BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK BATUZ EZARTEKO FORU ARAU PROIEKTUA ONARTU DABE

  • Osokoak ez dau oposizinoaren zuzenketa-eske bakarra be onartu, eta Aldundiak urrian erregistrau eban moduan eutsi deutso fakturazino elektronikoko TicketBai sistemea behin betiko ezarteko egutegiari.
     
  • Gernikan egindako batzar berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek bidea emon dabe plastikoaren eta hondakinak zabortegian ixtearen ganeko zergak jasoten dituen arauzko proiektuetarako.
     
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen erdibideko zuzenketa-eskea onartu dabe, Bizkaibusen plegu barriak egiteari begira, garraio publikoaren erabilerea eta sortzen ari diran beharrizanetarako eskaintza handitzea balorauko dauen azterlana Aldundiak Batzar Nagusietan aurkeztu daian.


(Gernikan, 2023ko azaroaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, azkenengo hilebeteetan Aldundiak aurkeztu dituan hiru foru arau proiektu onartu ditu gaur, aldaketa barik. Horreetako bat Batuz sistemea apurka apurka eta nahitaez ezarteko agindua emoten dauena da. Eusko Abertzaleak eta Sozialistak taldeek baiezkoa emon deutsee arauaren artikuluei, eta oposizinoko taldeek, barriz, boto bat edo beste emon dabe, artikuluek aldez aurretik zuzenketa-eskeak jaso dituen ala ez kontuan hartuta.

Arau proiektu horrek, administrazinoen artean tributuen ganeko informazinoa truketako lankidetzeari eta beste alderdi tekniko batzuei buruzko Europako azken zuzentarauak be jasoten ditu, eta jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztien artean (fisikoak edo juridikoak) Batuz derrigorrez ezarteko epeak malgutzea aurreikusten dau. Nahitaez atxiki beharreko bost leiho ezarri dira, zergadunek aldaketa horreen aurrean egokitzeko denpora gehiago izan daien.

Holan, Foru Ogasunak proponidutako egutegiaren arabera, 2024ko urtarrilaren batean, lurraldeko enpresa handiak eta finantza, aseguru eta ondare soziedadeak baino ez dira Batuzen sartzera behartuta egongo. 2024ko erdikaldetik 2026ko erdikaldera bitartean, mikroenpresak eta enpresa txiki edo ertainak sartu beharko dira leiho desbardinetan, bakotxaren sektorearen arabera. Azkenengo leihoa 2026ko urtarrilaren 1ean edegiko da, Soziedadeen ganeko Zergatik guztiz eta modu partzialean salbuetsita dagozan erakundeak, irabazi asmorik bako erakundeak eta nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan diharduten zergadunak eta hezkuntzako edo kultura-zerbitzuetako profesionalak sartu daitezan.

Batuz ezarteak, Eragiketa Ekonomikoen Erregistro Liburuaren bitartez euren negozioen kontabilidadea Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan eroateko betebeharra ekarriko deutse jarduera ekonomikoak egiten dituen persona guztiei. Liburu horretan, zergadunek euren salmenten (TicketBai sistemearen bidez fakturetan ditue) eta diru-sarreren barri emoten deutsie Ogasunari, bai eta euren jarduereagaz erlazionautako erosketen eta gastuen barri be.

Proiektu horretan oinarrituta, Foru Ogasunak, Batuzek modu boluntarioan ezarri daben edo ezarriko daben personentzako biztugarri fiskalakaz jarraituko dau 2025era arte. Oro har, % 10eko konpentsazinoa izango dabe PFEZn edo Soziedadeen ganeko Zergan. Biztugarri fiskalakaz batera, 2024ra eta 2025era luzatuko da PFEZren edo Soziedadeen ganeko Zergaren kuotan Batuz ezartearen ondoriozko gastuen % 30eko kenkaria apliketako aukerea.

Oposizinoa kexau egin da, foru Gobernua eusten daben talde biek euren zuzenketa-eske bakarra be ez dabelako onartu Batuz lurraldeko tributu sisteman sartu eban Foru Arau proiektuan zein bere ezarpena malgutzen dauen arau honetan. Gaur, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dituen 18 zuzenketa-eskeak atzera bota dira, Eneritz de Madariaga batzordekidearen berbetan, Batuz martxan jarteko hasierako arauaren proiektuan “modu konstruktiboan” aurkeztu ziran beste “66 zuzenketa-eskeakaz” gertatu lez. “Ez da legealdi honetarako hartu zan konpromisoa”, esan dau Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak.


PLASTIKOAREN ETA HONDAKINAK ZABORTEGIAN IXTEAREN GANEKO ZERGAK

Osokoan behin betiko onetsi dira, baita be, Bizkaiko zerga sisteman itundutako zerga barri bi sartzen dituen Foru Arau proiektu bi: plastikozko ontzi ez-berrerabilgarrien ganeko Zerga berezia eta hondakinak zabortegietan ixtearen, erraustearen eta batera erraustearen ganeko Zergea. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatuaren berbetan, euskal erakundeen eta EBren ingurumen-politikakaz “lerrokatuta” dagoz.

Bizkaiko foru Gobernua eusten daben talde biek (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak) ez ditue onartu proiektu bien hainbat alderdi aldatzeko EH Bilduk eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak aurkeztu dituen zuzenketa-eskeak. Orokorrean, araubide komuneko lurraldeetarako onartutako lege bi errepiketan ditue. Zerga bi horreek 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera sartuko dira indarrean, atzeraeraginez.

Orokorrean esanda, lehenengoak 0,45 euroko zerga-tasea ezarten dau kilogramoko plastiko berrerabilezinezko ontziak egiten, inportetan edo erosten dituen enpresentzat. Zerga hori Estadu osoan aplikauko da, Bizkaiak ez dauelako hori aldatzeko eskumenik.

Beste alde batetik, bigarren arau-proiektuan zenbait zerga-karga ezarten dira, tratamentu-instalazino motaren arabera: zabortegiak (hondakin ez arriskutsuak, arriskutsuak edo geldoak…), errausketa-instalazinoak edo baterako errausketa-instalazinoak. Kasu horretan, zerga-tasea aldatu egiten da instalazino horreetako bakotxerako, jasoten dauen hondakin motaren arabera. 

Proponidutako taulan oinarrituta (Berrojalbizek adierazo dauenez Bizkaiak ahalmen arautzailea dauka arlo horretan), Batzar Nagusiek Bizkaian zabortegian ixten diran hondakinei eragingo deutsen 40 euro/tonako “gehieneko” tarifea onartu dabe. Industriako isurketetarako, goranzko tarifa progresiboa ezarri da: 10 euro tonako aurton; 15 euro 2024an; eta 20 euro 2025etik aurrera.


GARRAIO PUBLIKOARI ETA EGOITZA EREDUARI BURUZKO MOZINOAK

Arauzko hiru proiektuak onetsi eta gero, Bizkaiko Batzar Nagusiek kontroleko azkenengo osokoan aztertu ziran beste horrenbeste itaunetik eratorritako hiru mozino eztabaidatu ditue.

Holan, EH Bilduk, mozino baten bitartez, eskaria egin deutso Aldundiari, 2024an Bizkaiko garraio publikoaren % 50eko deskontuak luzatzeko, “finantzaketearen jatorria bat edo beste izanda be”. Modu berean, garraioaren eta mobikortasunaren arloan eskumena daben euskal erakundeei garraioaren tarifetan deskontu-sistema progresiboa ezarteko eta apliketako konpromisoa hartzea eskatzen jaken, erabilerea, baldintza pertsonalak eta errentea kontuan izanda. Ekimena ez da onartu, kontrako 30 boto (Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak), aldeko 15 (EH Bildu eta Talde Berezia) eta 3 abstentzino (Bizkaiko Talde Popularra) jaso ditualako.

Ignacio Jerónimo sozialistak “deskontu horreek eurek bultzatu izanaren itxurea egin gura izatea” aurpegiratu deutso koalizino abertzaleari, bere eretxiz “zigilu sozialistea” daukienean. Hobari horreek 2022an onartu ebazan hasieran Gobernu zentralak, Ukrainako gerraren ondorioak, inflazino handia eta energiaren prezioak arintzeko. Gogora ekarri dauenez, BGPren kontsejuak urriaren 7an 2024rako txartelaren prezioa % 20 murriztea onartu eban, eta konpromiso hori Foru Gobernuaren akordioan jasota geratu zan. Koiunturazkoa ez dan deskontuen tarifa-eredua ezarteari jagokonez, batzarkide sozialistak adierazo dau Aldundia “erabilerea, errentea eta zenbait kolektiboren behar bereziak” kontuan hartuko dituan ereduan ari dala “beharrean”.

Garraio publikoa “hobetzeko” ekimenetatik urrundu barik, Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiak mozino bat aurkeztu dau, Batzar Nagusiek garraio publikoaren erabileran sortzen ari diran beharrak aztertzeko eskatu deioen Aldundiari, eskariaren hazkundea baloretako. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz lortutako akordioaren ostean mozinoa aldatu egin da, aho batez onartzeko aukerea emon dauen erdibideko zuzenketa-eskearen bitartez.

Zuzenketa-eskearen testuan eskaria egiten jako Aldundiari, Bizkaibusen plegu barriak egiteari begira herritarrek mobikortasunari jagokonez dituen beharren “zatirik handiena” beteten saiatuko dan eskaintza barriaren azterlana egin daian. Zuzenketa-eskean argi geratzen da garraio publikoaren zerbitzuaren hobekuntzan eragin handiena daukien jarduketak “lehenetsi” behar dirala, batez be garraiobide bakarra daukien udalerrietan edo zerbitzu eraginkorrik emoten ez dan lekuetan. Azkenik, Foru Gobernuari legealdi honetan aurkeztu beharko dan plangintzea egin daiala eskatzen jako. Eneritz de Madariaga Talde Mistoa-Elkarrekin Bizkaiako bozeroaleak adierazo dauenez, “lurraldea egituratzeko egokituko dan eta balioko dauen sarea” sortzeko eta “edozein lekutan bizi izanda be aukera bardintasuna” bultzatzeko jarduketak izango dira.

Osokoa, Aldundiak Sestaon eta Abadiñon eregiko dituan egoitza bietako zaintza ereduari buruz EH Bilduk aurkeztu dauen mozinoaren eztabaideagaz bukatu da. Zentro biek “kudeaketa eredu publikoa” izatea eta GUFEren bitartez kudeatzea planteau dau koalizino abertzaleak, arrakastarik barik. Izan be Izaskun Duque batzarkideak aurkezpenean azaldu dauenez “oraindino ez da erabagi zein izango dan eredua” (publikoa ala hitzartua). Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dauen ekimena ez da onartu, Foru Gobernua eusten daben talde biek eta Bizkaiko Talde Popularrak ezezkoa emon deutsielako.

Jeltzaleen aldetik, Jane Eyre Urkietak zaintza eredu “propioa, publikoa eta komunitarioa” defendidu dau, esanez eredu hori dala Bizkaian gauzatzen ari dana, gehienez 25 plazako bizikidetza unidadeak dituen zentroak edegiz. Kudeaketa ereduari jagokonez, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, zuzenketa-eske baten bidez, “agertoki posible guztiak kontuan hartuta egoitza barrietarako kudeaketa eredua ebaluetea” planteau dabe. Urkietak azpimarratu dauenez, garrantzitsuena “adinekoen eta eskualdeen beharrak kontuan hartzea” da, Foru Gobernuaren ereduak “sektore publikoaren, pribaduaren eta sozialaren lankidetza handiagoaren alde” egiten dauela nabarmenduz.


JARLEKU BARRIAK

Gaur Gernikako Batzar Etxean egin dan saioa Anabel Landa Gaubeka (EAJ-PNV) eta Iratxe Arriola (EH Bildu) batzarkideen jarleku hartzeagaz hasi da. Osokoak aho batez onetsi ditu batzarkide jeltzale barriaren eta Sonia Rodríguez taldekidearen bateratuezintasunari buruzko erespenak.