GENERO INDARKERIA DIGITALARI ERANTZUTEKO PREBENTZINO NEURRIAK ESKATU DITUE BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Stop Violencia de Género Digital Alkarteak gure gizartean gero eta ohikoagoa dan indarkeria mota horren prebentzinoan aginte publikoak inpliketea eskatu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian.


(Bilbon, 2023ko martiaren 1ean). Stop Violencia de Género Digital Alkartea Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri da gaur, eta Internet, sare sozial edo beste edozein bitarteko digitalen bidez gertatzen diran genero indarkeria digitalek izan daben goranzko bilakaerea salatu dau. Encarni Iglesias Pereira Alkarteko presidenteak neurri eraginkorrak eskatu ditu, emakumeek gehiago jasaten daben arren, gero eta parekideagoa dan indarkeria hori prebeniduteko. Hezkuntza digital, dibulgazino-kanpaina, gida espezifiko eta hezkuntza-tailer gehiagoren aldeko apustua egiten dabe adin guztietarako. 

Agerraldia jaso dauen Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordeak eskaerea egin eban zemendiaren 22an, Elkarrekin Bizkaiak proponiduta, erakunde horretako ordezkariak Bizkaiko Batzar Nagusietara joan eitezan, gero eta handiagoa dan indarkeria digitalaren ondorioz Interneten eta sare sozialetan gertatzen dan zaurgarritasun egoerearen barri emoteko.

“Edozein personak jasan daikean indarkeria da, baina gehien sufriduten ari dan kolektiboa nerabeak dira”, esan dau Iglesiasek. 14 eta 18 urte bitartean, “% 47,1ak” irudi sexualak jaso ditu Internet bidez. Gainera, nesken % 40ari argazki sexualak eskatu deutseez, eta % 22,7ak zibersexu proposamenak jaso ditu. Alkarte horrek emakumeak kolektibo “zaurgarriagoa” dala egiaztetan jarraitzen dauen arren, alkarteak egiaztau dau, baita be, gizon eta emakumeen indarkeria “asko ari dala bardintzen”, Internetek eskaintzen deutsun anonimotasuna dala eta. 

Gizarteak “oraindino ez dau ikusten” indarkeria digitala beste edozein indarkeria klase lez, eta, beraz, gehienetan ez da salatzen. Iglesiasek adierazo dauenez, gaur egungo delituen “% 90a” Internet edo mobikor bidez egiten da. Horreetatik, kasuen “% 10” baino ez da salatzen, hau da, personen “% 80a” delitua “normalizetan” ari da. Eta hori legeak zigortutako delituen aurrean gagozala antzemateko behar besteko hezkuntzarik ez dagoalako gertatzen da.

Iglesiasen eretxiz indarkeria digitala “indarkeria txarrenetakoa” da. “Interneten min egin gura deuskuen personei armak emoten ari gara, lagun bati emoten ez deutsagun era guztietako informazino personala emoten dogulako”, adierazo dau. “24 ordu egunean, 7 egun astean, 365 egun urtean” jasan daiteken indarkeria da. Horregaitik, Batzar Nagusietako taldeei “batasuna” eskatu deutse arazoari aurre egiteko orduan. “Eskutik helduta joan behar da, danok batera, desbardintasun ideologikorik barik”.

Alkarteak genero indarkeria digitalaren kontrako neurriak hartzea eskatu dau Batzar Nagusietan. Interneten emoten dan indarkeria horri aurre egiteko eskatu dau, sentsibilizazino, prebentzino eta biktimei arretea emoteko tresnak garatuz, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan batez be, indarkeria mota hori lantzen daben kolektiboen eskutik. Holan, adin guztietarako hezkuntza digitala, “edozeinek ulertzeko moduko informazino eta publizidade kanpaina errazak”, hezkuntzako gidak egitea, komunikabideetan zabaltzea eta gaztetxoentzako hezkuntza digital “ludikoko” tailerrak planteau ditue.

Gaur egun, personok teknologiaren menpe gagoz eta menpekotasun hori bera “gero eta handiagoa” da, esposizinoa handiagoa da eta ziberjazarleen aurrean ezkutetea “gatxagoa” egiten da. Gure bizitza osoa teknologia barrien menpe dago modu batean edo bestean, “baina ez gara jaubetzen geure bizitza pribadua erakusteko eta haren ganean kontrolik ez izateko modua be badala”. Iglesiasek “etorkizuneko lanpostu bat lortzeko handicap-a izan daiteken aztarna digitala” be azpimarratu dau.

Batzar Nagusietako taldeak bat etorri dira Stop Violencia de Género Digitaleko presidenteagaz, askotan ezkutauta dagoan edo behar besteko garrantzirik emoten ez jakon arazo horri aurre egiteko orduan prestakuntzea, hezkuntzea eta prebentzino lana funtsezkoak dirala esatean. “Izan be, gure egunerokotasunean –alkartean– aurkitzen doguna, jente aurrean erakusten ari danaren oso bestelakoa da”, adierazo dau.

Izaskun Duque EH Bilduko batzordekidea adostasun orokorretik urrundu da, eta emakumeen “fronte komuna” sortzeko eskatu dau, Interneten dagoan indarkeria matxistari aurre egiteko. Kritikau egin dau alkartea bere gidatan “emakumeen erantzukizunean eta ez horrenbeste gizonen erantzukizunean” zentretea, horrek “mesede eskasa” egiten deutsolako mobimendu feministari.