“HITZAK LEGE” EUSKERAZ SORTUTAKO TESTU JURIDIKO ESANGURATSUEN ERAKUSKETA IBILTARIA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN IKUSGAI

  • Erakusketea gaur inaugurau da Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan (Hurtado de Amezaga kalea, 6), eta martiaren 4ra arte egongo da zabalik.
     
  • Irudi eta grafikoen bidez, garrantzi historikoa izan daben euskerazko testuak erakutsiko dira.
     
  • Erakusketa ibiltaria Euskaltzaindiak antolatu dau, Eusko Legebiltzarragaz, Nafarroako parlamentuagaz, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiakaz, eta Baionako Udalagaz alkarlanean.

 

(Bilbon, 2023ko urtarrilaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskaltzaindiak “Hitzak Lege” erakusketa ibiltaria aurkeztu dabe gaur Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. Euskaltzaindiak, Eusko Legebiltzarragaz, Nafarroako Parlamentuagaz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiakaz eta Baionako Udalagaz alkarlanean antolatu dau proiektua. 

Aurkezpen ekitaldian Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta erakusketaren komisarioa, eta Gotzon Lobera legelaria eta erakusketaren koordinatzailea egon dira. Erakusketearen helburu nagusia Euskal Herriko eta Nafarroako bost Erakunde Legegileek eta Baionako Udalak gordetan dituen euskerazko testu juridiko esanguratsuak modu erakargarrian, ulergarrian eta interaktiboan erakustea da.

Bizkaiko Batzar Nagusien ekarpena esanguratsua izan da, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak erakusketaren aurkezpenean adierazo dauen moduan. “Bizkaiak garrantzi handiko antxinako testuak ekarri ditu erakusketa honetara, esparru juridiko zein sozialekoak. Testuok gure herriaren historiaren parte dira. Horregaitik uste dot ahalegina egin behar dogula erakusketa hau Euskal Herriko txoko guztietara eroateko. Hain zuzen be gure erakunde eta lurraldeen historiaren barri emoten dauelako. Azken batean, euskaldunon eta gure hizkuntzaren historia dalako”, nabarmendu dau.

"Erakusketa honek mendeetan zehar ezkutatu izan den errealitatea azaleratu nahi du: euskara duela mende askotatik egon da presente euskararen lurraldeetan bizi ziren pertsonen harreman juridiko pribatuetan, baita lurralde horietako instituzioen jarduera administratiboan ere", esan dau Loberak.

Bizkaiko parlamentuak lagatako idazkien artean dago Bizkaiko Foru Zaharra, 1452tik aurrera “lege konstituzionala eta kode zibil, penal eta prozesala” izatera iritsi zana, Otaduik gogorarazo dauenez. Bizkaiko Batzar Nagusietatik urtengo dauen beste altxorretako bat Vicenta Antonia Moguelen idazki bat da. Luis de Borbón Toledoko kardinal eta artzapezpikuaren gutun pastorala, Fernando zazpigarrenari jente aurrean babesa emoteko idatzitakoa, 1820an euskeratu eban lehenengo euskal emakume itzultzailea izan zan. Bakarrik Bilbon entzun ahal izango diran barrikuntzen artean, 1983ko maiatzaren 24an Anton Aurre lehendakaria protagonista izan eban Bizkaiko Batzar Nagusien aro demokratikoko euskerazko lehenengo berbaldiaren soinua azpimarratu behar da.

Erakusketeak dokumentuen informazinoa daben 14 panel fisiko ditu, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Ganera, 2 panel elkarreragile, 3 panel argiztatu eta 2 bitrina  (dokumentu orijinalak erakusteko) egongo dira. 

“Hitzak Lege” daborduko heldu da Gasteizera eta Iruñera, Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura hain zuzen be, eta martiaren 4ra arte, astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egon ostean, Arabako eta Gipuzkoako Foru parlamentuetan be egongo da.

 

Erakutsiko diran testu bitxi batzuk:

• 1452ko Bizkaiko Foru Zaharrean dagoen testu ezaguna (Urde Urdaondo e(ta) açia etondo). Esaldi horrek erakusten du nola jokatu behar zen oinordetzetan eta dohaintzetan.

• Etxepare, Axular eta Oihenart-en testuak: XVI. eta XVII. mendeetako zenbait idazlek zuzenbidearen lorratza erakusten dute.

• 1552. Diego Zufiaren eta Maria Migelen ezkon-hitza: testu elebiduna da. 1552. urtean Diego Zufiak eta Maria Migelek elkarri eman zioten hitz ezkontzeko, eskribau baten aurrean. Ezkongaiak euskaldun elebakarrak ziren, eskribaua, berriz, gaztelaniadun elebakarra (hori dela eta, lekuko elebidun baten laguntza eskatu zuen eskribauak).

• 1789. Arrangura-kaierak. Arrangura-kaierak Antzinako Erregimenetik datoz. Horietan, estatuek —elizak, nobleziak, hirugarren estatuak— eskaerak bideratzen dizkiote erregeari. 1789ko apirilaren 23ko kaier hau Lapurdiko euskaldun frantsesena, haien diputatuena eta Nazioko Estatu Orokorrena da. Frantsesez eta euskaraz emana dago.

• 1790. Frantziako Iraultza eta Lapurdiko komitatearen adierazpena. Agiri honetan Lapurdiko Batzordeak bere burua defendatzen du Makaiako bizkonde gazteak egotzitako salaketen ostean.

• 1820. Bizenta Antonia Mogel, lehen euskal emakume itzultzailea. Bizenta Antonia Mogel aitzindaria izan zen euskal literaturan: hitz lauz eta hitz neurtuz idatzi zuen, bai eta itzulpenak egin ere. Adibidez, Luis de Borbón kardinal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko gutun pastorala itzuli zuen. Bizkaieraz egin zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu zen.

• 1833-1877. Bizkaiko Batzar Nagusien aktak, XIX. mendean korrejidorearen azalpenak eta bilkuren aktak ele bitan agertu baitzituzten.

• 1839. Bergarako ituna. Itun hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen.

• 1936ko Autonomia Estatutua eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren zina.

• 1950. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 1948. 

• Gernikako 1979ko Autonomia Estatutua eta Nafarroako 1982ko Foru Hobetzearen Legea.