"HITZAK LEGE", EUSKERAZ SORTUTAKO TESTU JURIDIKO ESANGURATSUEN ERAKUSKETA IBILTARIA, BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETARA BE HELDUKO DA

  • Eusko Legebiltzarrean estreinauko da bariku honetan, maiatzak 27 dituala, eta Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko administrazino-egoitzan egongo da, Nafarroako parlamentutik eta Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietatik igaro ostean.
  • Irudi eta grafikoen bidez, garrantzi historikoa izan daben euskerazko testuak erakutsiko dira, urteetan esparru juridikoan egin dan ekarria gizarteratzeko eta erakusteko asmoz.
  • Erakusketa ibiltaria Euskaltzaindiak antolatu dau, Eusko Legebiltzarragaz, Nafarroako parlamentuagaz eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiakaz alkarlanean.

(Bilbon, 2022ko maiatzaren 23an). Eusko ikaskuntzaren euskerazko testuen “Hitzak Lege” erakusketa ibiltaria aurkeztu dau gaur Euskaltzaindiak, Bilboko bere egoitzan. Oraingoan, Euskaltzaindiak Eusko Legebiltzarragaz, Nafarroako Parlamentuagaz eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiakaz alkarlanean antolatu dau proiektua. Hitzorduaren garrantzia aurkezpen ekitaldian izan diran personengan islatu da, Euskaltzaindiko eta bost ganbera legegileetako arduradun nagusiak bertan izan diralako: Andres Urrutia, Bakartxo Tejeria, Unai Hualde, Ana Otadui, Pedro Elosegi eta Xabier Ezeizabarrena.

Bizkaiko Batzar Nagusien ekarpena esanguratsua izan da, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak erakusketaren aurkezpenean adierazo dauen moduan. “Bizkaiak garrantzi handiko antxinako testuak ekarri ditu erakusketa honetara, esparru juridiko zein sozialekoak. Testuok gure herriaren historiaren parte dira. Horregaitik uste dot ahalegina egin behar dogula erakusketa hau Euskal Herriko txoko guztietara eroateko. Hain zuzen be gure erakunde eta lurraldeen historiaren barri emoten dauelako. Azken batean, euskaldunon eta gure hizkuntzaren historia dalako”, nabarmendu dau.

Bizkaiko parlamentuak lagatako idazkien artean dago Bizkaiko Foru Zaharra, 1452tik aurrera “lege konstituzionala eta kode zibil, penal eta prozesala” izatera iritsi zana, Otaduik gogorarazo dauenez. Bizkaiko Batzar Nagusietatik urtengo dauen beste altxorretako bat Vicenta Antonia Moguelen idazki bat da. Luis de Borbón Toledoko kardinal eta artzapezpikuaren gutun pastorala, Fernando zazpigarrenari jente aurrean babesa emoteko idatzitakoa, lehenengo euskal emakume itzultzailea izan zan, eta1820an euskeratu eban. Idazki horrek “agerian ipinten dau emakumeek, beti bigarren planoan egozan garai batean, benetan eukien garrantzia”, esan dau Otaduik.

Erakusketeak dokumentuen informazinoa daben 25 panel fisiko ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Ganera, hiru panel elkarreragile, hiru panel argiztatu eta bitrina bi (dokumentu orijinalak erakusteko) egongo dira. Edozelan be, “Hitzak Lege” erakusketa-egoitza bakotxeko espazioetara eta irakurtzeko zailtasunak dituen personetara moldatuko da, testu esanguratsuen pasarteak entzun ahal izango diralako.

Erakusketa ibiltari horrek Gasteiz bisitauko dau lehenik, eguen honetan bertan estreinauko dalako Eusko Legebiltzarrean (Becerro de Bengoa kalea). Eraikinaren bigarren solairuan izango da ikusgai, gaurtik hasi eta urriaren 30era arte. Bizkaiko Batzar Nagusien administrazino-egoitzara helduko da, Nafarroako parlamentutik eta Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietatik igaro ostean.

Erakutsiko diran testu bitxi batzuk:

  • 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan.
  • Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute.
  • 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak).
  • 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.
  • 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.
  • 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.
  • 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.
  • 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.
  • 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.
  • 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948.
  • Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.