GERNIKAKO ARBOLEAREN OINORDEKO BAT LANDATU DABE DONIBANE LOHIZUNEN
- Lapurdiko udalerri horretako Verdun etorbidean egin da landaketea, eta ekitaldian egon dira Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari Ana Otadui Biteri, Donibane Lohizuneko alkate Jean-François Irigoyen eta kostaldeko udalerriko ordezkari politikoak.
(Donibane Lohizune, 2024ko martiaren 16a). Ipar Euskal Herrian Gernikako Arbolearen beste oinordeko bat eukiko dabe gaurtik aurrera. Euskadiko eskubide historikoen, askatasunen, bakearen eta demokraziaren euskal sinbolorik unibertsalenaren ondorengo bat landatu dabe, gaur goizean, Donibane Lohizuneko Verdun etorbidean, Eusko Jaurlaritzako lehen Lehendakaria izandako Jose Antonio Agirre Lekuberen omenez. Hain zuzen be, Lapurdiko herri horretan lurperatu eben Agirre, eta ha hil zala 64 urte beteko dira datorren martiaren 20an.
Arbolea landatzeko ekitaldian parte hartu dabe Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakari Ana Otadui Biterik eta Donibane Lohizuneko alkate Jean-François Irigoyenek; hareekaz batera egon dira Donibane Lohizuneko ordezkari politikoak eta herritarrak. 8 urteko haretxak Donibane Lohizuneko hildakoen monumentu ezagunaren alboan egingo ditu sustraiak.
Bizkaiko parlamentuko Lehendakaria pozik agertu da, gaurtik aurrera Gernikako Arbolearen antxinako leinuak Euskal Herriko leku honetan be botako ditualako sustraiak. Hain zuzen be, Agirre lehendakaria, “euskal askatasunen alde” hainbeste burrukatutako buruzagia, hemen dago lurperatuta. Eta zer hoberik Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatzea baino, “ha da-ta, hain zuzen be, askatasunaren, demokraziaren, eskubide historikoen eta bake nahiaren ikur”, nabarmendu dau Otaduik.
Donibane Lohizuneko Udalaren ekimenez gaur landatu dan haretx gaztea ez da Ipar Euskal Herrian errotutako Gernikako Arbolearen lehenengo oinordekoa, artean be beste batzuk sartu dira-eta. Bizkaiko Batzar Nagusien erregistro eguneratuaren arabera, munduan holango 400 haretx baino gehiago dagoz. Donibane Lohizunekoak oroigarri lez balioko dau, parke horretara doazen guztiek gogoratu daien “askatasunaren, demokraziaren eta bere herriaren eskubide historikoen alde borrokatutako gizon bat dagoala lurperatuta hemendik oso gertu”, azpimarratu dau Batzar Nagusietako Lehendakariak, Gernikako Arbolearen oinordekoaren egiazkotasuna bermatzen dauen ziurtagiria alkateari emon aurretik.
Orain hilebete batzuk, Donibane Lohizuneko alkateak, Jean-François Irigoyenek, gutun baten bidez eskatu eban Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatzeko bertan, uri horrek “iraganagaz daukan loturea handitzeko eta mundura zabaltzeko daukan bokazinoa sinbolizetako”. Ekimenak aukerea emongo dau, ganera, “Bizkaiaren eta Donibane Lohizuneren arteko adiskidetasuna ospatzeko”. Izan be, Donibane Lohizune Getxogaz senidetuta dago –garai baten, Agirre Getxoko alkate izan zan–.
Zugatzaren ondoan plaka bat jarri da, azken urteetan landaketa bakotxean egiten dan legez. Hauxe dino plaka horrek:
Gernikako Haretxaren leinukoa.
Euskal Herriaren askatasunen
eta bake gogoaren ikurra.
1937an, herritar zibilen aurka munduan
berariaz egindako lehen bonbardaketa
jasan eban Gernikak. Pablo Picassok horren
gomutaz egin eban “Guernica” artelana.
Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu munduan frutua. Adoratzen zaitugu, arbola santua.
Jose Maria Iparragirre (1820-1882)