ALDUNDIAK AURREZ AURREKO ARRETEA INDARTUKO DAU OGASUNEAN, ETA BIZKAIKO ZERGA SISTEMEA ETA KATASTROKO BALIOAK BARRIKUSIKO DITU

  • Aldundia bere Agintaldi Planean sakontzen hasi da gaur, arloz arlo, Ogasun eta Finantzak, Herri Administrazio eta Erakunde Harreman eta Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun sailetako titularrek Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dituen agerraldiakaz.


(Bilbon, 2023ko urriaren 2an). Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak barikuan hasi eban Bizkaiko Batzar Nagusietan “Bizkaia Denontzat” 2023-2027 Agintaldi Planaren aurkezpena. Gaur, Foru Aldundiko hiru sailetako (Ogasuna eta Finantzak; Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanak; eta Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna) arduradunak, 1.900 milioi euroko inbertsinoa eskatuko daben “lehentasunezko” 120 jarduketa jasoten dituan dokumentu horren xehetasunak azaltzen hasi dira batzordean. 

Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantzetako diputatu andreak edegi ditu azalpen horreek gaur goizean, agintaldiko planean jasoten diran eta bere sailari eragiten deutsien hiru ardatz “estrategikotan” arretea jarriz: Ekonomia Itunaren garapena eta zabalkundea, Bizkaiko tributu sistemearen “barrikuspena”, ganerako lurraldeakaz “homogeneizauta”, eta iruzurraren eta elusino fiskalaren kontrako burrukea.

Ogasuneko arduradun barriak azpimarratu dauenez, legealdi honetan ganerako lurraldeakaz batera egingo dabe behar datorren urtean zerga sistemearen “barrikuspena” egiteko. “Abiapuntua” 2014ko eta 2018ko erreforma “positiboen” ebaluazinoa osotzea eta emaitzak Batzar Nagusietan “urtea amaitu baino lehen” aurkeztea izango da. “Justizia, progresibidade eta egonkortasun” printzipioak argi eta garbi izanda, barrikuspen horrek erantzun egin beharko deutse gizartea jasaten ari dan eraldaketa handiei: “demografikoa, ekologiko-ingurumenekoa eta teknologiko-digitala”.

Aldi berean, Bizkaiak bere tributu sistemea egokitzen jarraituko dau Estaduan gertatzen diran edo ELGA eta EB lako nazinoarteko erakundeen akordioetatik eratorten diran lege aldaketetara. Urtea amaitu baino lehen, Fortuna Handien ganeko Zergea onartzea proponiduten da. Soziedadeetan egin dan aldaketea, multinazionalek gitxienez % 15 pagau daien, Bizkaiko Ogasunak legealdi honetarako dituan egitekoen artean geratzen da. Eta, aldi berean, Berrojalbizek iragarri dauenez, udalen laguntzea aurreikusten dauen prozesuaren barruan Aldundiak udalen fiskalidadea barrikusiko dau.

Hobekuntza prozesu horretan, Berrojalbizek katastroaren barrikuspena be aitatu dau. Igaz martxan jarritako kudeaketa-sistema barriak espedienteen ebazpena arintzea ekarri dau, prozesuen digitalizazinoari esker. Hurrengo pausua “katastroko balioen barrikuspena” izango da, EUDELen laguntzeagaz, udalak be prozesu horren “subjektu aktibo” izan daitezan. Balio horreen azken egokitzapena 2016an egin zan.

Eta iruzur fiskalaren kontrako burrukearen ardatz estrategikoaren barruan sartu dau diputatuak Batuzen “behin betiko hedapena”. Ezarpena malgutzeko Foru Arau proiektua irailaren 21ean onartu eban Aldundiak, , eta une honetan proiektua Batzar Nagusietan izapidetzen ari da. Berrojalbizek beste agerraldi bat iragarri dau, zergen ordainketea, likidazinoa eta kontrola erraztuko dauen sistema horren zehetasunak azaltzeko. “Herrialde aurreratuenen abangoardian” egoteko bultzadea izango da, esan dau.

Berrojalbizek, Bizkaian herritarrei arretea eskaintzeko “kalidadeko” zerbitzua emoteko helburuz “gogoetea” egiteko konpromisoa hartu dau. Horretarako, beharrezkoa izango da aurrez aurreko arreta sistemea “indartzea”. Gertu bulegoen hedapena aprobetxauz egingo da, “inor atzean ez ixteko”.

Horrez gain, Aldundiko arduradunak iragarri dau zerbitzu telematikoen “berregituraketea” egingo dala, zergen kudeaketea hobetzeko kanpoko eragileakaz (aholkularitzakaz eta alkarte profesionalakaz) “foro bateratu iraunkorra” sortuko dala, eta FAEAren izapidetze elektronikoa barrikusteko bigarren fasea amaituko dala.


ZERBITZU HOBEAK HERRITARRENTZAT

Horren ostean, Ager Izagirre Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu barria etorri da da, legealdian gauzatuko dituan proiektuak aurkezteko. Proiektu horreek zerbitzu hobea eskaini ahal izateko “tresnak edo ekintzak” dira, “barrura begira, Administrazinoaren eta Administrazioa osatzen daben personen zerbitzurako, eta, kanpora begira, herritarren arretarako kanalen bidez, lurraldeko udalen eta larrialdi egoeran dagozanen zerbitzurako, Bizkaiko Prebentzino, Su-itzaltze eta Salbamentu Zerbitzuaren bitartez”.

Toki erakundeei jagokenez, Izagirrek honeek aitatu ditu: Herri Txiki Aukera Handi proiektuaren bigarren fasea gauzatzea, Busturialdera eroateko; Toki Ogasunei buruzko Foru Araua (2005ekoa) eguneratzea, “udalen finantzaketea gaur egungo errealidadera eta etorkizuneko erronketara egokitutako erespide barriakaz banatzeko”; eta arlo teknologikoan hainbat hobekuntza egitea, horreen artean, adibidez, udalerriei euren inguruneko zibersegurtasuna hobetzen laguntzea.

Jarduketako beste ardatz bat larrialdietako zerbitzua “erreferentziazko zerbitzu jasangarri eta barritzaile” bihurtzea izango da. Horretarako, Garapen Jasangarrirako Plana zehaztu da; Ipazterreko maniobra-eremua barrituko da; azken belaunaldiko ekipamentua erosiko da; eta larrialdiak klima-aldaketak eragindako fenomenoetara egokituko dira.

Baliabideak modu “arduratsuan eta jasangarrian” aprobetxetea izango da hurrengo lau urteetan aurrera eroan beharreko beste gai bat, eta hortik sortu da Egoitzen Plana eguneratzeko idea. Kontratazino publikoa modernizetako xedez, “Aldundiaren eta foru sektore publikoaren esparruan kontratazino publikoaren arloan aplikau beharreko ordenamentu juridikoaren potentzialtasunak garatuko doguz”, iragarri dau Izagirrek.

Durangon, Bermeon, Gernikan, Balmasedan, Mungian, Markinan eta Igorren daborduko zabalik dagozan eskualdeetako bulegoen sarea Bilbon eta Getxon edegiko diran bulego barriakaz osotuko da, “legealdian zehar sor daitekezan beste aukera batzuk baztertu barik”.

Arlo teknologikoari jagokonez, Foru Aldundia partaide izango da Atlantic Data Infrastructure izenekoaren, enpresek eta erakundeek informazinoa hodeian biltegiratzeko ahalmen handia euki ahal izateko Ezkerraldeko Parke Teknologikoan egongo dan azpiegitura teknologikoaren, sorreran.

Eta, azkenik, datozan urteetan emongo diran erretiro ugariak “erronka garrantzitsua” izango dira. Holan, Aldundiak “belaunaldien arteko erreleboaren eta ezagutzaren transferentziaren plangintzea” egingo dau, eta prozesu hori “STEM titulazio izenekoakaz erlazionautako gaitasunak eta profilak dituen eta gure zerbitzuen kalidadea bermatzeko ezinbestekoak diran trebetasunak dituen persona barriak erakarteko” aprobetxauko dau.

 

SEXU-INDARKERIAREN BIKTIMENTZAKO ZENTROTIK EKINTZAILETZA ESKOLARA

Gaurko Batzar Nagusietako agerraldiak arratsaldean amaitu dira, Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasunerako Foru Diputatuaren agerraldiagaz. Batzar Nagusietako taldeakaz partekatu ditu datozan lau urteetarako gobernu ekintzaren ildo nagusiak. Egiteko nagusia “Bizkaiko gizarte kohesinoa bultzatzea” izango da. Zeregin hori bat dator alderdi horren inguruan norabide barria hartzeko erabagiagaz.

Laespadak adierazo dauenez, urteko azkenengo hiruhilekoan edegiko da sexu indarkeriaren biktimentzako arreta integraleko lehenengo zentroa, persona horreen suspertzean eta erreparazinoan jarduteko. Zentro horren inplementazinoa eta garapena apurka-apurkakoa izango da. Datorren urtean antzeko beste zentro bat edegiko da.

Gizarteratzeari jagokonez, arlo horretako politikek “daborduko sortutako desbardintasunen arrakalak itxiko ditue”. Jarduketako lau zutabe ditue. Lehenengoa, Aldundiak indarkeria matxistea desagerrarazoteko eta biktimak eta bizirautea lortu dabenak babesteko eta artatzeko egiten dauen apustua indartzea izango da. Bizkaiko Behatokiaren esanetan, indarkeria matxistea “% 25,5” hazi zan 2022an. Ganerako zutabeak honeek dira: zaurgarritasun handiko egoeran dagozan familiak babesteko jarduketak gauzatzea; gazteen gizarte-bazterkeria prebeniduteko eta horren kontra burrukatzeko estrategia indartzea; eta baliabide, laguntza eta prestazinoen bidez gizarte-bazterkeria handiko egoeran dagozanei arretea emoteko sarea bultzatzea.

Laespadak gura ez dan bakartadean be jarri dau arretea. Horren inguruko estrategia iragarri dau. Gero eta gehiago zabaltzen ari dan arazo horri aurre egiteko, lehenengo egoeraren diagnostikoa egingo da, eta gero zeharkako hainbat politika ezarriko dira eragile guztiakaz.

Enpleoaren arloan, bigarren Enplegu Plana garatuko da, lehenengoa ebaluau eta gero, eta lan-merkadutik urrunen dagozanen enpleoan eta ekintzailetzan jarriko da arretea, enpleoa eskatzen daben sektoreetara zuzenduta birkualifiketako.

Enplegu eta Ekintzailetzaren Foru Agentziak –DEMA– jarraituko dau Sailaren enpleo-politikak abian jarteko tresna finkau nagusia izaten. Barrikuntza lez, horren eskumenei enpresa txiki eta ertainentzako ekintzailetza politikaren zerbitzura jarriko dan Seed Capital Mikro Foru Soziedadearen kudeaketea gehituko jake. Modu berean, DEMAtik Ekintzailetza Eskolaren sorrerea kudeauko da.