ADIERAZPENA: GIZA ESKUBIDEAK

Orain 73 urte, Parisen, NBEko estatu kideek adierazo eben "gizaki guztiak aske jaiotzen dirala, bardinak izanik duintasunari eta eskubideei begira". Geroago, 1966an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak nazinoarteko giza eskubideen garapena betiko oinarrituko eben nazinoarteko tratatu bi onartu zituan: Eskubide Ekonomikoen, Sozialen eta Kulturalen Nazinoarteko Ituna (PIDESC) eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna (PIDCP). Itun bi horreek, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalagaz batera, Giza Eskubideen Nazionarteko Gutuna eratu eben, gizaki guztiek jaiotzean dituen eskubideen multzoa osatuz.

Giza Eskubideen Nazinoarteko Gutunak jasoten dauen moduan, giza eskubideak besterenduezinak, alkarri lotuak, alkarren mendekoak, zatiezinak eta pertsona guztiei atxikiak dira, ezelako bereizketarik egin barik. Giza Eskubideetako bakotxak aurrera eginez errezagoa da ganerakoek aurrera egitea, eta eskubide horreetariko bat kentzeak kalte egiten deutso ganerakoak egikaritzeko aukereari.

2021. urte honetarako, Giza Eskubideen Eguneko kanpainearen goiburua "bardintasuna" da, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 1. artikuluari erreferentzia eginez: "Gizaki guztiak aske jaioten dira, bardinak izanik duintasunari eta eskubideei begira". Bardintasunaren ideia hori bat dator Agenda 2030agaz eta Nazio Batuen Erakundeak inor atzean ez ixteko dauen ikuspegiagaz.

Bardintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak Nazioarteko Zuzenbidearen aginduzko arauak dira, eta Bizkaiko Batzar Nagusiak behartzen ditue Bizkaian bizi diran pertsona guztien giza eskubideak bermatuko dituen zerbitzu eta politikak euren egituren erdigunean ipintera, ezelako bereizkeriarik egin barik errazoi honeetariko bategaitik: arrazea, azalaren kolorea, sexua, hizkuntza, erlijinoa, politikako edo bestelako eretxiak, jatorri etnikoa, nazionala, posizio edo egoera soziala, nazionalitatea, estatutu zibila, familia-egoerea, filiazinoa, adina, desgaitasuna, osasuna, bizilekua, administrazio-estatusa, sexu- edo genero-orientazino edo -identitatea, talde bateko kide izatea...

Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazo gura dabe 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak herri guztientzat dakarren idealean aurrerapen barriak lortzeko konpromisoa dabela, eta euren konpromisoa berretsi gura dabe honako jarduketa honeen bidez:

1.- Bizkaiko Batzar Nagusiek GIZA ESKUBIDEETAN OINARRITUTAKO EKONOMIAren garapena sustatzeko konpromisoa hartzen dabe, TXIROTASUN-ZIKLOAK HAUSTEKO.

Kontratu sozial barria behar dogu, boterea, baliabideak eta aukerak modu bidezkoagoan partekatuko dituana eta giza eskubideetan oinarritutako ekonomia jasangarriaren oinarriak ezarriko dituana.

Horretarako, erabakitasunez jardungo da gizonen eta emakumeen arteko bardintasuna esparru guztietan gauzatzeko, bai eta herritarren sektore jakin batzuek eta, bereziki, diskriminazino handiena jasaten daben kolektiboek euren eskubideak baliatzeko dituen oztopoak identifikatzeko be.

Hirugarren paragrafo bat eransteko proposamena: (Nazino Batuen "Muturreko pobreziari eta giza eskubideei buruzko printzipio gidariak").

Era berean, politika publikoek eta pobrezia desagerrarazteko ahaleginek gizarteko kide pobreenengana heltzen dirala bermatzeko lan egingo da, eta bermatzeko, orobat, euren eskubideak errespetatzen eta defendatzen dituela eta pobrezian bizi diran pertsonek giza eskubideez gozatzeko dituen oztopo sozial, kultural, ekonomiko eta estruktural esanguratsuak kontuan hartzen dituela.

2. Batzar Nagusiek BIDEZKOAGO BERRERAIKITZEKO konpromisoa hartzen dabe: KONTRATU SOZIAL BARRI BAT

Giza eskubideak, eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, bai eta garapenerako eskubidea eta ingurumen seguru, garbi, osasuntsu eta iraunkorra izateko eskubidea be, funtsezkoak dira eskubideetan oinarritutako ekonomia barri bat eraikitzeko, giza eskubideak barne, egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat gizarte hobeak, bidezkoak eta jasangarriak babestuko dituana. Giza eskubideetan oinarritutako ekonomiak kontratu sozial barri baten oinarria izan behar dau.

Ildo horretan, Batzar Nagusiek zeharkako politikak egiteko konpromisoa hartzen dabe, zeinetan izango diran eskubide zibil eta politikoak, indarkeriarik eta diskriminazinorik izango ez dan bizitza baterako eskubidea, kultura- eta ingurumen-eskubideak (DESCA), eta garapena, bakea eta elkartasuna izateko eskubidea Bizkaiko agenda politikoan egongon diran.

3. Batzar Nagusiek konpromisoa hartzen dabe GAZTEENTZAKO AUKERA-BARDINTASUNA bermatzeko.

Finantza- eta osasun-krisiek ondorio iraunkorrak eta dimentsino askokoak izan ditue milioika gazterengan. Euren eskubideak babesten ez badira, baita enplegu duinaren eta gizarte-babesaren bidez be, "COVID belaunaldiak" gero eta arrisku handiagoa dauka desbardintasunaren eta pobreziaren ondorio kaltegarriek harrapatu daiezan.

Eta, alde horretatik, herritar aktiboak, parte-hartzaileak, euren eskubideak ezagutzen dituenak eraikitzen laguntzeko lan egingo dogu, bai eta gardentasun-politiketan eta Administrazio Publikoak herritarren aurrean egiten dauen jarduera guztiaren kontu emoteko politiketan lanean jarraitzeko be; horretarako, aktiboki parte hartuko dugu lurraldeko politika-, gizarte-, ekonomia- eta kultura-arloetako gozamen demokratikoan.

Gazteen garapenerako politika publikoak indartzeko, Gazteentzako Munduko Ekintza Programeagaz eta Garapen Jasangarrirako 2030 Agendagaz bat etorriz.

4. Bizkaiko Batzar Nagusiek konpromisoa hartzen dabe TXERTOEN ARLOKO DESBARDINTASUNARI ETA BIDEGABEKERIARI BUELTEA EMOTEKO.

Txertoei jagokenez banaketa eta metatze bidegabearen bidez egin da bidegabekeriak urratu egiten ditu nazinoarteko lege-arauak, giza eskubideei buruzko arauak eta mundu mailako elkartasun-espiritua. Programa komun baten eta gobernuen eta herrien arteko kontratu sozial barri baten aldeko deia une honetako preminea da, konfiantza berrezarteko eta guztiontzako bizitza duina bermatzeko.

Ildo horretan, Nazio Batuek eta Osasunaren Mundu Erakundeak egindako txertaketa-estrategia orokorra babesteko konpromisoa hartzen dabe Batzar Nagusiek.

5. Bizkaiko Batzar Nagusiek konpromisoa hartzen dabe INGURUMEN OSASUNTSURAKO ETA JUSTIZIA KLIMATIKORAKO ESKUBIDEA SUSTATZEKO.

Ingurumen-degradazinoak, horren barruan klima-aldaketea, kutsadurea eta naturaren galerea barruan dirala, neurriz kanpo eragiten deutse egoera ahulean dagozan pertsonei, taldeei eta herriei. Inpaktu horreek areagotu egiten ditue dagozan desbardintasunak, eta modu negatiboan eragiten deutsee oraingo eta etorkizuneko belaunaldien giza eskubideei.

Giza Eskubideen Kontseiluak ingurumen garbia, osasungarria eta jasangarria izateko giza eskubideari egiten deutsan autormenaren jarraipen gisa, preminazko neurriak hartu behar dira eskubide hori errespetatu, babestu eta eraginkor bihurtzeko. Ekintza horrek giza eskubideetan oinarritutako ekonomia barri baten oinarria izan behar dau, COVID-19aren susperraldi berdea eta trantsizino bidezkoa eragingo dituana.

6. Bizkaiko Batzar Nagusiek konpromisoa hartzen dabe GATAZKAK PREBENITZEKO ETA BARDINTASUNAREN, GIZARTERATZEAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN ARLOAN ERRESILIENTZIA SORTZEKO.

Giza Eskubideek gatazken eta krisien kausa sakonei aurre egiteko ahalmena dabe, kexei helduz, desbardintasunak eta bazterkeria ezabatuz eta pertsonei euren bizitzei eragiten deutseen erabagietan parte hartzeko aukera emonez. Guztiontzako giza eskubideak babesten eta sustatzen dituen gizarteak erresilienteagoak dira, giza eskubideen bidez ustebako krisiei (pandemiei eta krisi klimatikoaren inpaktuei, esaterako) aurre egiteko hobeto hornituta dagoz. Bardintasuna eta diskriminazinorik eza funtsezkoak dira prebentzinorako: guztiontzako Giza Eskubide guztiek bermatzen dabe giza eskubideen onura prebentiboetara irispidea izatea, baina, pertsona edo talde jakin batzuk baztertzen diranean edo diskriminazinoa jasaten dabenean, desparekotasunak gatazkearen eta krisiaren zikloa bultzatuko dau.

Alde horretatik, Bizkaiko Batzar Nagusiek behar diran baldintzak sortzeko konpromisoa hartzen dabe, bardintasuna eta diskriminazinorik eza pertsona guztientzat benetakoak eta eraginkorrak izan daitezan.

Bizkaiko Batzar Nagusiek herritarrei eskatzen deutsegu babesa emon deioela Berdintasunari Giza Eskubideen Egunean, NBEko goi-komisionatuak sare sozialetan egiten dauen kanpainan, #defendatugizaeskubideak, #Bardintasuna eta #GizaEskubideenEguna traolak erabiliz.

Lotutako artxiboak: