“A PRIORI” ALDUNDIAK EZ DAU EKITALDI HANDIAK ERAKARTEKO AURREKONTU-PARTIDAK ALDATZEA PLANTEETAN
- Elkarrekin Bizkaiak eragin ekonomikoa daukien hitzorduak erakarteko Bizkaia Egiten legegintzaldi-planean jasotako “8 milioi” euroak zelan erabili diran galdetu dau.
(Bilbon, 2022ko urriaren 4an). Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako batzordeak, batzorderatze eskaera bi eta ahozko hiru erantzun-eske bideratu ditu gaur, guztiak Elkarrekin Bizkaia taldeko Israel Escalante batzordekideak planteautakoak. Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak azaldu dauenez, pandemiak, Ukrainako gerrak eta egungo arazo ekonomikoek (prezioen igoerak…) ez dabe “a priori” ekarriko ekitaldi handiak lurraldera erakarteko aurrekontu-partidak aldatzea.
Diputatuak baieztu dauenez, “Ekitaldi handiak erakartea” Foru Gobernuak “Bizkaia Egiten” 2019-2023 Aginte Planean jasoten dituan lehentasunezko 120 jardueretako bat da. Jarduketa hori Bizkaiko Foru Aldundiaren apustuaren garapen moduan deskribiduten da, Bizkaia “nazinoartean ezagunagoa izan eta konektauago egon” daiten. Jarduketa horri 8 milioi euroko aurrekontua zuzendu jakon kultur eta kirol arloko hitzordu handiak erakarteko; hiru sailen artean banatu beharreko zenbatekoa: Euskera, Kultura eta Kirola; Ekonomia Sustapena; eta Ahaldun Nagusiaren Kabinetea.
Elkarrekin Bizkaiak zalantzan jarri dau pandemiaren erruz 2020ko Eurokopa moduko programautako hitzordu batzuk bertan behera itxi ostean, edo gerra-testuinguruak edo testuinguru ekonomikoak etorkizunean eragina izan daikiela ikusita, gastu osoari eutsi behar jakonik. Hori dala eta, Aldundiak diru horren parte bat beste programa batzuetara “bideratzea” pentsau ete dauen galdetu dau, hitzordu handien egutegia aldatu egin dalako.
Basurkok onartu dau pandemiak eragina izan ebala 2020 eta 2021 urteetan egitekoak ziran ekitaldi batzuetan, baina erakarteko estrategia horregaz “jarraitzeak” “2022an, 2023an eta harago, ekitaldi barriak ekarteko” aukerea emon deusku, eta horreek “itzulera ekonomiko eta sozial garrantzitsuak” ekarri ditu. Akorduan daukaguz, esan dauen lez, saskibaloiko Lauko Finala, Wellbeing Summit, 50 Next gala, Metalicaren kontzertua edo orain dala gitxi Bizkaiko hainbat herritan egin dan Kirol Anitzeko Europako Triatloi Txapelketea moduko ekitaldiak. 2023rako, Frantziako Tourra espero da, eta, esan dauenez, “beste jarduera batzuk lantzen jarraitzen da, eta ikusiko dogu gauzatzen diran ala ez”.
Agintaldi honetarako aurreikusitakoari jagokonez, aurrekontuetan egingo diran aldaketak “halangorik balego” “lurralderako estrategikotzat joten diran aukerei heltzetik eta horreek aprobetxetatik etorriko dira, gure lurraldea ekitaldi handiak erakarteko, antolatzeko eta nazinoartean kokatzeko agertoki bilakatzeko etenbako ahaleginaren ondorioz”. Basurkok gogorarazo dauenez, ekitaldi horreetarako aurrekontua “gizarte osoarentzako itzulerako inbertsinoa” da. “Errentagarritasun sozial eta ekonomiko handia dau, epe labur, ertain eta luzera, gauzatu aurretik, gauzatzen ari dan bitartean eta ondoren”.
Ekitaldi horreek Bizkaiko eskualdeetan daben eragin eskasaren inguruan galdetu deutsienean, EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak leporatu deutsien moduan, Basurkok azaldu dau zenbait ekitaldik azpiegitura jakin batzuk behar dituela eta egoitzen kokapena “mugatzen” dabela, “beti” horreen eragina lurraldeko gainerako lekuetara be “zabaltzeko” bideak bilatzen diran arren. Holan, aurreko edizinoetan modu deszentralizauan “inoiz” egin ez dan Kirol anitzeko Triatloi txapelketea azpimarratu dau.
BESTE GAI BATZUK: HARTU-EMONAK IBERDROLAGAZ
Beste alde batetik, Escalantek itauna egin deutso Foru Gobernuari, Aldundiak Lurraldeko gizarte-alkarrizketari emondako laguntzaren, ustelkeriaren kontrako neurrien, Iberdrolagaz daukazan hartu-emonen edo “Israel, arrakastaren errezetea ekintzaileen sehaska lez” izeneko jardunaldian Aldundiko ordezkari batek parte hartzearen inguruan.
Bizkaian egoitza soziala daukan elektrizidade-enpreseagazko hartu-emonei jagokenez, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak adierazo dauenez, “guzurra da” enpresa horrek “Aldundiaren beraren baldintza politikoak, horreen artean barrikuntzea Bizkaira erakarteko eredu fiskala” baldintzatu izana, eta “iruzurra eta ustelkeria prebeniduteko jardunbide onenen bultzada” sinatu izana, Elkarrekin Bizkaiako batzordekideak esan dauen moduan.
Rementeriak erantzun dauenez “Iberdrolagaz egin doguna Bilbon Sare Adimendunen Nazinoarteko Zentroa sortzeko akordioa sinatzea izan da. Bertan Estaduko eta nazinoarteko enpresa ugari egongo dira”. Barrikuntzeari eta prestakuntzeari buruzko gai guztiak zentro horretara eroan dira. Ibilbideko lehenengo urtearen ostean, “120 proiektu gauzatzen ari dira”, eta “60 enpresa batzen ditu, bakotxa bere taldeagaz beharrean”.
Horren adibide da, haren berbetan, Aldundiak hartu-emonak dituala Bizkaiko bizi-kalidadea eta enpleoa hobetzeko “aliau” izan daitekezan enpresa “guztiakaz”. Foru Aldundiko arduradun nagusiak kritikau egin dau Elkarrekin Bizkaiak jarrera hori izatea Bizkaian, Madrilen Podemosek zuzentzen dituan ministerioek be euskal konpainia elektrikoagaz hartu-emonak dituenean.