GERNIKAKO ARBOLEAREN OINORDEKO BATEK “DESBANDÁ/HUÍA” IZENEKO BASAKERIA GOGORARAZOKO DAU GRANADAKO CALAHONDA UDALERRIAN

  • Bizkaiko Batzar Nagusiak alkarte memoristakaz lankidetzan ari dira arbola sagraduaren oinordekoa landatzeko, orain 88 urte Gerra Zibilean izandako gertakari odoltsua gogora ekarteko.

 

(Bilbon, 2025eko zezeilaren 3an). Granadako Calahonda udalerria Gernikako Arbolearen oinordeko baten landaketearen lekuko izan zan atzo, “Desbandá/Huía” izenaz ezagutzen dan gertakarian hil ziran biktimak gogora ekarteko. Tropa faxistek biztanle zibilei eraso eutseen “Heriotzearen Errepidea” (N-340) izenekoan, Malagatik milaka persona izugarrikeriatik iges egiten ari ziranean 1937ko otsailaren 7tik 10era bitartean.

Hainbat alkarte memoralistak, Bizkaiko Batzar Nagusien eta Calahondako Udalaren laguntzeagaz, ale gazte bat landatu dabe, gertakari tragiko horren 88. urteurrenagaz bat etorrita, “Arboles contra el olvido” izena emon jakon memoria-ekitaldiaren barruan. Metro eta erdiko haretx gaztea indarrez haziko da Calahondako Azahar kaleko parkean, Motrilgo udal-mugartean (Granada), eta Gernika bonbardeau baino pare bat hilebete lehenago Andaluziako herritar zibilen kontra izandako sarraskia ez ahazteko balioko dau. Haretxagaz batera almendrondo bat loratuko da urtero, biktimak gogora ekarteko.

Landaketearen ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi zan, Euskadiko talde memorialistako kide batek interpretautako ohorezko aurreskuagaz. Ostean, Los Joyeros Gaditanos chirigota taldearen musika emonaldia izan zan. Alea egun batzuk lehenago heldu zan Gernikako Arbolearen ondorengoak jagoteaz arduratzen zan foru haztegitik. “Asociacion 14 de abril para la recuperacion de la memoria histórica de la costa de Granada” alkarteak eskatuta, eta Estadu osoan ezarrita dagoan boluntarioen “Somos la Huía” talde memoristaren laguntzeagaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek ale horreetako bat bialdu eben biktimen memoria ohoratzeko; oinordeko hori jagokon Benetakotasun Ziurtagiriagaz heldu zan, landatutako alea Batzarretxeko egungo haretxaren ondorengoa dala egiaztetan dauen agiriagaz, hain zuzen be.

Arbolearen alboan, herriko 14 de Abril alkarteak inskripzino hau dauen plaka bat jarri dau:  “Arboles contra el olvido. Retoño del Árbol de Gernika, símbolo de la resistencia frente a la barbarie fascista. Este roble es un reconocimiento de Euskal Herria al dolor del pueblo andaluz que sufrió también la masacre contra la población civil que huía por la carretera N-340 de Málaga a Almería. / Un almendro lo acompañará siempre, para dar testimonio con sus flores del recuerdo por cada una de las víctimas”.

Gernikako Arbolearen sinbolismoari esker, “Heriotzaren Errepidetik” gertu dagoan herri horretako parkeak, Gerra Zibileko gertaera gordin eta ezezagunenetakoa dan “Desbandá/Huía” ekarriko dau gogora etorkizunean. 1937ko zezeilean jazo zan, milaka andaluziar, gehienak umeak, emakumeak eta adinekoak, Malagatik Almeriarako bidean kostaldeko errepidetik iges egiten ari ziranean, etsi-etsian. Bidean, Gonzalo Queipo de Llano teniente jeneralak antolatutako eta planifikautako erasoa jasan eben. Eraso horrek Italiako eta Alemaniako faxisten babesa izan eban, Bizkaiko hainbat herritan jazo zan lez.

Hiru egunez, milaka zibilez osotutako zutabea (azken ikerketen datuek 300.000ra igon dabe “la Huía” izenekoan parte hartu eban persona kopurua) lurrez, itsasoz eta aidez tiroz josi eben, Alemaniako Condor Legioak, Italiako hegazkinek eta ontzi nazionalek alkarregaz egindako ekintzan. Gaur egun ez dakigu zenbat persona hil ebezan. Paul Preston historialariak 3.000 eta 5.000 hildako artean zenbatu ebazan.