BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK ARGI BERDEA EMON DEUTSIE LURRALDEKO BIZIKLETA BIDEEN LURRALDE PLAN SEKTORIALARI

  • Aldundiaren foru arau proiektuak Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoa jaso dau. EH Bilduk be aldeko botoa emon dau zuzenketa-eskerik aurkeztu ez dauen artikuluetan. Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin dira.
     
  • Arauzko testua koalizino abertzaleak eta Foru Gobernua eusten daben talde biek adostutako hainbat aldaketagaz helduko da osokora.
     
  • Daborduko indarrean dagozan Bizkaiko ordainpeko errepideen prezio barriak jasoten dituen Foru Dekretuen barri emon dau Aldundiak Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Batzordean bertan.


(Bilbon, 2023ko zezeilaren 14an). Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala (BBBLPS) jasoten dauen foru arauaren proiektua onartu dabe gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako batzordean. Plan hori ganerako administrazinoakaz koordinautako plangintza sektorialeko tresnea da, eta Bizkaiko Bizikleta Bideen Oinarrizko Sare Funtzional osoan sartu behar diran xedapen, helburu, lehentasun eta hobekuntzak ezarten ditu.  

Bizikleta bidezko “eguneroko mobikortasun alternatiboa” sustetako eta ingurune naturalera hurreratzeko helburu funtzionalagaz Bizkaia egituratuko dauen bizikleta bideen sarea zehazten dau planak. Mobikortasunaren banaketa modalean presentzia handiagoa sustetean oinarritzen dan “paradigma aldaketea”, 2035. urtean indarraldia amaitzen danerako “eguneroko joan-etorri guztien % 7,7ra heldu arte”, gaur egungo % 0,6tik hasita, dokumentuak jasotakoaren arabera. Garraiobide publikoakazko lankidetzea barne hartzen dau eta gaur egun autoz egindako “eguneroko 157.130 bidaia” bizikletaz egitea bilatzen dau.

BBBLPSk herritarren bizikleta bidezko irisgarritasuna hobetzeko gaitasuna eta landa-eremuen eta uri-eremuen arteko lotura “sendoagoa eta estuagoa” izango dauen sarea ezarten dau. Planak proponiduten dauen sarea “365,5 kilometrokoa” da, eta 7 ibilbide handik osatuko dabe: Nerbioi - Ibaizabal - Arratia - Durangaldea; Txorierri - Mungialdea; Eskuinaldea - Uribe Kosta; Ezkerraldea - Meatzaldea - Enkarterri; Urdaibai; Artibai; eta Bilbo.

Gaur egun, eta arau proiektuak jasoten dauenez, sare horren “% 44,4a” (162 km.) eregita dago, eta beste % 10,5 tramitetan ari da etorkizunean egiteko, idatzitako eraikuntza proiektu lez edo idazketa fasean (beste 38 km izango litzatekez).


ALDAKETAK ARAUZKO TESTUAN

Testua EH Bilduk planteautako aldaketa batzukaz helduko da osokora. Izan be, gaurko batzordean erdibideko zuzenketa-eske bi adostu ditu jeltzaleakaz eta sozialistakaz. Koalizino abertzaleak 8 zuzenketa-eske parzial planteau ditu guztira.

Batzar Nagusietako hiru taldeek etorkizuneko sarean “beste garraiobide batzuk eta, batez be, euskarri intermodal nabarmena” kontuan hartzea gura izan dabe. Horretarako, “Bike and Ride” (bizikletea eta txangoa), “Ride and Bike”, “Bike and Ride and Bike” eta “Bike and Board” (bizikletea garraiobidearen barruan) sistemak aztertu eta indartuko dira. Modu berean, Batzar Nagusietako EH Bildu, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek sinatutako beste erdibideko zuzenketa-eske bat onartu da, etorkizuneko bizikleta-sarean “aisialdirako beste erabilera batzuk eta motorrik bako beste mobikortasun mota batzuk, batez be oinezkoei jagokezanak” baztertu ez daitezan.

EH Bilduk, baita be, behin betiko dokumentuan “lehentasunezko” beste bide batzuk sartzea planteau dau, Arabagaz edo Kantabriagaz lotzen dituenak, hain zuzen be, hau da, Nerbioiko Parke Lineala Aiaragaz lotzen daben tarteak eta Herreroseko tunelaren bitartez Castro Urdialesegaz dagoan loturea, bai eta eskualdeko beste konexino batzuk gehitzea be (Zaramillo-Zorrotza eta Galdakao-Bilbo). Beste alde batetik, koalizino abertzaleak bidegorrietarako, arau proiektuak jasoten dituanak baino zabalera “aurreratuagoak” jasotea planteau dau, gehieneko neurri bat aitatu barik. Aldaketa horreek guztiak onartu ez diran arren, Foru Gobernua eusten daben taldeek hemendik osokora “akordioak lortu gura” dituela adierazo dabe. Azpiegitura horreen garapenean genero-ikuspegia txertatzeko aukerea be zabalik geratu da.


PREZIOEN EGUNERATZEA ORDAINPEKO ERREPIDEETARAKO

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak 2023ko bidesarien zenbatekoak ezarten dituen Foru Dekretuen barri emon deutse Bizkaiko Batzar Nagusiei. Alde batetik, urtarrilaren 1etik, Aldundiaren esku dagozan lurraldeko ordainpeko hiru errepideetarako (Hegoaldeko Saihesbidea-VSM, Artxandako tunelak eta AP-8); eta, bestetik, urtarrilaren 25etik, ibilgailu astunek ordaindu behar dituen N-240 (Urgoiti-Ubidea) eta BI-625 (Basauri-Laudio) errepideak. Dekretu bietan, “Europar Batasunak baimendutako gehienekoa baino kanon txikiagoak” ezarri dira, Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak adierazo dauenez.

Oposizinoak dekretu bien eukiari buruzko hainbat kritika egin ditu. Prezio horreen eguneraketea foru arau bidez egitea eskatu ostean, ibilgailu astunentzako kanona kritikau dau Talde Berezia-PP Bizkaiak, “ez dalako momentua”, “ez dalako oso solidarioa” eta kontsumitzaileengan “eragina izango dauelako”, Esther Martínez batzordekidearen berbetan.

Elkarrekin Bizkaiak tarte batzuen igoera “basatia” kritikau dau. Iurreta-Ermua tarteak, adibidez “36 zentimoko igoerea” izan dau, eta Abadiño-Ermua tarteak “52 zentimokoa”. Horrez gain, EBk kamioientzako erabilera kanona jasoten daben tarte barri biei buruzko txostenik egin ez izana be kritikau dau. “Zer pasauko litzateke sektoreak helegitea aurkeztuko baleu?”, galdetu dau Eva María Cabornero batzarkideak.

Eta Aldundiak “errepideen kudeaketa gastuak koadretako tarifak igon izana” kritikau dau EH Bilduk. Raúl Méndezen berbetan, “40 urte egin ditue errepideak eregiten eta errealidadeari jaramonik egin barik”, eta horrek mantenimendu kostu “izugarria” eragin dau. Aldundiaren hobarien politikearen emaitza eguneratuak jasoko dituan balantzea eskatu deutso Pradalesi.


GASTU MUGA HANDIAGOA ETA TRAFIKO GITXIAGO

Pradalesek azpimarratu dauenez, azkenengo bost urteetan, 35,59 euroko gastu mugearen politikari esker herritarrek “43,75 milioi euro aurreztu ditue”. Horrez gain, diputatuak baieztu dauenez, kamioientzako kanon barriak ezarten dituan dekretuak Europa barruko sareari buruzko eretxia emoten dauen Europako Batzordearen txostena jasoten dau. Kide diran Estaduek ganerako bideetan, N-240 eta BI-625 errepideetan, esaterako, “egoki deritxena” arautzeko “askatasuna” emoten dau.

Batzar Nagusietako taldeek egindako galderei erantzunez, Pradalesek ordainpeko errepideen erabilera intentsiboaren onuradunei buruzko azkenengo datuak emon ditu. Bere berbetan, garraiolarien artean deskontuez balietako “oso eskari handia” egin da. Gaur arte “3.425 garraiolariri” emon jake altea. Beste “317 garraiolarik” Ekonomia Sustatzeko Saileko diru-laguntzen dekretuaren bidez eskatu ditue laguntzak, digitalizazinorako, erruberak aldatzeko… Eta, urtarrilean, VSM izenekoa, Artxandako Tunelak eta AP-8a erabilteko “21.099 persona” egozan ibilgailu arinen gastu mugaren barruan, eta “14.517” AP-68rako. Urtarrilean bakarrik, Aldundiak “820.000 euroko itzulketea egin dau, gitxi gorabehera”.

Ordainpeko errepideetako trafikoari jagokonez, Pradalesek adierazo dau oraindino ez dirala berreskuratu Bizkaian pandemia aurreko trafikoak. 2022an, errepide horreetako zirkulazinoa “% 11,6” hazi zan, baina 2019an jasotako datuak baino “% 9,5” gitxiago izan zan.