HASI DA "BATZARRETIK BATZARRERA", BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN EGOITZAK EZAGUTZEN EMOTEKO BISITA-PROGRAMEA

  • Lehenengo bisitari-taldeak ibilbide gidaua egin dau gaur Bilboko eta Abellanedako parlamentu-egoitzetatik.
  • “Batzarretik Batzarrera” ekimenak ate edegien beste jardunaldi bigaz jarraituko dau domeketan: bagilaren 12an (Gernikako Batzar Etxea) eta bagilaren 19an (Gerediagako Batzar Etxea).

(Bilbon eta Abellanedan, 2022ko maiatzaren 29an). Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur hasi dabe BATZARRETIK BATZARRERA bisita-programaren bigarren edizinoa. Bisitau dan lehenengo egoitzea Abellanedako Batzar Etxea izan da, Bilboko administrazino-egoitzatik abiauta. Ekimen kultural horren bidez, Bizkaiko Batzar Nagusiek parlamentarismoaren iragana eta oraina lurraldean hedatzea dabe helburu, bere lau egoitzetara gidautako ibilbidea eginez: Bilbora, Gernikara, Abellanedara eta Gerediagara.

Ibilbidea Batzar Nagusien Bilboko administrazino-egoitzan hasi da (Hurtado de Amezaga, 6). Foru parlamentuaren ohiko jarduerea egiten dan eraikineko gela nagusiak ezagutu ostean, lehenengo bisitari-taldea autobusez joan da Sopuertara, Enkarterriko egoitza zaharraren, Abellanedako Batzar Etxearen, historian barneratzeko.

Bizkaiko botere legegilearen erdigunera egindako bisitak, foru erakundea Bizkaiko herritarrei edegiteko proiektu globalagoaren parte dira. Proiektuaren helburua Europako erakunde parlamentario zaharrenetakoa danari balioa emotea da. Gaur egun, oraindino be, politikaren, gizartearen, ekonomiaren eta kulturaren ikuspegietatik aktibo garrantzitsua da Bizkaiko gizartearentzat; izan be, tenplu horreetan herritarren egunerokoan eragina daukien erabagi garrantzitsuak hartzen dira gaur egun be. Lurraldean zehar dabilen eta Ermuan dagoan erakusketa ibiltariak idea hori azpimarratzen dau.

Abellanedan, monumentu moltso hori osatzen daben eraikin historikoak (Batzar Etxea, Korrejidorearen Etxea, Batzarkideen ostatua eta Aingeru Zaindariaren ermitea) ezagutu ahal izan ditu bisitariak. Ezinbestekoak dira Enkarterriko historia ezagutzeko. Enkarterriko parlamentuaren jatorria abiapuntu hartuta, ibilbidea, lehenengo Batzar Nagusiak egin ziranetik, 1394an, Enkarterrietako foru zaharrak jaso eban lez, Aro Modernoraino helduko da.