BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO ERAKUSKETA ARETOAK CARMEN VALERO RODRÍGUEZEN ETA ELENA NÚÑEZ MALLÉNEN LANEN "PERROS Y TUBERÍAS" MARGO-ERAKUSKETEA HARTUKO DAU
- Erakusketea Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Arte Ederren Fakultadeak EHUko Leioako campusean prestautako artistei bultzadea emoteko daukien hitzarmenaren barruan dago
- Bagilaren 10era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusien Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – Beheko solairua. Bilbon), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.
(Bilbon, 2022ko maiatzaren 10ean). Bagilaren 10era arte, Carmen Valero Rodríguez eta Elena Núñez Mallén artista gazteen margolanez osatutako “Perros y tuberías” erakusketea ikusgai egongo da Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan. Erakusketeak, EHUko Arte Ederren Fakultadeko Pintura Masterrean egindako lana islatzen daben ikasle bien hamabost margolan inguru biltzen ditu. Egileek hainbat material eta euskarri –biniloak, egurra, akrilikoak, oihal edo kartoi ganeko olixoak, serigrafiak eta arkatzez edo argizariz egindako marrazkiak– erabili ditue sormen iradokitzailea irudikatzeko.
Baterako erakusketaren sortzaileek nabarmendu dabenez, “Perros y tuberías” erakusketak “satirikoa eta jostalaria” danaren artean dagozan lanak batzen ditu, ikuspegi “geometrikoago edo ordenatuagoagaz”. Itxuraz hain desbardinak diran interes horreek gorabehera, erakustekea “alkarrizketea ezartean oinarritu da, eta bertan alde horreek puntu egonkorragoa lortzen dabe”. Parte bietan komunak diran zenbait alderdik laguntzen dabe horretan, “horreen artean lineala danagaz kontrajarrita dagoan blokearen kontzeptuaren aurreko interesak, edo batzuetan anbiguo samarrak diran eta beste figura ezagunago batzuekaz batera agertzen diran formen presentziak”. Norberaren irudia eregiteagaz lotuago dagozan beste alderdi batzuk batzen dira bere lanetan. “Euskarri beraren barruan errepiketan diran eta beste euskarri batzuetara be eroaten diran forma batzuk errepiketea, edo prozesuan zehar ezkutau edo desegin egiten dan hasierako simetria egotea”, nabarmendu dabe.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, artistek eta Iñaki Imaz EHUko irakasleak eta Bizkaiko parlamentuko Mahaiko kideek lagunduta, “euskal artisten belaunaldi barrien sorkuntzak zabaltzea” eta “talentu handiko” gazteen karreren hasieraren parte izatea “ohore handia” dala adierazo dau. Nabarmendu dau oraingo honetan, Carmen Valero Rodríguezek eta Elena Núñez Mallének euren “originaltasunarengaitik” harrituko gaituen erakusketa moltsoa eskaintzen deuskuela.
Bizkaiko parlamentuak fakultade horretako masterrak egiten ari diran Bizkaiko talentu gazteen lana erakusteko EHUko Arte Ederren Fakultadeagaz 2011tik daukan akordioaren parte da erakusketea. Batzar Nagusiek uriaren erdigunean dagoan erakusketa aretoa lagaten dabe, Bizkaiko artisten harrobia jente gehiagorengana iristea errazteko. “Perros y Tuberías” erakusketea bagilaren 10era arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea 6, beheko solairua. Bilbo), 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura, eta sarrerea doan izango da.
Bizkaiko Batzar Nagusien Erakusketa Aretoa.
Hurtado de Amezaga, 6. 48008, Bilbo.
Erakusketea: “Perros y tuberías”
Carmen Valero Rodríguez eta Elena Núñez Mallén.