GERNIKAKO ARBOLAREN OINORDEKO BATEN LANDAKETEA AGIRRE LEHENDAKARIAREN EUSKO JAURLARITZAK IZAN EBAN AZKENENGO EGOITZAN

  • Iñigo Urkullu Lehendakariak, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariagaz batera, Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatzeko ekitaldian hartu dau parte Turtziozko La Puente jauregiaren lorategian. Jose Antonio Agirre Lehendakaria zala, euskal lurretan Eusko Jaurlaritzaren azken egoitzea izan zan lekuan, 1937ko udan, erbestera abiau aurretik.
     
  • Gogora Institutuak erosi barri dauen La Puente Jauregia Euskadiko Memoriaren Espazioen Sareko parte izatera bideratuta dago, Lehendakariak aurreratu dauenez.
     
  • Zugatzaren oinean jarritako plakak holan dino: ‘Erbestera joatera behartuak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren eta herritarren omenez. Erbesteratuak izan arren sekula euskal arima galdu ez zuten guztien oroimenez’.
     
  • Gogora Institutuak Turtziozko Memoria Ibilbidea seinaleztau dau herriko hiri-ingurunean.

 

Iñigo Urkullu Renteria Lehendakariak, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariagaz batera, Gernikako Arbolaren oinordeko bat landatzeko ekitaldian hartu dau parte gaur goizean, Turtziozen, La Puente jauregiaren lorategian. Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak orain denpora gitxi erositakoa da etxea eta Gerra Zibilak behartutako erbesteagaz lotutako sinbologia batzen dau, izan be, 1937ko udan herritarrak eta Agirre Lehendakariaren Jaurlaritzea bera erbesteratu behar izan ziran.

Bilbo matxinatuen eskuetan jausi eta gero, bagilaren 19an, Agirre izan zan Eusko Jaurlaritzak euskal lurretan egin eban azkenengo bileraren buru, La Puente jauregian, 1937ko bagilaren 30ean. Egun haretan ‘Turtziozko Manifestua’ izenekoa idatzi eban. Bertan, Agirre Lehendakariak mezu bat bialdu gura izan eutsan munduari: ‘Beharbada lurraldea menperatua izan da, baina Euskal Herriaren arimea ez, ez da inoiz izango’.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Gernikako Arbolari eta leku horri lotutako ekitaldi xume baina sinbolismoz betetako ekitaldian, mundu mailan bizi doguzan garai nahasiak izan ditu hizpide, eta gerrek, gatazkek, totalitarismoek eta populismoak sortzen daben kezkea azpimarratu dau.

Errealidade horren aurrean, Iñigo Urkullu Lehendakariak “askatasunagazko, demokraziagazko eta justizia sozialagazko” konpromisoa berretsi dau. “Mundu zuzenagoan eta gizatiarragoan sinisten dogu, eta horretarako egiten dogu behar egunero”, gaineratu dau.

Lehendakariaren berbetan, “pakean eta askatasunean oinarritutako Euskadiren aldeko konpromisoa da, asmo handikoa eta giza garapenaren indizean leku nabarmena dauena, bere hizkuntzea eta kulturea dituana, Euskadi edegia, bokazinozkoa eta espiritu unibersala dituana”.

Daborduko “Euskadiren ondarea” dan La Puente jauregi-etxea erosi barri dala aitatu dau, eta “Euskadiko Memoriaren Espazioen Sarearen parte” izango dala gaineratu dau.

Modu berean, lekuaren sinbolismoa nabarmendu dau: “faxismoari eta basakeriari aurre egiteko azkenengo gotorlekua izan zan eskualdea; tropa frankisten aurrerabidearen eta krudelkeriaren aurrean biztanleria zibilaren exodoaren sinboloa; hemendik munduari mezu historikoa helarazo eutsien erakunde demokratikoen Eusko Jaurlaritzaren eta Lehendakariaren sinboloa”.

Agirre lehendakariak 1937ko uda haretan esandakoak eta Turtziozko Manifestuan jasotakoak ekarri ditu gogora: “Duintasunaren, balioen eta sendotasun demokratikoaren adibide bikaina, gure herria gidau dauen eta gidetan jarraitu behar dauen eredua”.

Agirrek Turtziozko Manifestuan “Euskal Herriak etorkizunari ilusinoz begiratzen” deutsola aldarrikatu eban lez, Iñigo Urkulluk esan dau “begiratu deiogun guk be etorkizunari ilusinoz, bakeagazko, askatasunagazko eta printzipio eta balio etiko eta demokratikoagazko konpromisotik sortzen dan ilusinoz”.

Bertaratzerakoan, Lehendakariari harrera egin deutsie Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, José Manuel Coterón Turtziozko alkateak, eta Martín Pérez Garmendia Enkarterriko Udalerrien Mankomunidadeko presidenteak.

Ekitaldia Nerea Melgosa sailburuaren berbaldiagaz hasi da. Bertan, Jauretxea erosteko errazoiez egin dau berba, “horretarako aukerea aurkeztu zalako, sinbolismo bereziagaitik eta eskualdeagazko konpromisoagaitik”.

Sailburuak jakinarazo dauenez, espazioaren erabilerak zehazteko ari dira beharrean, baina “Euskadiko Memoriaren Espazioen Sarean sartuko dan espazioa da”. Historia izango da jauregiaren ardatzetako bat, Eusko Jaurlaritzak euskal lurraldean izan eban azkenengo egoitza lez, Turtziozko Manifestua milaka eta milaka euskal familiaren erbesterako bidea be izan zalako: “historia bizia, memoria demokratikoa”. Holan, lekua eta ingurua memoria-gune lez indartuta, Gogora Institutuak igaz diseinau eta seinaleztau eban Turtziozko Memoriaren Ibilbidea gehitzen jako.

Nerea Melgosak azpimarratu dau, modu berean, eskualdearentzat “aktibo” bat izango dala, “Enkarterriko ondareagaz, nortasunagaz eta ekosistemeagaz bat egingo dauena eta ha indartzen lagunduko dauena”. Baina, batez be, “oroimenerako espazio bizia eta dinamikoa” izango da, “guztion erabilerarako eta gozamenerako berreskuratu gura dogun espazio edegia”.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak hau esan dau bere berbaldian: “1936ko urriaren 7an Agirre Lehendakariak holan hasi eban bere berbaldia Gernikako Batzar Etxean: Lehenik eta behin, justizia eta askatasunaren etxea dogun Batzar Etxe historiko hau omendu gura dot. Gernikako Arbolaren aurrean usadioak agintzen dauen moduan. Nik gurako neuke, gaurko landaketa ekitaldi honen bitartez, beste behin be aitortzea egitea Jose Antonio Agirre Lekube gure lehenengo Lehendakariari. Berak inork baino hobeto defendidu eta egikaritu ebazan gure Arbola kutunak inspiratzen dituan askatasuna eta eskubideak”. Berbaldia amaitzean, Ana Otaduik oinordekoaren egiazkotasun-ziurtagiria emon deutso Lehendakariari.

José Manuel Coterón alkateak azpimarratu dauenez, udalerriak lehenengo Eusko Jaurlaritza haren, biztanleriari ekarri eutsan erbestealdi behartuaren eta inguruko mendietan izan ziran guduen memoria gordetan jakin izan dau: “Gure herria inguratzen daben mendiek azkenengo batailetako lubaki itxurako zauriak kontserbetan ditue. Turtziozen, beraz, bizirik gordetan doguz Jaurlaritza haren memoria demokratikoa eta gerra krudela ez errepiketako konpromisoa. La Puente jauregia ondare publiko lez berreskuratzeak, herritar gisa, demokraziaren eta askatasunaren balioen transmisinoagaz konprometituta jarraitzea ahalbidetzen deusku”.

Berbaldien ostean, Gernikako Arbolaren oinordekoa landatu dan lursailera gerturatu dira laurak, eta ‘Gernikako Arbola’ doinua entzuten zan bitartean oinordeko barria landatu dabe. Zugatzaren oinean jarritako plaka oroigarriak holan dino: ‘Erbestera joatera behartuak izan ziren Eusko Jaurlaritzaren eta herritarren omenez. Erbesteratuak izan arren sekula euskal arima galdu ez zuten guztien oroimenez’.

Ekitaldian izan dira José Antonio Rodríguez Ranz, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, eta Aintzane Ezenarro, Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; Julen Arzuaga, Ion Gambra eta Amaia Agirre, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kideak; Ager Izagirre, Administrazio Publikoko foru diputatua eta Ricardo Vaquero, Idoia Buruaga, Bea Ilardia eta Aitor Llano batzarkideak; Raquel Larruskain, Angela Eguia eta Belen Fernández, Galdames, Gordexola eta Lanestosako alkateak, hurrenez hurren; eta Alfonso San Vicente, Balmasedako alkatea eta Joseba Zorrilla, Zallako alkateordea.