BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EGUAZTEN HONETAN EKINGO DEUTSEE BARRIRO OHIKO OSOKOEI

  • Goizeko 09:00etatik aurrera, Gernikako Batzar Etxeak Agintaldiko lehenengo ohiko osokoa hartuko dau, eta horren ostean, Elixabete Etxanobe buru dauen foru Gobernu barriari itaunketa egingo deutson kontrol saioa.

 

(Bilbon, 2023ko irailaren 25ean). Bizkaiko Batzar Nagusiek osoko bi egingo ditue eguazten honetan, irailaren 27an, bata ohikoa eta bestea kontrolekoa. Horreetan, Bizkaiko parlamentuak legealdiko arauzko lehenengo erabagiak hartuko ditu, eta Batzar Nagusietako taldeek Elixabete Etxanobe buru dauen foru Gobernua kontroletako euren lana egingo dabe. 

Lehenengo ohiko bileran, osokoak Foru Dekretu Arauemoile bi berretsi beharko ditu. Lehenengoa, berotegi efektuko gas fluordunen ganeko zergeari buruzko 2014ko bagilaren 11ko 5/2014 Foru Araua aldatzen dauen Estaduko legerian sartutako aldaketen transposizinoa da. Eta bigarrenak gauza bera egiten dau Balio Erantsiaren ganeko Zergeari buruzko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Arauagaz, Bizkaiko zerga-sisteman aldaketak sartuz, merkataritza elektronikoko transakzinoetan zerga horren ordainketea kontroletako eta, holan, iruzur eta zerga-iges egoerei aurre egiteko.

Lehenengo saio horretan, osokoak EH Bilduren arauz besteko proposamen bat be bozkatuko dau, garagarrilaren lehenengo 13 egunetan kobrautakoaren % 50a itzultzea eskatzeko Bizkaiko Garraio Partzuergoari, egun horreetan Metro Bilbaon deskontua indarrik barik geratu zalako.

Horren ostean, Mahaiko lehendakaritzak kontroleko osokoan sartutako puntuei bide emongo deutse. Batzar Nagusietako taldeek gai honeen inguruko itaunak egingo deutsiez foru Gobernuari: bero-boladek mendekotasuna daukien personen egoitzetan eta zentroetan izan daben eragina, etxebizitzen alokairurako tratamentu fiskala, basoko jarduerak eragindako ezbeharrak, El Vivero zentroaren itxierea eta fortuna handien ganeko zergea. 

Gai horreek aktibauko dabe barriro Bizkaiko Batzar Nagusietako bozketa sistemea XII. agintaldian, Batzar Nagusiak Eratzeko eta Ahaldun Nagusia Aukeratzeko osokoen ostean. Gernikako osokoen aretoko bozketen panelak Batzar Nagusietako bost taldeek eta euren 51 ordezkariek hartzen dituen erabagiak islatuko ditu barriro. Maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean, Euzko Abertzaleak taldeak 23 ordezkari ditu; beste 15 EH Bildukoak dira; 8 Euskal Sozialistak taldekoak; 3 Bizkaiko Talde Popularrekoak; eta beste 2 Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiakoak.