ALDUNDIAK 2023KO AURREKONTUEN FORU ARAUAREN PROIEKTUA ERREGISTRAU DAU GAUR BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Aldundiko Sail bakotxeko arduradunek azaroaren 8tik aurrera azalduko ditue euren kontuak Ogasun eta Finantzetako Batzordean.
     
  • Herritarrek hamar eguneko epea izango dabe alegazinoak aurkezteko Batzar Nagusien webgunean.
     
  • Eztabaida prozesua bi hilebetez luzatuko da.


(Bilbon, 2022ko urriaren 31n). Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak 2023ko Lurraldeko Aurrekontuen Foru Arau Proiektua jaso dau gaur goizean José María Iruarrizaga Artaraz Ogasun eta Finantzetako foru diputatuaren eskutik. Holan hasi da Bizkaiko Batzar Nagusietako tramitazinoa. Batzar Nagusien Bilboko administrazino-egoitzan kontu publikoak euskarri elektronikoan entregetako eta erregistretako ohiko irudiagaz, horreek onartzeko prozedurea hasiko da. Aurreikuspenak beteten badira, prozedurea hurrengo hilebete bietan luzatuko da. 

Batzar Nagusietako Mahaiak arauaren proiektua onartu ostean, foru diputatuek euren sailen kontuak azaldu beharko ditue informazino-batzordeetan. Azaroaren 8tik aurrera, sail bakotxeko arduradunak Ogasun eta Finantzetako Batzordera joango dira hurrengo urterako jarduketa-ildo nagusiak eta proiektuak zehaztera. Fase hori herritarren alegazino-aldiagaz bat etorriko da.

Herritarrei aurrekontuetan parte hartzeko aukerea emongo jake, Batzar Nagusietako Araudiak jasoten dauen moduan. Aste honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek “jjggbizkaia.eus” webgunean azalduko dabe arau-proiektu osoa, bizkaitarrek euren ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketak helarazoteko aukerea izan daien. Epea hamar egunez egongo da zabalik, zemendiaren 2tik 12era bitartean.

Aurrekontuen eztabaida prozesua urtea amaitu baino lehen amaitu daiten dago antolatuta. Horretarako, diputatuen agerraldien ostean, eta herritarrek dokumentuaren aurkako alegazinoak aurkezteko epea amaitu eta gero, Mahaiak beste epe bat zabalduko dau Batzar Nagusietako bost taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia) aurrekontuei zuzenketa-eskeak aurkezteko. Aurrekontuak 9.808,1 milioi eurokoak dira eta diru kopuru horretatik sailek 1.540,5 milioi euro izango ditue erabilgarri.

Zuzenketa-eskeen aldia itxi ondoren –seguruenik zemendiaren 30ean–, Batzar Nagusiek zuzenketa-eskeak aztertuko ditue, lehenengo osoko batzarrera deitu aurretik, osoko zuzenketa-eskeak eztabaidatzeko. Osoko batzar hori, seguruenik, abenduaren 13an egingo da. Osoko horren ostean, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira, halan bajagoko. Eta Batzar Nagusietako tramitea hilebete horren amaieran bukatuko litzateke -seguruenik abenduaren 28ean-, Ogasun eta Finantzetako Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske parzialak aztertuko dituan beste osoko bategaz.