BATZAR NAGUSIEK EUSKAL ARTISTEN 15 LAN JASO DITUE BILDUMA PRIBADU BATETIK

  • Alberto Ipiñak eta Begoña Bidaurrazagak Elena Ciordia, Mariano Corral Libano, Dionisio Sánchez Enríquez, Marcelino Bañales Tajada, Richard Pérez Franco, José Luis Abajo “Porrilló”, Juan José Altuna Akizu, Ángel Badillo Pardo, Iñaki Cruzeta Olalde, Juan Luis Baroja Collet, Carmen del Berro, Ismael Fidalgo Blanco eta José Luis Pérez Díezen margolanak dohaintzan emon deutsiez Bizkaiko Batzar Nagusietako arte bildumeari.
     
  • Lanak gaur hasi eta urtarrilaren 13ra arte egongo dira ikusgai Bizkaiko Batzar Nagusietan (Hurtado de Amezaga, 6 – Beheko solairua. Bilbo).

 

(Bilbon, 2022ko abenduaren 15ean). Alberto Ipiña eta Begoña Bidaurrazaga senar-emazteek euskal artearen azkenengo 40 urteetako bildumarik garrantzitsuenetako bat daukie. XX. mendearen bigarren erdikaldeko eta gaur egun arteko euskal sorkuntzako 800 lan baino gehiago daukiez. Urrian, Bizkaiko Batzar Nagusiakaz jarri ziran hartu-emonetan, bilduma horretako 15 lan dohaintzan emoteko. Artelan horreek gaurtik urtarrilaren 13ra arte ikusi ahal izango dira, Hurtado de Amezaga kalean dagoan Bilboko Batzar Nagusietako egoitzan zabalik egongo dan erakusketan. 

Hamabost artelan horreek, joan dan mendeko Bizkaiko eta Euskal Herriko arte bilduma onenetakoa batzen dauen Bizkaiko Batzar Nagusien kultur ondare aberatsaren barruan geratuko dira orain. Bilboko administrazino egoitzan eta Gernikako Batzar Etxean, sasoi eta estilo desbardinetako 200 artelan baino gehiago dagoz, Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoaren funtsakaz osatzen dan bilduma parebakoa osotuz. 

Ana Otadui Batzar Nagusietako Lehendakariak eskerrak emon deutsez dohaintzak egin dituenei, orain bizkaitarren ondarearen parte bihurtu diran artelan horreen azkenengo gordailuzain lez Foru Batzarra aukeratu dabelako. Otadui pozik agertu da, kinu eskuzabal horri esker aste batzuetan herritarren gozamenerako ikusgai egon daitekezalako.

Azkenengo dohaintza pribadu horri esker, Bizkaiko Batzar Nagusiek funts artistikoa zabaldu dabe, Bizkaiko Batzar Nagusietako arte-katalogoan oraindino obrarik ez daukien egileen artelanakaz, honeek, besteak beste: Elena Ciordia Domínguez, Mariano Corral Libano, Dionisio Sánchez Enríquez, Marcelino Bañales Tajada, Richard Pérez Franco, José Luis Abajo “Porrilló”, Juan José Altuna Akizu, Ángel Badillo Pardo, Iñaki Cruzeta Olalde, Juan Luis Baroja Collet, Carmen del Berro, Ismael Fidalgo Blanco eta José Luis Pérez Díez. 

Dohaintzan emondako hamabost lanak larogeiko eta larogeta hamarreko hamarkadetan sortu ziran, eta XX. mendearen amaierako Euskal Herriko eta Estaduko panorama artistikoan nabarmendu zan artista taldearen sinadurea daroe. Hamahiru artistek aintzatespen nabarmena izan dabe artearen munduan, eta leku askotan egin ditue erakusketak, baita atzerrian be. Gehienek hainbat sari batzen ditue eta lanak daukiez, bai bilduma pribaduetan, bai museoetan eta erakunde publikoen funtsetan. 

 

ERAKUSKETEA: “Bizkaiko Batzar Nagusien Arte-Bildumea. Dohaintza Barriak” 

Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa

Hurtado de Amezaga 6 – Beheko solairua. 48008, Bilbo.

2022.12.15 – 2023.01.13