BALMASEDAKO SUTEAK KALTETUTAKO ZUGATZEN “% 80 BAINO GEHIAGOREN” BIZIRAUPENA “OSO KONPROMETIDUTA” DAGO
- Amaia Antxustegi Ziarda Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako foru diputatuak, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatuta Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian, urriaren 23ko sutearen ondorioak eta ingurua lehengoratzeko martxan jarriko diran ekintzak azaldu ditu.
- Bizkaian kaltetutako hektareak basobarritzeko lanak negu honetan bertan hasiko dira.
- Oposizinoak eukaliptoak edo “radiata” pinua ez diran zugatz-espezieak landatzeko eta basoak hobeto garbitzeko eskatu dau.
(Bilbon, 2022ko abenduaren 1ean). Urriaren 23ko Balmasedako suteak baso-masan eragin eban kaltea “oso larria” izan da, sutearen indarrarengaitik eta azkenengo 30 urteetan Bizkaian izandako suterik larriena izan dalako eta eragina jasan dauen baso-masaren “% 80 baino gehiago” bizirik irautea “arriskuan dagoalako”, Amaia Antxustegi Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturaleko diputatuak gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietan EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak eskatutako agerraldian azaldu dauenez.
Bere berbaldian, urriaren 23, 24 eta 25ean sua amatetan parte hartu eben beharginen partaidetzari, sutearen eragina jasan dauen azalerari eta Sailak gunea berreskuratzeko daborduko hasi dituan ekintzei buruzko hainbat datu emon ditu Foru Aldundiak. Horrez gain, Etxanobek, kaltetutako jaubeentzat zabaldu diran finantzaketa-bideei buruzko informazinoa emon dau.
Domekan, urriaren 23an, 111 personak hartu eben parte sua amatetako operatiboan, Mendi Zerbitzuko kideen, Basalaneko beharginen eta Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuko beharginen artean. Lehenengo egun horretan 32 ibilgailugaz egin eben behar eta hurrengo egunean Armadako hidrohegazkin bi eta helikoptero bi gehitu jakezan.
Domekan, hilaren 23an, Balmasedan hasi eta Zallako udalerrian be eragina izan eban suteak ia 500 hektarea baso kaltetu ebazan, Antxustegik emondako datuen arabera. Urriaren 25ean lortu zan sutea amatetea. Kaltetutako 73,4 hektarea titulartasun pribaduko lurzoruak dira, eta gainerakoak publikoak, Balmasedako Udalaren (318 hektarea), Zallako Udalaren (106,5) eta Aldundiaren beraren (0,6 hektarea) artean banatuta. Antxustegik esan dauenez, erretako azalera guztiaren “% 90a”, “3 ordu baino gitxiagoan” erre zan.
Aurreikuspenak kontuan izanda, kaltetutako azalera lehengoratzeko lanak negu honetan zehar hasiko dira, eta datorren urte osoan eta 2024ko udaberrira arte luzatuko dira. Lan horreek “masa gazteek okupetan dituen lurretan hasiko dira, basobarritzen hasteko aurretik egurra kendu behar ez danetan, hain zuzen. Suak kalteak eragin arren zuhaiztia hilko ez dan lekuetan, ahal diran ale guztiak zutik konserbauko dira”, esan dau Antxustegik.
Diputatuak azaldu dauenez, basoak erretzearen kalteak jasan dituenek hiru bide izango ditue lursail publikoetan birpopulatze-proiektuak finantzetako: “funts propioak, hobekuntza-funtsak edo Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalerako Sailaren beraren funtsak”. Datorren urterako, Aurrekontu proiektuak basoko laguntzetarako “4.148.000 euroko” partidea dau, eta udabarrian hasi ahal izango dira horreetarako eskaerak bialtzen.
Antxustegik adierazo dauenez, “baso-sute handitzat” jo ez dan arren, “Bizkaian 30 urtetan izan dan suterik handienari” emondako erantzuna, oso positiboa izan zan. “Garrantzitsuena”, suak ez ebala ezbehar pertsonal “larririk” eragin da.
Oposizinoak basobarritzean eta eragina jasan dauen lurraren kudeaketean jarri dau arretea. Halan, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak, arriskua areagotu daikien eukaliptoa edo “radiata” pinua moduko espezieak ez aukeratzeko eskatu dabe. Eta Talde Berezia-PP Bizkaiak Bizkaiko mendien garbiketea indartzea eskatu dau.
Batzar Nagusietako taldeek egindako galderei erantzunez, Antxustegik esan dau Iberdrolaren linearen mantentze-lana “egokia” zala eta sutearen handitasunak hainbat abagune kateateagaz izan ebala zerikusia: haize bortitza, beroa eta landaredia lehor egotea. Aldundiko arduradunak onartu dau Aldundia Eusko Jaurlaritzagaz berbetan dabilela, etorkizunean suteei aurre egiteko “aireko zein baliabide izango dan egokiena” zehazteko.
LANDA EREMUKO EMAKUMEAREN EGOEREA BIZKAIAN
Beste agerraldi batean, diputatuak Bizkaiko landa-eremuko emakumearen egoereari buruzko lehen azterketa “sakona” aurkeztu dau, garagarriletik abuztura bitartean 20 eta 80 urte bitarteko 526 emakume baserritarri egindako inkestan oinarrituta.
Antxustegik azpimarratu dauenez, inkestari erantzun deutsien emakume baserritarren % 53,5ak “ondo edo nahiko ondo” egiten dau berba euskaraz, eta hirutik bi lan egiten daben ustiategian bertan bizi dira. Bizkaiko ustiategietan 3,17 pertsona bizi dira etxe bakotxeko.
Modu berean, baserritarren % 37,6ak gitxienez persona bat dauka bere ardurapean, eta erdiek baino gehiagok adierazo dabe ustiategiak behiak edo ardiak haztera dagozala zuzenduta.
Ustiategiek 26,7 urte ditue batez beste, eta inkestatuen %67,9ak horreen ganeko erantzukizun “zuzena” dauka. Emakumeen % 38ak bakarrik adierazi dau bere jarduereagaz zerikusia daben prestakuntza-jarduerak jaso dituala, eta hamarretik zazpik ez dauela ezelango prestakuntzarik behar esan dau.
Bizimoduari jagokonez, % 62,3ak adierazi dau denbora libre gitxi edo bat be ez dauela, eta gitxi dira emakumeei zuzendutako laguntzak ezagutzen edo erabilten dituenak, horreen artean amatasun-bajak, emakume izateagaitik inbertsinoetarako dagozan hobariak edo titulartasun partekatuagatiko babesa. Halanda be, gehien-gehienek –% 93ak– gaur egungo euren bizi-kalidadea “oso ona edo nahiko ona” dala dinoe.