BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK AZKEN OSOKOA EGIN DABE GAUR GERNIKAN, DATORREN ASTELEHENEAN, JORRAILAREN 3AN, DESEGIN AURRETIK

  • Gernikako Batzar Etxeak kontroleko saioa jaso dau, eta oposizinoak merkataritzari, gardentasunari eta herritarren partaidetzari, buruko gaixotasunak daukiezanentzako zerbitzuei eta erakunde pribaduek jasoten daben diru publikoaren kontrolari buruzko itaunak egin deutsaz foru Gobernuari, beste gai batzuen artean.
     

(Gernikan, 2023ko martiaren 29an). Gaur, legealdiko azkenengo osokoa egin da Gernikako Batzar Etxean. Bertan, Foru Gobernuko taldeko kideak, Ahaldun Nagusitik hasita, eta alderdi politiko guztietako batzarkideak, agur esan deutsie datorren astelehenean, apirilaren 3an, Parlamentua deseginda, XI. Agintaldia amaituko dauen erakundeari. Maiatzaren 28ko hauteskundeak egin arte eta beste hemiziklo bat eratu arte, Batzorde Iraunkorrak hartuko dau erakundearen “makilea”. 

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak hartu dau berbea saioaren bukaeran, legealdia itxi dauen osokoan –82.a da–, Batzar Nagusietako beharginen, komunikabideen eta batzarkideen lana eskertzeko, “lan egiteko moduak egokitu behar izan doguz” pandemia-egoerea nagusi izan dan “ezohiko” agintaldian.

Lehendakariak udatik aurrera zalantzarik barik hurrengo legealdian Bizkaiko Batzar Nagusietan egongo ez diran hogei ordezkarietako bakotxa aitatu dau. Izan be, batzarkide horreek ez dira bost alderdi politikoen (EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta PP) hauteskundeetako plantxetan agertuko. Batzuek, gaurko osokoak iraun dauen hiru orduetan, eztabaidaren batean parte hartzean agur esateko aukerea izan dabe. “Eskerrik asko, penen, ideologien eta desbardintasunen ganetik, personak dagoz”, azpimarratu dau Otaduik.

Lehendakariak oroitzapen berezia izan dau Mahaiko bere kideentzat eta “Bizkaia hobea eregiten laguntzeko prest” egon dan Ahaldun Nagusiarentzat berarentzat. 8 urtez hartutako erantzukizuna, “jarduteko moduan eztabaida antzuetatik aldenduta, zaratatik urrun, errespetua eta alkarrizketea bultzatuz. Eta hori da politikak gaur behar dauena. Eta bai, Bizkaia hobea ixten dozu” esan deutso Rementeriari.

Eta amaitzeko, Otaduik aurreko legealdiko azkenengo osokoan erabili eban esaldi beragaz agurtu dau bere burua. “Gaizki esanak parkatu eta ondo esanak, mesedez, gogoan hartu”.

Aurretik, eta eguneko gai zerrendan egozan oposizinoko lau itaunetako bati eta beste horrenbeste ahozko erantzun-eskeri erantzun ostean, Unai Rementeriak parkamena eskatu dau “sentimenturen baten kontra azaldu banaz edo zauritu badot” legealdi honetan “ekintza, erantzun edo berbaren bategaz”. “Benetan sentiduten dot. Asmoa ez da hori izan, kontrakoa baino. Asmoa eten barik hobetzea izan da beti, eta zeozer esan edo egin badogu, ez dogu inoiz fede txarrez egin. Fede onez izan da beti”. Amaitzeko, Ahaldun Nagusiak Batzar Nagusietan “lagunak eta ezagunak be” egin dituala aitortu dau. Horreei “bizitza oparoa” opa deutse.

Gernikako Arbolan egindako argazkiagaz bukatu dan agur giro horretan, gaur egun erakundean urte gehien daroazan batzarkideetako batek, EH Bilduko Arantza Urkaregik, esku hartzeko txanda baten parte bat aprobetxau dau “ezbardintasunen ganetik oso giro ona nagusitu dan” hemizikloari eskerrak emoteko. Bere postulauak defendiduten egon dan lau legealdietatik “oso esperientzia positiboa” daroa.

Amaitzen ari dan agintaldiari jagokonez, EH Bilduko ordezkariak “arantzatxu bat” dauka sartuta, foru Gobernuak akordioak lortzeko daukan “gaitasun txikia”, hain zuzen be. “Ez da zuzenketa-eske bakar bat onartu” Bizkaiko Batzar Nagusietan gehiengoa diran talde biei (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) esker Aldundiak aurrera atera dituan lau aurrekontuetan. Eta bukatzeko, hurrengo legealdirako guraria erakutsi dau, alde horretan “aldaketak” egon daitezala eta Bizkaiko ordezkari barrientzat “akordioak lortzea lehentasuna izan daitela”.

Agurren artean, osokoa oposizinoaren itaunak eta ahozko erantzun-eskeak jorratuz joan da. Foru Gobernuko kideek emondako erantzunetan barrikuntza handirik egon ez danez, Talde Berezia-PP Bizkaiak mahai ganean jarri dau Gobernuak hurreko merkataritzari laguntzeko erakutsi dauen “ekimen eza”. Elkarrekin Bizkaia Aldundiaren gardentasun “faltagaitik”, Aldundiko beharginak kontratetako Lanbide gitxiegi erabilteagaitik edo Metro Bilbaoren indarkeria matxistaren kontrako kanpaina batengaitik kexau da. Eta EH Bilduk, Metroaren 4. lineaz, buruko gaixotasuna daukien personentzako zerbitzuez, gizarte zerbitzuetako zainketen “desfeminizazinoaz” eta erakunde pribaduek jasoten daben diru publikoaren kontrolaz galdetu dau. Urtebetean, “476,5 milioi”, Urkaregiren berbetan.