BATZAR NAGUSIEK IRAILETIK AURRERA EZTABAIDAUKO DABE BIZKAIKO HONDAKINEN PLAN BARRIA
- Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak, Garbikerren erronkak azaltzeko Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integral barria azken fasean dagoala adierazo dau, azkenengo “erremateak” amaitzen.
(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 21ean). Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur egindako agerraldian jakinarazo dauenez, lurraldeko hondakinen politikea gidau behar dauen plan barria, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integrala, azken fasea beteten ari da. “Azkenengo erremateak” egin ostean, laster Foru Aldundiko Gobernu Kontseilutik pasauko da, eta, gero, “irailetik edo urritik” aurrera, Bizkaiko parlamentuan izapidetuko da. Bertan, Batzar Nagusietako taldeen ekarpenak jaso ahal izango dira zuzenketa-eskeen bidez, Plana jente aurrean jarri ostean.
Jon Saenz de Viguera Erkiaga Garbikerreko zuzendari kudeatzaileagaz batera, foru arduradunak azaldu dau Foru Gobernu honentzat “sakoneko” proiektua dan plan horrek, lurraldean sortzen diran hondakinen bolumena “murrizten” eta zabor horreen berrerabilpen eta birziklatze tasak “hobetzen” jarriko dauela arretea, bere departamentuarentzat “ezinbestekoa” dan konpromiso bikotxean.
EH Bilduk eskatu eban Garbikerreko arduradunaren agerraldia Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordean, eta talde horrek egindako erantzun-eskeei erantzunez, Antxustegik azaldu dau “funtsezkoa” dala planak “ontzi arinen murrizketan, elikagai-hondakinetan edo gaikako bilketaren zatiki organikoan” eragina izatea.
Horrez gain, udagoienean taldeen zuzenketa-eskeak jaso ahal izango dituan dokumentuak borondatezko aprobetxamendua sustatzeko eta enpresei hondakinak murrizteko enpresa-planak egiten laguntzeko jarduketak jasoten ditu. Modu berean, “erosketa publiko berdea eta kontsumo arduratsua” eta “elikagaien aprobetxamendua” sustatuko dira.
Antxustegik adierazo dauenez, helburua arretea berrerabileran jartea da, gaikako bilketaren arloko soluzinorik “barritzaile eta eraginkorrenak” sustatuz, laguntza-tresnen, pizgarrien eta tokiko erakundeakaz eta mankomunidadeakaz koordinetako neurrien bitartez. Planak bilketa-zerbitzua be indartuko dau arlo honeetan: papera eta kartoia, beira, ehungintza, tresna elektrikoen eta elektronikoen hondakinak, sukaldeko orio erabilia eta etxeko hondakin arriskutsuak”.
Horrez gain, zatiki organikoa batzeko zerbitzua eta jatorrian bereizteko sentsibilizazino-kanpaina espezifikoak bultzatuko dira. Birziklapena be bultzatuko da. Antxustegik zehaztu dauenez, arlo horretan “kudeaketa-palanka garrantzitsuak” aktibauko dira, eta hamarkada honetan etxeko konpostajean, enpresen barrikuntzaren eta ekintzailetzaren sustapenean, produktuen merkataritza-garapenaren babesean eta azpiegiturak egokitzen egingo da lan, 2030eko etorkizunari begira.
Bizkaiak momentu honetan badauka sortutako hondakinak kudeetako “behar besteko gaitasun”, baina bere saila “hobekuntza teknologikoak” aztertzen ari da. Gainera, sailak, “biometanizazino-planta barri baten bidez zatiki organikoaren tratamentua osatzea” aurreikusi dau. Beste alde batetik, Artigasek hamarkada honetan hondakinak bertan ixteko ahalmena bermatzen dau. “Datozan hilebeteetan, hondakinak ixteko eremu barri bat egokitzen hasiko gara”, baieztu dau.
AHOZKO ERANTZUN-ESKEAK
Batzorde berean, Diputatuak hondartzetako bainu-zerbitzuari, Getxoko bandera urdinei, Zallako El Longar industrialdean industria-pabiloi bat eregiteko obra-lizentziari eta Basauriko San Migel auzoko jaubetza batean animaliak hilteari buruzko ahozko erantzun-eskeei erantzun deutse.
EH Bilduk kritikau egin dau bainu lagunduaren zerbitzua hiru hilebetez zabaltzea (garagarrila, abuztua eta iraila), hondartzetako denporaldia hilebete lehenago zabaltzen dan arren. Raúl Méndezen eretxiz “diskriminazinozko” tratua da. Diputatuak zehaztu dauenez, zerbitzua ez da murriztu, hilebete “luzatu da” aurreko denporaldiakaz alderatuta. Zerbitzua kudeetan eban Bidaideak enpresak gomendatuta, iraila sartu zan, uraren tenperaturea “egokiagoa” dalako.
Talde Berezia-PP Bizkaiak Getxok urte batzuk lehenago eukazan bandera urdin biak (Arrigunaga eta Ereaga) ez lortzearen “errazoiei buruz” galdetu dau. Antxustegik adierazo dauenez, holango ziurtagiriak sustatzea “udalen eskumena” da. Aldundiak “ez ditu sari horreek sustatzen, baina ziurtatzen deutsut gai horrek ez dauela eraginik izango turismoan, hondartzak baldintza onenetan dagozalako”, esan dau.
Popularrek Zallako El Longar industrialdean industria-pabiloi bat eregiteko obra-lizentziari buruz be galdetu dabe. Diputatuak argitu dauenez, kasu horretan be Aldundiak “ez dauka eskumenik”, obren lizentzia udalak emoten dauelako eta ingurumen arloko baimena Eusko Jaurlaritzak.
Beste kontu bati helduta, Elkarrekin Bizkaiaren erantzun-eskeei erantzunez, auzokoek ekainean salatu ebenez, Basauriko San Migel auzoko finka batean hildako “zaldi bati” buruzko informazinoa emon dau Antxustegik. Aldundiak hartu dituan neurrien inguruan galdetu deutsienean, Antxustegik ziurtatu dau Aldundiak “irmo” jardun dauela jaube horren kontra, zehapenen, instalazinoen eta jardueren desgaikuntzen eta konfiskazinoen bidez. “Azkenengo 12 urteetan”, “82.000 euroko” balioa daukien isunak ezarri jakoz arau-hauste “arin, larri edo oso larriengaitik”.
Jaubeak, orain, “11.000 euroko” isuna ekarri deikeon beste zehapen-espediente bati egin beharko deutso aurre, zehaztu dau Antxustegik, eta bere sailak kasu hori barriro Fiskaltzara bideratuko dauela onartu dau. Bagilean, Aldundiak dozena bat animalia konfiskau eutsazan –11 zaldi eta behi bat–, animaliak higiene- eta elikadura-baldintza txarretan egozala egiaztau eta gero.
POLINIZATZAILEAK
Azkenik, Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena eztabaidatu dau batzordeak. Ekimenaren helburua da Bizkaiak sei hilebeteren buruan polinizatzaileak kontserbetako ekintza-plan bat egitea. Proposamena ez da onartu. Talde Berezia-PP Bizkaia eta EH Bildu ekimenaren alde agertu dira, baina Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek ez dabe onartu.
Aldundia babesten daben taldeak bat etorri dira gai horren inguruan daukien “ardurea” adierazotean, polinizazinoa “oinarrizkoa” dalako nekazaritzako ekosistemen osasunerako, nekazaritzako ekoizpenerako eta elikagaien segurtasunerako, baina ez dabe ekimena babestu gura izan, eskumena Autonomia Erkidegoarena dalako. Jesus Ortiz Zaballa sozialistak azaldu dauenez, Espainiako Gobernuak, Europagaz hartutako konpromiso batzuen ildotik, polinizatzaileak kontserbetako estrategia nazionala prestau dau. “Daborduko gauzatzen ari diran helburu eta neurriak” barru hartzen ditu. Estrategia hori 2020ko irailaren 21eko bileran onartu eban Ingurumeneko Konferentzia Sektorialak eta autonomia erkidegoek garatu behar dabe. Halanda be, Hector Fernandez Medrano Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak adierazo dau ekoizpen gaien konpetentzia “ez dala esklusiboa” eta, beraz, Bizkaiak aurrea hartzeko “borondatea” eskatu dau.