ALDUNDIAK GAIKUNTZA - BIZKAIKO TUTORETZA ERAKUNDEA ORDEZKATUKO DAUEN ERAKUNDE PUBLIKO BARRIA AURKEZTU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Sergio Murillo diputatuak gaur Gizarte Ekintzako Batzordean aurkeztu dauen Foru Arau proiektuak legez ezgaituta dagozanei “laguntzako neurriak” emoteko Institutua batu eta arautzen dau.


(Bilbon, 2022ko zemendiaren 22an). Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak gaur aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan laguntzako neurrien hornidurarako Gaikuntza lnstitutua arautzen dauen foru arauaren proiektua. Aldaketa “beharrezkoa”, ezgaitasun judiziala ezabatzen eban 8/2021 Legea indarrean sartzearen ondorioz. Izan, Bizkaiko Tutoretza Erakundea (BTE) sortu eban urriaren 31ko 9/2000 Foru Araudiaren aldaketea da. 

Bizkaiko Tutoretza Erakundearen (BTE) helburu soziala, sortu zanetik, legez ezgaituta dagozan eta Bizkaian bizi diran adin nagusiko personen tutoretzea eta kuradoretzea egitea izan da, agintaritza judizial eskudunak halan erabagiten dauenean, bai eta ezgaitze-prozesu baten eraginpean dagozanen defentsa judiziala egitea edo agintaritza judizialak zehazten dituan beste eginkizun guztiak betetea be. Betebehar horreek “berberak” izaten jarraituko dabe erakunde publiko barrian.

Foru arauaren proposamena 6 artikulutan egituratzen da, eta helburu nagusia “tutoretzaren ordez laguntzako neurriak ezartea” da. Horrek esan gura dau “paradigma barria” dagoala desgaitasunak dituen personentzat, “eskubideen titular bihurtzen” diralako. Orain, "laguntzako neurrien hornidurarako Gaikuntza Institutua” deitutakoan, adin nagusikoentzako tutoretzea kentzen da, eta gai hori –tutoretzea– 18 urtetik beherakoentzat baino ez da izango. Hori bai, “laguntzako kuradoretzea eta kuradoretza ordezkagarria laguntza-neurri judizial lez hartzen dira salbuespenez”.

Murillok iragarri dauen beste aldaketa “garrantzitsu” bat da justiziak “neurrira egindako jantzia” egin beharko dauela persona bakotxarentzat, desgaitasuna dauen personak behar dituan babes judizial “zehatzak” ezarriz, eta Aldundiak erakunde barriaren bidez erantzun beharko deutso horri.

Arau-aldaketea 2006ko New Yorkeko Konbentzinoaren egokitzapena da. Bertan desgaitasuna daukienen eskubiderako ibilbide-orri barria ezarri zan. Desgaitasuna daukienei laguntzeko legeria zibil eta prozesala erreformau eban bagilaren 2ko 8/2021 Legearen egokitzapena be bada.

Gaikuntza Institutua sortzeak ez dau ezelango aldaketarik ekarriko Aldundiak IBS izenekoaren bidez gizarteari eskaintzen eutson horretan. “Gaur egun bere gain dituan laguntzako neurriak eta ebazpen judizial bidez etorkizunean hartuko dituanak gauzatzen jarraituko dau”. Hau da, Bizkaian bizi diran adin nagusikoei eta adinbako emantzipauei ahalmen juridikoa egikaritzeko laguntzako neurriak derrigorrez baliatzea, Kode Zibilean ezarritako baldintzetan eta agintaritza judizialak halan agintzen dauenean. Modu berean, “kuradoretza-lana egiten jarraituko dau, bai asistentziakoa bai ordezkaritzakoa”, baita defentsa judiziala, jagokozan baimen judizialak betetea edo senideei laguntza emotea be.

Murillok azaldu dauenez, pandemiaren ostean ebazpen judizialaren bidez hartutako edo esleitutako karguakaz zer pasetan dan “ikusten jarraitu” beharko da. 2019an, “1.973” kargu izan ziran; 2020an, “2.058ra” heldu ziran; eta 2021ean, “1.994ra murriztu ziran”. Aurton, 2022an, eta maiatzera arte, “10 kasu gehiago baino ez ziran izan”. Esparru barriagaz, “ebazpen judizial bidez ez doazan borondatezko laguntzako neurri gehiago izatea aurreikusten da”. Murillok argitu dauenez, “behar gehiago egon ezkero, persona fisiko gehiagogaz erantzungo da”. Oraingoz, Aldundiak, plantillea erakunde barrira subrogetea aurreikusten dau.