BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK UKO EGIN DEUTSIE 12 URTETIK BEHERAKOEK GARRAIO PUBLIKOA DOAN IZATEARI

  • EH Bilduk planteautako neurriaren kontra bozkatu daben Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, “garrantzi handiko” neurri ekonomikoak Euskadiko Garraio Agintaritzan modu integral eta koordinauan hartzea eskatu dabe


(Bilbon, 2022ko zemendiaren 14an). Bizkaiko Batzar Nagusiek atzera bota dabe gaur Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako batzordean EH Bilduk Bizkaian 12 urtetik beherakoen garraio publikoaren doakotasuna ezarteko egindako arauz besteko proposamena. Hainbat errazoi dirala eta, lurraldeko parlamentuko beste taldeak ez dira neurriaren alde agertu. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak kontra agertu dira, eta Elkarrekin Bizkaiak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak abstenidutea erabagi dabe. 

Ekimena garagarrilean aurkeztu zan, Ukrainako gerreak eta inflazinoaren igoereak eragindako krisiaren ostean garraio publikoan deskontuak eta hobariak apliketan hasi aurretik. Raul Mendez EH Bilduko batzordekideak azaldu dauenez, ekimenak, Bizkaiko garraio publikoan Estaduko deskontuak eskatzeaz gain, Foru Aldundiari “bere eskumeneko garraio publikoetan” (Bizkaibusen) 12 urtetik beherakoentzako doakotasuna ezarteko eskatu gura eutsan, ostean, “Bizkaiko Mugikortasun Agintaritzan eta Bizkaiko Garraio Partzuergoan” lurraldeko beste garraio batzuetan neurri bera ezartea eskatzeko.

Mendezek ziurtatu dauenez, neurriaren kostua “ez litzateke oso altua izango”, eta “erronka demografikoari aurre egitea” eta “garraio publikoaren erabilerea sustatzea” ekarriko leuke. Kalkuluen arabera, Bizkaiko biztanleriaren “% 10eri” egin leikio mesede, “120.000 persona” ingururi. Gaur egun, mugea 6 urtekoa da, baina Gasteizek, Bartzelonak edo Sevillak, besteak beste, doakotasuna 12 urtera arte luzatuko dabela iragarri dabe, Mendezek azaldu dauenez.

Foru Gobernua eusten daben talde biek Eusko Legebiltzarraren bilera bat aitatu dabe. Bertan, atzera bota zan proposamen bera, Garraio Sailak “urte amaierea baino lehen” adin tarte horreetarako tarifak barrikusteko proposamena aurkeztearen zain, José Alberto Álvarez Castejón sozialistak adierazo dauenez. Euskal Sozialistak taldeko batzordekidea “progresibidadea sustatzeko” apustuaren alde agertu da, garraioaren erabileran eta erabiltzaileen errenta ekonomikoan oinarrituta, Euskadiko Garraio Agintaritzaren barruan urtenbide “integrala” eta “koordinaua” adostuta.

Elkarrekin Bizkaiatik, Emilio Lobatok eskerrak emon deutsaz proposamena egin dauen taldeari, “mahai gainean” “beharrezko” eztabaidari ekiteagaitik, bere alderdiak abstenidutea erabagi dauen arren, gaur eztabaidau dana baino proposamen “koherenteagoa eta ausartagoa” “lantzen ari dalako”. Talde Berezia-PP Bizkaia be abstenidu egin da, bere eretxiz oraindino “ez dalako garaia”; izan be, Eduardo Andrade bozeroalearen berbetan, Parlamentuan “laster” eztabaidatuko da garraio publikoaren prezioaren egungo beherapena 2023ra luzatzeko aukerea.


METROAREN 4. LINEA

Beste alde batetik, Bizkaiko parlamentuak atzera bota dau Eusko Jaurlaritza Metroaren 4. linearen eraikuntza-proiektua lizitatzera “bultzatzeko” eta “atzerapen gehiago” saihesteko EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko beste proposamena. Raul Mendezek adierazo dauenez, Bilbo hegoaldeko auzoetako bizilagunakaz zor historikoa kitatzea dakarren “lehentasunezko” proiektua da.

Elkarrekin Bizkaiaren aldeko eretxia baino jaso ez dauen ekimenean gauza bi eskatzen ziran: batetik, 4. linearen eraikuntzari “lehentasuna” emotea, eta, bestetik, “urtea amaitu baino lehen” 4. linearen eraikuntza-proiektua lizitetako “eskatzea” Eusko Jaurlaritzari.  

Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeak alderdi abertzaleari gogorarazi deutsienez, Iñaki Arriola sailburuak berak adierazo eban bere sailak linea horren lehen tartearen (Ametzola-Abando) eraikuntza-proiektua “urtea amaitu baino lehen” lizitetako asmoa eukala eta, beraz, proposamenak “ez dakar ezer barririk”, kritikau dau Bilboko hegoaldeko auzoetako herritarrakaz “azpiegiturea lehenbailehen egiteagaz” “bat datorrela” adierazo dauen Unai Lerma jeltzaleak.