertan generoaren ikuspegia kontuan hartzea, lana eta familia bateragarri egiteko prozesua sustatzea, ordezkaritza orekatua izatea, komunikazino inklusiboa bultzatzea eta instituzinoa sensibilizetea. Era berean, oraindokarren gainditu barik dagozan zailtasunak eta erronkak zehaztu dira, eragile guztien inplikazinoari eta indarkeria matxista bako eremuen sendotasunari jagokenez, batez be.

Honako honeetxek parte hartzen dabe plana egiteko, betearazoteko eta ebaluetako prozesuan: beharginak, talde batzarkideak, mahaikideak, Bardintasunerako Taldea bera eta kanpoko eragileak. Horretarako, azterketarako tresna mistoak darabilez (galdera-sortak, agirien berrikuspena eta partaidetzarako batzarrak), eretxiak batzeko, jarduera egokiak baloretako eta hobekuntza-arloak zehazteko.

III. Bardintasun Planean, lehentasunezko estrategiak eta ekintzak zehaztuko dira, eta, halanda ze, bardintasunezkoagoa, dibersoagoa eta inklusiboagoa dan erakunderantz aurrera egiten segiduko dogu, Bizkaiko Batzar Nagusiek aukera-bardintasunagaz eta edozelako bereizkeriaren desagerpenagaz daukien konpromiso instituzionalaren erakusgarri.

2022-2025erako II. Bardintasun Planaren betearazpena amaitzear dago. Ibilbide-orri horretan, hau azaltzen da, hain zuzen be: 65 hobekuntza-ekintza, hiru jarduketa-arlotan (Gobernu Ona, Komunikazinoa eta Eragin Soziala) sailkatutako 22 helburu eta zortzi lerro estrategiko. Lerro horreetan, funtsezko alderdiak jorratzen dira; berbarako, genero-ikuspegiaren integrazinoa, beharginen bardintasunezko kudeaketea, andren jaubekuntzea, indarkeria matxistearen aurkako burrukea eta zainketen autortzea.