GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BARRIA DABORDUKO HAZTEN ARI DA ARABAKO AMURRIO HERRIAN
- Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Txerra Molinuevo Laña Amurrioko alkatea, Ramiro González Vicente Arabako Ahaldun Nagusia eta Pedro Elósegui González de Gamarra Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria izan dira Gernikako Arbola kalean haretxa landatzeko ekitaldian.
(Amurrion, 2023ko zezeilaren 23an) Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Amurrioko Udalak Gernikako Arbolaren beste oinordeko bat landatu dabe gaur. Arabako herrian indartsu haziko dan ale gaztea zugaitzaren izen bera (Gernikako Arbola Kalea) daukan kalean ipini da, igaz leku horretan bertan bere bizi-zikloa amaitu ebana ordezteko.
Bere garaian, Juan Rubenachek eskatuta landatu zan ale ha. Juan Rubenach alemaniar jatorriko ingeniaria zan, adopzinoz euskalduna eta amurriarra izan arren. Ferrocarril del Norte konpainia zuzendu eban, eta XIX. mendean funtsezko personaia izan zan trena Euskadira iristeko. Alemaniako etxeen estiloko etxea eregitea agindu eban, eta “Villa Modesta” izena jarri eutsan. Gaur egungo Arenalde baserriaren aurrean egoan. Garaiko kronikek dinoenez, 1915ean hil aurretik Gernikako Arbolaren ondorengo bat landatu eban inguruan. Ehun urte geroago –2015ean– beste ale bat, kasu horretan Jesús de Galindezen omenez, landatu eben Arabako udalerrian, baina tamalez horrek be ez eban bizirik iraun.
Gaurko ekitaldiak hutsune sinboliko hori beteteko balio izan dau. Eguerdiko 12:00etan egin da landaketa ekitaldia, eta bertan izan dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Txerra Molinuevo Laña Amurrioko alkatea, Ramiro González Vicente Arabako Ahaldun Nagusia eta Pedro Elósegui González de Gamarra Arabako Batzar Nagusietako lehendakaria, udal taldeetako ordezkariez gain. Agintariek eta bizilagunek bota deutsiez lehenengo lur-palakadak 3,5 metroko altuera daukan 12 urteko haretx txikerrari.
Arabako udalerriak Gernikako Arbolaren oinordeko barria izateko guraria bete ahal izan dau gaur, “sustrai sendoakaz eta gure historian ondo errotutakoakaz” azaleratzen dana, adierazo dau Ana Otaduik. Jose Antonio Agirre lehenengo lehendakariaren berbak gogora ekarriz, Gernikako Arbolak “persona xume zein ahaltsuak batu ebazan bere itzalpean, benetako euskal lurraldean ez dalako inoiz klase sozial bat baino egon: euskaldunena”. Otaduik “mimoz eta maitasunez” jagoteko eskatu deutso Amurriori, ondorengo barri horrek “gure sinbolo unibersalena” irudikatzen dauelako.
Holan, Arabako herriak bat egin dau mundu osoan zehar sakabanatuta dagozan eta zugatz sagraduaren oinordeko bat daukien ehundaka lekugaz. Bere berbaldian, Otaduik, 2015ean Aresketamendin (Amurrio), Jesús de Galíndez beste amurriar ospetsu baten jaiotzaren mendeurrenean landatu zan beste alea aitatu dau. Agirre lehendakariaren gertuko laguntzailea izan zan diktadura frankistan, eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari New Yorken. Gernikako Arbolak lez, “askatasun nahia, bake nahia eta gure eskubideen defentsea irudikatu eban”, gogora ekarri dau Otaduik.
Beste alde batetik, eta “Gernikako arbolaren” doinuak entzun aurretik, Txerra Molinuevo Laña Amurrioko alkateak azpimarratu dauenez “Amurrioko herritarrak ilusinoz gengozan harrotasunez beteten gaituen unea hau itxaroten. Benetan eskertzen dogu, batez be ohorea dalako. Oso lerro garrantzitsua idatzi dogu gure udalerriaren historian”.
Ekitaldia amaitu aurretik, Batzar Nagusietako lehendakariak Benetakotasun Ziurtagiria emon deutso alkateari, landatutako alea Gernikako Batzar Etxeko gaur eguneko haretxaren ondorengoa dala egiaztetan dauen agiria.