ALDUNDIAK “% 23” HANDITU DITU ADINEKOEN EGOITZETAKO IKUSKAPENAK LEGEALDI HONETAN

  • Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak lurraldeko gizarte zentroen Ikuskapen eta Kontrol Planaren “aurrerapena” egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan.
     
  • Aldundiko arduradunak jakinarazo dauenez, ikuskapen horreen ondorioz kautelaz itxi da Bilboko Handia egoitza zentroa, eta zehapen espedientea edegi jako Ortuellako Otxartaga egoitzari, hainbat ez beteterengaitik.
     
  • Gizarte Ekintzako batzordeak ez dau onartu Aldundiak zerbitzu publikoak kudeetan dituen irabazi asmorik bako erakundeakaz dituan hitzarmenen prezioak 2023an barrikusteko arauz besteko proposamena.

 

(Bilbon, 2023ko martiaren 13an). Aldundiak, bere ekimenez, Gizarte Ekintza Sailak 2022an egin eban Egoitzen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Planaren “aurrerapena” egin dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Sergio Murillo sail horretako diputatuak baieztu dauenez, igaz, pandemiaren eragina kontuan hartu barik, “% 10eko” igoerea izan zan adinekoen zentroetan egin ziran ikuskapenen kopuruan. Igoera hori etenbakoa izan da legealdia hasi zanetik, “% 23ko” igoerea, hain zuzen be. 

“Ikuskapen gehiago daukaguz egoitza-zentroetan”, esan dau Murillok. Egoitza zentro “guztiak” Aldundiaren ikuskaritza publikoaren menpe dagoz, “erabiltzaileen eta zerbitzu publikoen kalidadearen berme eta babes lez”. Holan, 2022an, bere saileko Ikuskaritza eta Kontrol zerbitzuak “204” ikuskapen egin ebazan adinekoen zentroetan (11 Covid-19ari lotutakoak). Aldundiko beharginak lurraldeko beste zentro batzuetan zerbitzuaren egoera ona egiaztetako joan ziran, eguneko zentroetan 63 ikuskapen eginez; 72 etxebizitza komunitarioetan eta tutoretzapeko apartamentuetan; 58 arreta goiztiarreko zentroetan; 117 adinbakoentzako zentroetan; eta emakumeei laguntzeko zentro “guztietan”. 

Lan horri esker, Aldundiak “21 ez-betete” hauteman ebazan. Itxiereagaz amaitu zan Barakaldoko Leireko Andra Mariaren egoitzan antzemandako akatsez gain, kontrol lan horri esker aurton ez-betete larri bi hauteman dira lurraldeko egoitza bitan, Bilboko Andia egoitzan eta Ortuellako Otxartaga zentroan, hain zuzen be.

Ikuskapena egiteko unean baimendutako 15 plaza eta 4 egoiliar ebazan Andia egoitza aldi baterako itxi da, lokalaren tenperaturari jagokonez hautemandako 5 ez-betetegaitik, “ez zalako egokia”, “21 gradutik behera” egoalako. Joan dan martiaren 2an, Aldundiak jarduerea kautelaz eteteko agindu eban, “egoerea bideratu barik egoalako”. Egun bi geroago, egoiliarrak beste egoitza batzuetara eroan ebezan.

Eta Ortuellako egoitzaren kasuan, Aldundiak zehapen-espedientea edegi eban joan dan zezeilaren 28an, zezeilaren 1eko gauean eta goizaldean izandako ez-betete “oso larri” bategaitik. Egoitzak berak iragarri eutson Aldundiari, egun hori igaro eta egun batzuetara, gaueko txandako beharginak “ez zirala euren lanpostura joan”. Hori dala eta, Aldundiak egiaztau eban gau horretan ez zala inor egon egoiliarrak artatzen. Murilloren berbetan, behar bada egoitza horrek 600.000 eurorainoko zigor ekonomikoari, jarduerearen aldi baterako eteteari edo finantzaketa publikoaren eteteari egin beharko deutso aurre. Espedientean sartuta dagoan enpresaren aktan adierazoten danez, eta Enpresa Batzordeak esandakoan oinarrituta, gau horretan beharginik ez egotea “gura bako akats kate batek” eragin eban. Kasu bi horreek ministerio fiskalari jakinarazo jakoz.

Dana dala, Murillok adierazo dauenez, kasu bi horreek “salbuespenezkoak” dira Bizkaian “155 zentro” dituan sarearen barruan. Egoitzek “ondo funtzionetan dabe”, eta hori familiek eurek berretsi dabe, azken gogobetete-inkestan “10etik 7,9 puntuko” batez besteko notea emon dabelako. “Egoiliarren bermerako beharrezkoak diran baliabide guztiak jarten doguz, gero eta gehiago ikuskatuz”, esan dau Murillok, “zentro bat itxi behar badogu pultsuak ez deusku dar-dar egiten” errepikau ostean.

Foru diputatuak familiek egoitzei buruz daukien asebetete mailari buruzko urte biko azkenengo balorazinoaren emoitzak be jakinarazo deutsaz Gizarte Ekintzako batzordeari. Azkenekoan, 1.824 familiaren 2022ko amaierako eta 2023ko hasierako eretxietan, familiek 7,9 puntuko batez besteko notea emon eben. Murillok adierazo dauenez, nota hori hobetzeko funtsezkoa izango da bizikidetza unidadeen eredua zabaltzea eta arretea personalizetea, familiek eredu horri “8,74 puntuko” balorazino orokorra emoten deutsielako.

 

EGOITZETAKO KOSTUEN IGOEREA

Saio berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Foru Aldundiaren “erantzukizun publikoko zerbitzuak kudeetan dituen irabazi asmorik bako gizarte erakundeen 2023. urterako aurrekontu partidak handitzea”. Batzar Nagusietako Elkarrekin Bizkaia taldearen arauz besteko proposamenak EH Bilduren eta Talde Berezia-PP Bizkaiaren aldeko botoak jaso ditu, baina foru Gobernua eusten daben Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrako botoa jaso dau.

Eneritz de Madariaga Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeroaleak, oposizinoko ganerako taldeakaz batera, Aldundiak erakunde horreek gauzatutako proiektu guztien 2020, 2021 eta 2022ko memoria ekonomikoak “barrikustea” eta “pandemiaren eta horniduren prezioen igoerearen ondorioz” izandako gainkostuen ordainketea bere gain hartzea defendidu dau. De Madariagak esan dauenez, igoera horreek “ondorioak” izaten ari dira asistentziaren kalidadean, “elikaduran edo garraioan gastuak murriztuz” edo enpresei soldatak igoteko aukerea itxiz.

“Daborduko egiten ari dan gauza bat egiteko eskatzen jako Aldundiari”, erantzun dau Berta Campo sozialistak. Aldundiak prezioak eta hitzarmenak eguneratzeko daukan “dinamikea” Gizarte Ekintza Saileko teknikariek egiten dabe, erakunde horrekiko alkarrizketa “iraunkorra” eta egiten diran auditoretzak kontuan hartuta. Kostuen kontrol horreek Ogasun eta Finantza sailak be “fiskalizetan” ditu, Elena Coria jeltzaleak gehitu dauenez. “Hirugarren sektoreko erakundeakaz eta enpresa batzordeakaz alkarrizketea, auditoretzak eta foru txosten teknikoak” dira Aldundiak hitzarmenak “eguneratzeko” jarraitzen dauen bidea.