ALDUNDIAK EZ DAU “EZELANGO ARAZORIK” IKUSTEN URDAIBAIKO GUGGENHEIMEN FINANTZAKETAN

  • Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Batzar Nagusietako kontroleko osokoan onartu dauenez, Eusko Jaurlaritzagaz “beharrean jarraitzen da” daborduko Gobernu Zentralaren “konpromisoa” dauen museo barriaren finantzaketea osatzeko.
     
  • Elkarrekin Bizkaiaren eretxiz, “larregizko baikortasuna” dago kultur proiektu horretan, eta eskualdeak behar dauena ete dan galdetu dau.
     
  • Gernikako Batzar Etxeak kontroleko urteko lehenengo saioa jaso dau gaur. Bertan, oposizinoak itaunak egin deutsaz Foru Gobernuari, Guggenheim Museoa handitzea, emakumeei arreta psikologikoa emoteko programea, adinbakoei arreta goiztiarra emoteko programea, Fortuna Handien ganeko Zergea, metroaren 5. linearen trazaua eta Bizkaibusen emakidak dirala eta.


(Gernikan, 2023ko urtarrilaren 25ean). Gernikako Batzar Etxeak Bizkaiko Batzar Nagusien kontroleko urteko lehenengo osokoa jaso dau gaur. Ia hiru ordu iraun dauen saioan, oposizinoak hiru bider itaundu deutso Aldundiari. Aldundiak ahozko sei erantzun-eskeri erantzun behar izan deutse. Elkarrekin Bizkaiak Aldundiak Guggenheim handitzeko proiektuan daukan “konfiantza itsuari” buruz egin dauen itaunean, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, bere Gobernuak idea horren alde egiten jarraitzeko daukan “legitimazinoa” defendidu dau. Bere esku-hartzean azpimarratu dauenez, ez dau “ezelango arazorik” ikusten 127 milioi euroko inbertsinoa aurreikusten jakon Urdaibaiko museoaren finantzaketan. 

Rementeriaren eretxiz, proiektuaren “legitimazinoa” Bizkaiko Batzar Nagusietako gehiengoaren babes parlamentarioan oinarrituta dago. Bizkaitarren “% 60,76ak” proiektu horren alde dagoan Foru Gobernua osatzen daben alderdi biei –EAJ-PNVri eta PSE-EEri– emon deutse botoa. Horri, “Guggenheim museoak Bilbori eta Bizkaiari egin deutsen ekarpen on guztia” gehitu behar jako. “Guggenheim ez egitearen kostua” zehaztu beharko litzateke. “Bere garaian hartzeko gatxak izan ziran erabagi ausartak hartu ziralako daukagu”, esan dau.

Proiektuaren aldeko apustua egitearen arrazoia “berbea betetea” be bada, “atzean eskualdearentzat eta Bizkaiarentzat etorkizun hobea dagoalako”, “jasangarritasuna, ingurumena eta kultura batzen dituan” proiektuan. Proiektua aurrera eroateko gertuko etorkizunari jagokonez, Rementeriak esan dauenez “pausuak behar besteko abiaduran emongo dira”, eta “beti” ingurumen arloan indarrean dagoan araudia betez.

Proiektuaren alde onetan sakondu ostean, ahaldun nagusiak barriro ekarri dau gogora beharrean jarraitzen dala inguruko LPPa aldatzeko eta Ingurumen Azterlan Estrategikoa idazteko, hainbat neurri sartzeko. Horreen artean, industriako lurzoru biren deskontaminazinoak aurrera egin dau; Gernikako lurpeko akuiferoa garbitu da –URAgaz batera–; Itsasadarraren zabalera berreskuratu da ontziolaren parean, urak hartu leiken padurea handitzeko, espezie inbaditzaileak (plumiferoak) kentzeko; eta garraiobide jasangarriagoak sustatuko dira (trena, bizikletea eta zapatilea).

Héctor Fernández batzarkideak “justifikauta ete dagoan” baloretako egindako galderari emondako erantzunean Rementeriak gogora ekarri dauenez, itzulera sozial eta ekonomikoak “arlo artistikotik harago doaz”. Eraikuntza horren “eragin zuzena, zeharkakoa eta induzitua” “87,5 milioi eurokoa” izango da, “1.479 enpleo” sortuz eta manteniduz eta Bizkaiko Ogasunerako “26,2 milioi euro” bilduz. Eta ustiapenaren eta sortutako jarduera ekonomikoaren eragina, “39 milioi eurokoa izango da BPGan, eta 692 enpleo eta 10,4 milioi euro bilduko ditu urtero tributuetan”.


METROAREN 5. LINEAREN TRAZADUREA ETA BIZKAIBUSEN LIZITAZINOAK

Garraio publikoari jagokonez, EH Bilduk Metropoliko trenbidearen 5. linearen informazino-azterlanari eta etorkizunean Bizkaibusek izango dituan lizitazinoei buruz galdetu deutso Aldundiari. Metroa luzatzeari jagokonez, koalizino abertzaleak, Usansoloko erdigunea “geltoki barik” itxiko dauen eta Galdakaoko ospitaleagaz konektetako anezkaren alternatibea erakusten dauen trazauaren proposamenaren inguruan Aldundiak dauen eretxia jakin gura izan dau. Raúl Méndezentzat “txapuza” bat da, 300 milioi euro inbertiduko dirala kontuan hartuta. Ohartarazo dauenez, planteautako trazadurak aurrera egiten badau “Usansolok garraio txarragoa izango dau”.

Gai horri jagokonez, Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuak adierazo dauenez, bere sailak “ez deutso alegazinorik aurkeztuko” urtarrilaren 31ra arte jente-aurrean egongo dan dokumentazinoari, Aldundiko beste sail batzuek hori egitea baztertu barik. Azaldutako proiektuan sartutako trazadurek EBren “errentagarritasun sozioekonomikoaren parametroak” beteten ditue, izan be, “urtean 5,5 milioi bidaiarira iristea ahalbidetzen dabe, Sarratu eta Galdakao artean dagoan biztanleriaren % 85ari zerbitzua emonez”.

Beste alde batetik, Bizkaibusen sei emakidetatik bost 2024an amaitzen dira, eta koalizino abertzaleak jakin gura eban ea erabagirik hartu dan jasotako arazoak dirala eta “patata beroa” dan gai horren inguruan. Gómez Viarrek iragarri dauenez, bere saila pleguak lantzen hasi da, gaur egungo ildoak eta eskaintzea barrikusiko dituan eta jasangarritasunaren arloko lege aldaketetarako zerbitzua eguneratuko dauen laguntza teknikoa kontratetako. Kontratazinoa, aurreikuspenen arabera, “aurtengo lehenengo hiruhileko honen amaieran” izango da. Eta proiektu teknikoen prestaketea hirugarren hiruhilekoan hasiko da. Garraioko foru diputatuak aurreikusten dauenez, “2024ko hirugarren hiruhilekoan” hasi leiteke bost emakiden lizitazino prozedurea.


FORTUNA HANDIEN GANEKO ZERGEA ETA ARRETA PROGRAMAK

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak baieztu dauenez, Bizkaiko tributu sisteman Fortuna Handien Aldi Baterako Alkartasun Zergea sartzeko Foru Araua onartu behar dau Bizkaiak. Alderdi hori abenduaren 27ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostu zan, baina pausu hori emon orduko, Kongresuak Lege proiektu bat aurrera atera behar dau, gertatu daiteken balizko “auzirik” baztertu barik. Legealdiak aurrera egin dauela ikusita, Iruarrizagak uste dau “ez dala oso gertagarria” agintaldi honetan, Batzar Nagusiak desegin orduko, egokitzapen hori onartu ahal izatea.

Atal sozialagoan, Aldundiak umeen arreta goiztiarra hobetzearen inguruan erantzun deutse Talde Berezia-PP Bizkaia eta EH Bildu taldeei. Talde biek, sinadura bilketa baten bitartez, beste gai batzuen artean bideratutako ordu kopurua handitzea eta arretea 6 urtetik gora zabaltzea eskatu daben familiei Aldundiak zelan erantzungo deutsen jakitea eskatu dabe.

Gai horri jagokonez, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak esan dau zerbitzua hobetzeko baliabideak ez dirala murriztuko, eta orain arte egin dan lez, “agindu guztiak” finantzauko dirala. 2022an bakarrik, gauzatutako gastua “4.384.605 eurokoa” izan zan, aurreko urtean baino % 12 gehiago eta 2019an baino % 16 gehiago. Guztira, agindutako orduak “120.169” izan ziran, hau da, “% 8 gehiago”. Eskariaren igoera horrek, baina, eskainitako orduetan “murrizketea” eragin dau, oposizinoaren berbetan.

Murillok adierazo dauenez, Bizkaia “aitzindaria” izan zan zerbitzu hori ezarten. Izan be, ebidentzia zientifikoaren eta Arreta Goiztiarraren Liburu Zuriaren arabera, adin tarte horretan “eraginkorragoa” da. 6 urtetik aurrera, “beste gauza bat” izango da. Edozelan be, Gizarte Ekintzako diputatuak jakinarazo dauenez, etorkizunean joera aldaketea egon daiteke programa horretan, jaiotza tasa txikiagoaren ondorioz “beharbada”, eskaerek behera egin dabelako. 2022an, “1.320 eskaera” izan ziran, eta aurreko urtean, barriz, “1.424”.

Beste alde batetik, Elkarrekin Bizkaia taldeak, hainbat gizarte erakundek –Lantegi Batuak, FEVAS eta Gizardatz, hain zuzen be– partida ekonomikoak handitzeko egin daben eskariari erantzuteko hartuko diran neurrien ganean galdetu deutsonean, eskari hori “dokumentauta eta ikuskatuta” egon behar dala adierazo dau Murillok. Kostuen balizko eskariari erantzuteko Aldundiak emondako erantzuna, “% 5,53ko” igoerea izan daben ezintasunerako programen hazkundea izan da. Eneritz de Madariaga talde moreko bozeroalearen berbetan, erakundeek “ez dabe oraindino erantzunik jaso” jasoten dituen partidetan igoerak ezarteko orduan erakunde horreek planteau dituen galderen aurrean. Igoera horreek, neurri batean, inflazinoaren egungo testuinguruak eragin ditue.

Bukatzeko, gaurko kontrolerako saioan, barriro agertu da tratu txarrak edo sexu erasoak jasan dituen emakumeei emoten jaken arretearen “atzerapena”. Esther Martínez batzarkide popularrak, Aldundiak zerbitzu psikologikoak eskatzen dituen emakumeak artatzeko denporea “12 aste arte” atzeratzen dauela aurpegiratu deutso. Gaur, Teresa Laespada diputatuak, abenduaren 22an batzordean egin eban lez, kasuistika hori “preminazkoak ez diran” kasuetan gertatzen dala gogora ekarri dau dau. Preminazko kasuetarako arretea “berehalakoa” da, esan dau.

Laespadak zehaztu dauenez, Aldundia arreta zerbitzu “unibersala” emoteko ari da beharrean, eta arreta psikologikoa laguntza sistemaren “parte bat” baino ez da, emakumeek behar dituen zerbitzuen hedapena “askoz zabalagoa” dalako. Azken urte bietan (2021 eta 2022), “3 kexa” baino ez dira izan “artatutako 3.132 kasuetatik”, hau da, “% 0,09a”. “68 kasu” oinarri hartuta egindako azterlanaren arabera, % 26ak baino ez eban arreta psikologikoa behar izan. Aldundira heldu ziran kasu “gehien-gehienek” “beste zerbitzu batzuk” behar izan ebezan.

Etorkizunari begira, eta “etenbako hobekuntzarako politikaren” bidez, laguntzarako eta arretarako neurri barriak sartuko dira “% 22,89” haziko dan aurrekontuan. Halanda be, Laespadak zuhurtzia eskatu dau lizitazino barriei ekiteko orduan, igazko martian gertatu zan lege aldaketaren ondorioz Euskadiko Osasun Sistemak bere baliabideen bitartez bermatu behar dauelako arreta psikologikoa.