BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK, “SUSPERRALDI EKONOMIKOA BULTZATZEN JARRAITZEKO” ZERGA-ALDAKETAK ONARTU DITUE
- Lurraldearen garapena “maila teknologiko handiko eta balio erantsiko arloetara” bideratzeko, Ogasun eta Finantzetako Batzordeak zordunen zerrendan aldaketak, kriptomoneden aitorpena edo kenkari fiskalak jasoten dituan erespena ebatzita itxi dau osoko batzarrerako.
- Aldundia babesten daben taldeek oposizinoaren ehun zuzenketa-eske baino gehiago baztertu ditue.
- Batzordeak OHZ aldatzea onartu dau, udalek familia ugariei eta zaurgarritasun-egoeran dagozanei % 90erainoko hobaria aplikau ahal izateko.
(Bilbon, 2022ko garagarrilaren 11n). Bizkaiko Batzar Nagusiek zerga-aldaketak sartzen dituan Foru Arau Proiektua onartu dabe gaur, batzordean. Testuak jarten dauena kontuan izanda, helburu honeek ditu: “iruzurraren kontrako burrukea hobetzea”, Bizkaiko fiskalitatea beste lurralde historiko biakaz “bateratzea” eta Bizkaiko araudia errealidade juridiko eta ekonomiko barrietara “egokitzea”. Ekimena Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoakaz onartu da, eta oposizinoko hiru taldeek (EH Bildu, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) artikulu gehienak baztertu ditue.
12 artikulutan, horreetatik 7 zerga-figura propioei buruzkoak, oinarrituta egituratutako aldaketen artean honeek nabarmentzen dira: zordunen zerrendan sartzeko mugea 600.000 eurora aldatzea, Estaduan gertatzen dan moduan (orain milioi batean dago); kriptomonedak dituen zergadunen mugei eta saldoei buruzko informazinoa emoteko betebeharra; eta, batez be, enpresek ingurumenaren hobekuntzan eta energia-iturrien aprobetxamendu eraginkorrenean inbertitzen dabenean, ikerketa, garapen edo barrikuntza teknologikoko jarduerak egiten dituenean, edo enpresa-kapitalizazinoa sustatzeko, ekintzailetzaren eta ekoizpen-jarduera indartzeko dagozan kenkari fiskalak. Ganera, araudia aldatu egin da, toki-erakundeek udal-tasen gaineko aparteko hobariak onartu daiezan “ohiz kanpoko edo preminazko errazoiengaitik”, COVIDak eragindako osasun-krisian gertatu dan lez.
Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza batzordean gaur egindako eztabaidan, oposizinoaren 112 zuzenketa-eske aztertu eta bozkatu dira: EH Bilduren 25 zuzenketa-eske, Elkarrekin Bizkaiaren 58 eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldearen 29 (horreetako bat Osotasunekoa). Aldundia eusten daben talde biek guztiak baztertu ditue, eta talde horreek sartu dabe Foru Aldundiak aurkeztutako testurako onartu dan aldaketa bakarra, Ondasun Higiezinen ganeko Zergari jagokon atalean, hain zuzen be. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, udalek familia ugariei eta egoera zaurgarrian dagozan familiei aplikau ahal izango deutseen % 90erainoko hobaria sartu dabe OHZn.
Zuzenketa-eske hori oinarri hartuta, zerga-ordenantzek zergaren kuota osoaren ehuneko horretarainoko hobaria arautu ahal izango dabe ohiko etxebizitzea (subjektu pasiboak erroldatuta dagozan etxebizitzak) diran higiezinen alde, kasu bitan. Lehenik eta behin, familia ugariaren titularrak diranentzat. Kasu horretan, hobariak subjektu pasiboen gaitasun ekonomikoari erantzun beharko deutso, eta etxebizitzaren Gitxieneko Balioa 300.000 eurotik gorakoa ez izatearen mende egongo da. Eta, bigarrenik, kotizazinopekoak ez diran pentsinoak, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentea edo Bizitzeko Gitxieneko Diru-sarrerea jasoten daben subjektuei aplikau ahal izango jake, “guraso bakarreko egoeretan arreta berezia jarrita”.
OPOSIZINOAREN KRITIKAK
Eztabaidan, oposizinoko taldeek kritikau egin ditue arau-aurreproiektu bakar baten bidez hainbeste zergatan eragina daukan zerga-neurri sorta handi hori txertatzeko erabilitako arauzko “formak”. Talde Berezia-PP Bizkaiak, Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk adierazo dabenez, benetako erreforma fiskala planteetako “ordua da”, euskal zerga-sisteman fiskalitate “bidezkoagoa” sartzeko. Talde horreen zuzenketa-eske gehienak Soziedadeen ganeko Zergan eta PFEZn aldaketak egitera egozan bideratuta.
Holan, Talde Berezia-PP Bizkaiak proiektu arauemoilea “totum revolutum” lez definidu ostean, zerga bietan kenkariak zabaltzea eskatu dau, eta Esther Martínez ahaldunaren eretxiz “beharrezkoa” dan PFEZren tarifaren deflaktazinoa, inflazino-maila handiak dirala eta. Modu berean, gurasoengandik seme-alabengana igaroten diran jaubetzetan hobariak handitzea eskatu dabe, adibidez Oinordetza eta Dohaintzen zergetan eta Eskualdaketen zergetan, baina ez dabe lortu.
Beste alde batetik, zerga nagusietan sartu beharreko aldaketetan zehatza izan da Elkarrekin Bizkaia. Soziedadeen zergan, “gitxieneko tasa objektibo” bat eskatu dau aitortu beharreko kuotan, eta % 25eko gehieneko mugea kenkarien atalean. Talde horren zuzenketa-eskeen sorta handia PFEZaren hainbat alderdi aldatzera bideratuta egoan, horreen artean, Eneritz de Madariaga bozeroaleak esan dauenez “errenta altuenak gehien saritzen dituen” aurrezki-errentak ezabatzea. Modu berean, errenta txikienei tasa murrizteko eta altuenei tratamentu fiskala handitzeko eskatu dabe, hainbat kenkari kenduz (BGAE, akzinoen eskualdatzea, seme-alabak…).
EH Bildu be aldaketa horreek egitearen alde agertu da, bere zuzenketa-eskeek horrenbesteko zehaztasun mailarik izan ez daben arren; izan be, Arantza Urkaregirentzat beharrezkoa da aldez aurretik azterketa “sakona” egitea, baina errentan zerga-oinarri bakarraren eta aurrezki-errenta batzuen etekinak kentzearen alde egin dau. Soziedadeen ganeko zergan, koalizino abertzaleak Aldundiaren kenkariek eredu “atzerakoirantz” hartu daben bidean jarri dau arretea. Urkaregiren berbetan, hurrengo osoko batzarrean arau-proiektu hori onartzeak, enpresen “benetako” tasa askoz txikiagoa izateko eta gero eta gitxiago ordaintzeko aukerea emongo dau, eta horrek “ondorio negatiboak izango ditu diru-bilketan”.