BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK AURREKONTUEN 15 MILIOI EUROKO EGOKITZAPENA ONARTU DABE BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOARI ESLEITZEKO
- Zenbateko hori IV. kapitulutik VII. kapitulura pasatzea proposatuz Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek egindako zuzenketa-eskea onartu dau Ogasun eta Finantzetako batzordeak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak zemendian erabagitakoan oinarrituta.
- Gaur egin diran hiru batzordeetan, baztertu egin dira Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasunerako eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako sailen foru aurrekontuen aurrean oposizinoak aurkeztu dituan 113 zuzenketa-eske parzialak.
- Bihar, martitzena, Bizkaiko Batzar Nagusiek amaierea emongo deutsie 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen ganeko zuzenketa-eske parzialen eztabaideari. Egun horretan eztabaidagai izango dira Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailari, Gizarte Ekintza sailari (GUFEri be) eta Ogasun eta Finantzetako sailari oposizinoak aurkeztutako ia 200 zuzenketa-eskeak, baita Foru Arau Proiektuaren Testu Artikulatuari egindako zuzenkea-eskeak be.
(Bilbon, 2022ko abenduaren 19an). 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske parzialak eztabaidatzeko hirugarren jardunaldia egin da gaur Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean. Foru Gobernua eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak, zuzenketa-eske bat aurkeztu deutsee Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako saileko kontuei, Bizkaiko Garraio Partzuergoak jasoten dauen diru-kopurua (58,5 milioi) erakundeak zemendian onartutakora egokitzeko. Proposamena aurkeztu daben taldeen eta Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoakaz eta EH Bilduren eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren abstentzinoagaz, Aurrekontuen IV. kapitulua (gastu arrunta) 15 milioitan murriztu da, eta VII. Kapitulua (kapital trnasferentziak) beste horrenbeste handitu.
Gaur egindako hiru saioetan, zuzenketa-eske hori izan da onartu dan bakarra Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako sailari, Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako sailari eta Garraio eta Mugikortasun Jasangarrirako sailari aurkeztutako 114 zuzenketa-eskeen artean.
BARRIKUNTZARIK EZ ENPLEGU ETA AZPIEGITURA SAILEKO KONTUETAN
Teresa Laespadak zuzentzen dauen foru sailaren aurrekontu erespena prest geratu da datorren abenduaren 28an osokoak behin betiko onespena emon daian. Oposizinoak arau proiektuari apliketako 48 aldaketa defendidu ditu, baina Aldundia eusten daben taldeek ez ditue onartu.
Bere zuzenketa-eskeen bitartez, EH Bilduk eskaera honeek egin ditu: Habitat eta Hasi programak, programa psikologikoa eta emakumeen sarea indartzea; Lankidetza eta Garapenerako partidea 5 milioi eurotan handitzea, % 0,7ra hurreratzeko; eta kultura ekintzailea hobetzea, bai tradizionala, bai STEM profilak behar dituen balio erantsi handiko jarduera barrietara zuzendutakoa.
Elkarrekin Bizkaia emakumeei hainbat esparrutan emon beharreko laguntzan zentrau da, arreta psikologikoa indartzean, egoitzetako plaza kopurua handitzean, zainketen prestakuntzan plazak indartzean edo prostituzinoaren eremuetatik datozan emakumeentzako enpleo plan espezifikoa egokitzean, besteak beste. Talde moreak Lankidetza eta Garapenerako partidea handitzeko zuzenketa-eskea be sartu dau.
Talde Berezia-PP Bizkaiak, bere aldetik, iraupen luzeko lanbakoengan, ekintzaileengan, 45 urtetik gorakoengan, gazteengan eta industriaren sektoreko emakumeengan eragina izango daben enplegu politiketarako aurrekontu handiagoa eskatu dau, baina ez dau arrakastarik lortu. Horrez gain, beste gauza batzuen artean, diru gehiago eskatu dabe adimen desgaitasuna daukien edo bardintasun gaietan inplikauta dagozan personakaz behar egiten daben erakundeentzat, edo lana eta familia bateragarri egiteko plan bat gauzatzeko.
Ezezko emoitza bera izan dabe Imanol Pradalesek zuzentzen dauen sailaren arauzko testuen programetan oposizinoak sartu gura ebazan aldaketek, 36 zuzenketa-eske guztira. Zuzenketa-eske horreetan, Talde Berezia-PP Bizkaiak Unbeko errepiderako azterlana, Errekaldeko saihesbidea eregiten hastea, Ermuko saihesbidea osatzea, Gordexola-Artziniega errepideko peralteak kentzea eta motozaleentzako hesiak jarteko aurrekontua handitzea planteau dau.
Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia eta EH Bildu taldeek, bestalde, Interbiak erakundeari milioi askoko partidak kentzea eskatu dabe, beste proiektu batzuk ordaintzeko. Talde moreak, bidegorria Elorriora luzatzea, Sopuertako saihesbiderako azterlanak egitea, “inguruko” uriguneen artean espaloiak eregitea edo Mercabilbao barriak trafikoan izango dauen eragina zehaztea planteau dau, baita Guturribai poligonoan goiko pasabide bat eta Mendebaldeko saihesbidea eregiten hastea be, BI-2301 errepidean trafikoa murrizteko.
Horrez gain, EH Bilduk partida ekonomiko gehiago planteau ditu bidegorrietarako eta La Avanzada estaltzeko proiektu “integrala” egiteko, baita Ermuko saihesbidearen II. fasearen proiektua arintzea be, herritarren alegazino batek planteetan eban moduan.
Horrez gain, Foru Gobernua eusten daben taldeek ez dabe onartu bideak ez diran beste azpiegitura batzuk hastea. Horreen artean, Elkarrekin Bizkaiak eskatzen eban, batetik, eguneko zentroak eregitea Elorrion eta BBKk Deustun daukan lokal batean eta, beste batetik, Bilboko auzo horretan bertan beste egoitza bat egitea; era beran, eskatzen eban Pobeñako Itsaslur pasealekua mobikortasun urriko personentzat erabilgarria izateko azterlana egitea. Talde Berezia-PP Bizkaiak, bere aldetik, barrikuntza gastronomikorako zentro bat, Lemoizko zentralean klimaren aldaketaren kontra burrukatzeko zentro bat eta Barakaldon museo bat eregitea planteau dau, baina ez dau onartzerik lortu.
GARRAIO PUBLIKOA
Garraio Saileko aurrekontuen zuzenketa-eskeen eztabaidan, EH Bilduk, zuzenketa-eske biren bitartez, garraio publikoaren hobariak ordaintzeko 40 milioi euro gehitzea planteau dau; 11 milioi Bizkaibuserako eta 29 milioi Metro Bilbaorako, Garraio Partzuergoaren bitartez. Sozialisten aldetik Ignacio Jeronimok adierazo dauenez, partida horreek ez dira beharrezkoak, behar izan ezkero Foru Gobernuak “kreditu zabalgarriak” erabiliko leukezalako.
Trenbide metropolitarraren ustiapenean eta eraikuntzan baliabide gehiago sartzeko beste zuzenketa-eske batzuk be bota ditu atzera Ogasun eta Finantzetako Batzordeak. Talde Berezia-PP Bizkaiak diru gehiago eskatzen eban 4. eta 5. lineetarako eta Meatzaldetik igaroko litzateken 6. linea posiblea aztertzeko. Elkarrekin Bizkaiak 17,4 milioi euroko aparteko ekarpena be eskatu dau, Galdakaora helduko dan metroaren trazadura bizkortzeko, eta beste 1,7 milioi, goizean metroa lehenago zabaltzeko. Popularrek ez dabe aurrera atera gazteentzako eta lanbakoentzako doako garraio bonua aztertzea eskatzen eban beste zuzenketa-eske bat.
Bizkaibusen lineei jagokenez, Elkarrekin Bizkaiak errefortzuak planteau ditu EHUra eta Enkarterrira doazan lineetan, Meatzaldearen eta Santurtziko metro geltokiaren artean anezka bi martxan jartea eta Elorrio eta Lekeitio artean eta Durango eta Gernikako Ospitalearen artean linea barri bi sortzea.
2023ko Lurraldeko kontuen aurrean aurkeztutako zuzenketa-eske parzialen eztabaidea bihar, martitzenean, amaituko da, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailari, Gizarte Ekintza sailari (GUFEri be), Ogasun eta Finantzetako sailari eta Foru Arau Proiektuaren Testu Artikulatuari oposizinoak aurkeztutako ia 200 zuzenketa-eskeen eztabaideagaz.