MOTORZALE BATEK “BARDINTASUNEZKO” FISKALIDADEA ESKATU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN GURPIL BIKO IBILGAILUENTZAT
- Ricardo Muxikak motoek ibilgailuaren potentziaren arabera autoen zerga-tratamendu bera izan daiela eskatu dau Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean.
- Beste agerraldi batean, Forum Filatelicoko iruzurrak kaltetutako personek Errentaren ganeko Zergan Estaduko ganerako lekuetan apliketan diran ondare galerengaitiko “desgrabazino berberak” eskatu ditue Bizkaiko Batzar Nagusietan.
(Bilbon, 2023ko irailaren 28an). Portugaleteko motorzale bat Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako batzordearen aurrera etorri da gaur, gurpil biko ibilgailuentzako “bardintasunezko” soluzino fiskala eskatzeko. Ricardo Muxikaren berbetan, motozikleta baten jaubeak, potentzia bardineko auto batenak baino zerga gehiago ordaintzen ditu. Muxikak, beraz, Trakzino Mekanikoko Ibilgailuen ganeko Zergeari buruzko Foru Araudiaren barrikuspena planteetako eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei, aspalditik datorren “erabateko desbardintasunari” bukaerea emoteko.
Gaia “oso aspaldikoa” da, Bizkaiko udalek zerga hori jaulkitzeko erabilten daben kargari eusten deutson Foru Araua lez. Araudi horren arabera, udalerriek ibilgailuek ordaindu beharreko zergea hirukoizteko gaitasuna dabe. “Desbardintasuna” zergea kalkuletako erabilitako neurritik etorri leiteke. Motoen kasuan, zilindrada erabilten da, eta lau gurpileko ibilgailuen kasuan, potentzia fiskalak zehazten dau. Horrek esan gura dau, zaldi kopuru bererako, motozikleta batek ia halango bi ordaindu daikela, “motoek lau gurpileko ibilgailu baten erdia kutsatzen dabela, zorua erdia hondatzen dabela eta leku erdia hartzen dabela” probauta dagoan arren.
Muxika kexau egin da, motozikleten jaubeak “oso kaltetuta gagozalako” foru araudia dala eta. Bere ustez, “ez da bardintasunezkoa”, “Konstituzinoak legearen aurrean danok bardinak garala aldarrikatzen dauen arren”. Motorzaleok “luxuzko artikulu bat izango bagendu lez tratetan gaitue” eta bera ez dator bat premisa horregaz. Daukan ibilgailu bakarra da, bere eguneroko joan-etorriak egiteko aukeratu dauena.
Batzar Nagusietako taldeek erronkea jaso dabe. Motorzale bizkaitarraren erreklamazinoa entzun ostean, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak eta Bizkaiko Talde Popularrak “oso zahartuta” geratu dan araudia “barrikustearen” alde agertu dira argi eta garbi. EH Bilduk jakin gura izan dau agertutakoak ekimenik hartu ete dauen Portugaleteko Udalean eta zergea hobeto kalkuletako egon daitekezan aukeren ganean be galdetu dau. Eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek gaia “kontuan hartu” eta arazoa Aldundiari “helarazoteko” konpromisoa hartu dabe.
FORUM FILATÉLICOREN IRUZURRA
Beste alde batetik, Forum Filatelicoko iruzur piramidala jasan daben personek Foru Ogasunak Errenta Zergan aldaketak sartu daizala eskatu dabe Batzar Nagusietan, Estaduko ganerako lurraldeakaz eta Nafarroako Erkidegoagaz ondare galeren konpentsazinoa “bardintzeko”, gaur egungo % 10etik (Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban) % 25era pasauz. Galera horreek 2022ko eta hurrengo lau ekitaldietako errenta-aitorpenaren oinarri orokorrean konpentsauko litzatekez, aurreko ekitaldietan osorik konpentsau ez badira.
Batzordean parte hartu daben eta iruzurra jasan daben María Isabel Perteagudo Soten eta Juan Carlos Poloren eretxiz, hiru euskal ogasunen zerga arautegiak “diskriminazinoa” dakar beste zerga agentzia bien aldean (Nafarroakoa eta lurralde komunekoa). Ia 270.000 inbertitzailek galdu ebezan aurrezkiak, merkadutik kanpo errentagarritasun finkoak agintzen ebazan enpresa batean konfiantza izateagaitik. 16 urte iraun dauen prozesu judizial luzearen ostean –merkataritza prozesua igaz amaitu zan–, kaltedunek inbertitu ebenaren “% 23,5a bakarrik” berreskuratu ahal izan dabe.
Batzar Nagusietako taldeen txandan, EH Bildu eta Bizkaiko Talde Popularra kausa horren alde agertzea, eta “bidebakokeria hori ezabatzeko ahal daben guztia egitea” defendidu dabe. Foru Gobernua eusten daben taldeek kasua “aztertzeko” konpromisoa hartu dabe, gaia konplexua dalako. “Hori aztertzearen alde gagoz, eta, ahal bada, araudian aldaketa bat egitearen alde, kausa hori babesteko”, esan dau Gorka Beitia jeltzaleak.