BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EZ DITUE ONARTU BATUZ EZARTEKO FORU ARAU PROIEKTUARI AURKEZTUTAKO ZUZENKETA-ESKEAK

  • Momentuz, Batuz sistemea behin betiko ezarteko egutegiak eta arauzko proiektuaren lau artikuluek Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistrau ziran lez jarraituko dabe.
     
  • Araugintza-proiektuak EBren barruan fiskalidadearen arloko administrazino-lankidetzeari buruz lortutako azken akordioak be jasoten ditu.


(Bilbon, 2023ko azaroaren 14an). Bizkaiko parlamentuak ez ditu onartu gaur Batuz sistemea apurka-apurka eta nahitaez ezartea agintzen dauen eta Aldundiak urriaren 5ean Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu eban Foru Arau Proiektuaren artikuluren bat aldatzeko Batzar Nagusietako oposizinoko taldeek aurkeztu dituen 18 zuzenketa-eskeak (EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia izan dira zuzenketa-eskeak aurkeztu dituen talde bakarrak). Gaur eguerdian egin dan Ogasun eta Finantzetako Batzordetik urtengo dan erespena osoko batek onartu beharko dau orain, arau proiektua gauzatu daiten. 

Arau proiektu horrek, administrazinoen artean tributuen ganeko informazinoa truketako lankidetzeari eta beste alderdi tekniko batzuei buruzko Europako azken zuzentarauak be jasoten ditu, eta jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztien artean (fisikoak edo juridikoak) Batuz derrigorrez ezarteko epeak malgutzea aurreikusten dau. Nahitaez atxiki beharreko bost leiho ezarri dira, zergadunek aldaketa horreen aurrean egokitzeko denpora gehiago izan daien.

Holan, Foru Ogasunak proponidutako egutegiaren arabera, 2024ko urtarrilaren batean, lurraldeko enpresa handiak eta finantza, aseguru eta ondare soziedadeak baino ez dira Batuzen sartzera behartuta egongo. 2024ko erdikaldetik 2026ko erdikaldera bitartean, mikroenpresak eta enpresa txiki edo ertainak sartu beharko dira leiho desbardinetan, bakotxaren sektorearen arabera. Azkenengo leihoa 2026ko urtarrilaren 1ean edegiko da, Soziedadeen ganeko Zergatik guztiz eta modu partzialean salbuetsita dagozan erakundeak, irabazi asmorik bako erakundeak eta nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan diharduten zergadunak eta hezkuntzako edo kultura-zerbitzuetako profesionalak sartu daitezan.


Proiektu horretan oinarrituta, Foru Ogasunak, Batuzek modu boluntarioan ezarri daben edo ezarriko daben personentzako biztugarri fiskalakaz jarraituko dau 2025era arte. Oro har, % 10eko konpentsazinoa izango dabe PFEZn edo Soziedadeen ganeko Zergan. Biztugarri fiskalakaz batera, 2024ra eta 2025era luzatuko da PFEZren edo Soziedadeen ganeko Zergaren kuotan Batuz ezartearen ondoriozko gastuen % 30eko kenkaria apliketako aukerea.

Batuz ezarteak, Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburuaren bitartez euren negozioen kontabilidadea Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan eroateko betebeharra ekarriko deutse jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztiei. Liburu horretan, zergadunek euren salmenten (TicketBai sistemearen bidez fakturetan ditue) eta diru-sarreren barri emoten deutsie Ogasunari, bai eta euren jarduereagaz erlazionautako erosketen eta gastuen barri be.

Guztira 10 zuzenketa-eskeren bitartez, EH Bilduk epeei, konpentsazinoen progresibotasunari, erakunde salbuetsiak (irabazi asmorik bako alkarteak edo fakturazino txikiak dituen zergadunak eta 60 urtetik gorako personak) sartzeari, merkataritzarako eta ostalaritzarako software librea errazteari edo prestakuntza ikastaroak antolatzeari buruzko araudiko zenbait alderdi sartu gura izan ditu. Foru Gobernua eusten daben talde biak aldaketa horreen guztien kontra agertu dira.

Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeari jagokonez, 8 zuzenketa-eskeren bitartez honeek eskatu ditu, besteak beste: enpresa txikientzako edo zergadunentzako laguntza eta aholkularitza zerbitzu jarraitua ezartea; irabazi asmorik bako erakundeak modu elektronikoan operau beharretik salbuestea; negozio txikietako sistema informatikoak hobarien ordez egokitzeko diru-laguntzak gehitzea; edo likidazino edo autolikidazino zirriborro bat emotea zergadunak eskatu barik. Barriro be, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek atzera bota ditue aldaketa horreek.