ALDUNDIAK 233 MILIOI EURORA IGONGO DAU AZPIEGITURETAKO INBERTSINO PUBLIKOA 2023AN, 1.564 LANPOSTURI EUSTEN LAGUNTZEKO

  • Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko sailetako foru-arduradunek euren programak zehaztu ditue 2023ko Bizkaiko Aurrekontuen azalpenen hirugarren jardunaldian, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean.
     
  • Imanol Pradalesek 245,7 milioi euroko aurrekontua dauka bere sailean, eta aurrekontu horretan honeek nabarmentzen dira: inbertsino publikoaren % 13,6ko hazkundea, 233 milioiraino, bizikletaren aldeko apustua (9,6 milioi), % 6ko igoerea errepideen mantentze- eta kontserbazino-lanetan, eta Errekaldeko saihesbidea eta Sollubeko tunela eregiteko proiektu teknikoen amaierea.
     
  • Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko sailaren aurrekontua izango da gehien haziko dana: % 20,4a.
     
  • 177,2 milioi metrorako eta Bizkaibuserako.

 

(Bilbon, 2022ko zemendiaren 10ean). Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak zabaldu dau gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan 2023ko lurraldeko aurrekontuen foru arauaren proiektua azaltzeko hirugarren jardunaldia. Datorren urterako 245,8 milioi euroko zorroa izango dau, hau da, % 2,4ko igoerea. Funts horreen xedea beste ekitaldi batzuetakoaren “antzekoa” izango da. 

Foru diputatuak azaldu dauenez, Foru Aldundiak azpiegituren arloan egiten dauen inbertsino publikoak Bizkaiko ekonomiari 233 milioi euro emotea ekarriko dau, hazkundeari “laguntzeko” eta lurraldean 1.564 lanpostu “kontserbetako”. Modu berean, bizikleta-mobikortasunaren arloan inbertiduteko ahalegin handia egin dala nabarmendu dau (9,6 milioi euro), hainbat “bidegorri” edo bizipista tartetan aritzeko (Bilbo-Basauri-Etxebarri, Santurtzi-La Arena, Amorebieta-Iurreta, La Herrera-Zalla, Erletxe-Amorebieta eta Erletxe-Txorierri), eta horri itsasadarreko bulebarreko eta Erandio-Barakaldo oinezkoentzako zubiko obrak gehituko jakoz (20 milioi).

Pradalesek nabarmendu dauenez, datorren urtean 150.000 euroko aurrekontua prestatuko da Errekaldeko saihesbidearen proiektu teknikorako, eta beste partida bat Solluberi soluzinoa bilatzeko. Etorkizuneko obra handienetako baten, ibai azpikoaren, proiektuak diru gehiago (4,2 milioi) eroango dau. Bitartean, sailak beste obra handi batzuk egingo ditu, horreen artean HSMa AP-68agaz lotzea (21 milioi), Avanzada estaltzea (18 milioi), autobideak hobetzea (14 milioi) edo Markinako saihesbidea (5 milioi).

Aurrekontua programaz programa xehatuz, Pradalesek datorren urterako beste gastu-partida garrantzitsu batzuk marraztu ditu, horreen artean bere sailak foru errepideetako 1.300 kilometroak manteniduteko eta kontserbetako inbertiduko dituan ia 59,2 milioiak, hau da, % 6 gehiago.

Azpiegitura sailak beste 26 milioi gordeko ditu hainbat foru errepide erabilteagaitik ordaintzeko, 3 milioi Artxandako Tuneletako bidesariak hobetzeko, edo 13 milioi AP-68a autopista gastu-mugaren barruan sartzeak ekarri dauen diru-laguntzaren % 50eko hazkundeari erantzuteko. Interbiaken hartzekoaren barruan, daborduko konprometiduta dagozan beste partida batzuk dagoz, horreen artean Gerediaga-Elorrio ordaintzeko 49,4 milioi.

Bere berbaldian, Pradales Bizkaiko beste leku batzuen ganean be aritu da, datorren urtean zehar egingo diran hainbat neurritako obrak aitatuz. Nabarmentzekoa da 0,9 milioi euro erabiliko dirala motozaleak babesteko sistemak instaletako plana amaitzeko, eta 6,2 milioi euro aurreikusi dirala lurzoruak leheneratzeko.

Modu berean, garapenaren eta lurralde-kohesinoaren arloan, datorren urteko aurrekontuetan 2,5 milioi sartuko dira banda zabala Bizkaiko txoko guztietara helduarazoteko.

Eta, azkenik, plangintzari jagokonez, 2023an 338.900 euroko partidea gorde da Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Parzialerako, eta beste partida bat egongo da sail horrek Ibañez de Bilbao kalean dauen egoitzan energia-eraginkortasuneko obrak egiteko.

Aurrekontu horreez aparte, eta Batzar Nagusietako talde batzuk egindako galderei erantzunez, Pradalesek baieztu dauenez, joan dan urrian 40 milioi euroko transferentzia egin jakon Azpiegiturak erakundeari, Urdaibaiko Guggenheimen finantziazinoa “blindetako” eta, “behar danean”, haren eraikuntza eraginkorra bermatzeko. Holan, ingurunean beste 10 milioi euro jarri dira hainbat jarduketa egiteko, horreen artean, Dalia lantegi zaharreko lurzoruakaz zerikusia daukienak.


IRAUNKORTASUNA ETA INGURUNE NATURALA ZAINTZEKO SAILAREN AURREKONTUA IZANGO DA GEHIEN HAZIKO DANA: % 20,4a

Amaia Antxustegik eguerdian aurkeztu ditu bere bigarren aurrekontuak Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko foru diputatu lez, 81,1 milioi euro guztira. Sailen aurrekontuen artean 2023an gehien haziko diranak izango dira ehunekotan, % 20,4a, eta horrek “Aldundiak jasangarritasunagaz eta ingurumenagaz eta klima-aldaketaren kontrako burrukeagaz daukan konpromisoa berresten dau”.

Foru diputatuak bere departamentuko kontuak programaka xehatu ditu, baina aurrekontua bloke handi bitan banatu dau: lehen sektoreagaz lotutako proiektu eta jarduketetarako erabiliko diran 33,1 milioi; eta ingurumen ekimenetarako erabiliko diran beste 39,8 milioi.

Laguntza-programen bidez, lehen sektoreagaz lotutako ekonomiak 23 milioi euro inguru jasoko ditu “ustiategietan inbertsinoak egiteko, belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko edo nekazaritza ekologikorako, beste batzuen artean”, nabarmendu dau Antxustegik.

Beste alde batetik, ingurumenaren atalean, barrikuntzetako bat energia-eraginkortasunerako eta klima-aldaketarako laguntzek 600.000 euroko hazkundea izango dabela da, 1.600.000 eurora pasatuz. Modu berean, Ingurumen Zuzendaritzak hondartzak kudeatzeko partidea 6,2 milioi eurora igon dau, aldaketa bi sartzeko: lagundutako bainu-zerbitzua bagilean zabaltzea eta Aste Santuan hareatzetako garbiketea indartzea.

Azkenik, 1,5 milioi euro bideratu dira Bide Berdeak gauzatzera, zehatzago esanda Arratiako bidezidorra egiteko eta Mungia-Plentzia loturarako. Eta lehenengo aldiz, espezie exotiko inbaditzaileak desagertuarazoteko eta kontroletako proiektuak diruz laguntzeko 200.000 euroko partidea sortu da. Sail honetan aurrekaririk ez dauen beste partida bat Bizkaiko Elikagaien Bankuak jasoko dituan 25.000 euroak izango dira.

 

177,2 MILIOI METRORAKO ETA BIZKAIBUSERAKO

Lehenengo aldiz, Miguel Ángel Gómez Viarrek zuzentzen dauen sailaren aurrekontua 200 milioi eurotik gorakoa izango da. 2022ko aurrekontuagaz alderatuta, % 6,77ko igoerea erakusten dau.

200.103.000 euroko Aurrekontuaren zati garratzitsuena, aurreko urteetan lez, Bizkaibusi eusteko erabiliko da. Zerbitzu horrek “pandemia aurreko eskaria berreskuratu dau”, eta bere partidea % 5,73 handitu da, 118,7 milioi eurora arte.

Gómez Viarrek, 2023an be “danok gura dogun” Bizkaibuseko tarifen % 50eko murrizketeagaz jarraitzeko “ez ohiko” partidea aurreikusten dau. “11.400.000 euroko” ekarpena eskatuko leuke Aldundiarentzat. Ganera, aurreikuspenen arabera, 2023ko lehen hiruhilekoan Bizkaibuseko flotak 28 ibilgailu hibrido eta 6 autobus elektriko izango ditu eta, beraz, datorren urtean Bizkaibuseko flotaren % 25 emisio txikiko edo hutseko ibilgailuek osatuko dabe.

Aldundiak metroa finantzetera bideratuko dau beste partida handi bat. Halan, metroaren ustiapenak eta eraikuntzak 58,5 milioi euroko kostua izango dau, eta kopuru hori Metro Bilbaoren jabe dan Bizkaiko Garraio Partzuergoaren aurrekontuetan txertatuko da. Eta beste 15 milioi euro gehitu beharko dira metroaren 5. linearen eraikuntzea finantzetako, Eusko Jaurlaritzagaz adostutako urterokoetan oinarrituta.

Beste alde batetik, Mobikortasun Jasangarrirako programara 1.849.000 euro bideratuko dira, hau da, % 27,52 gehiago, batez be 1.425.000 euro BizkaiBizi zerbitzuaren lehenengo fasea martxan jarteko erabiliko diralako. Fase hori zemendiaren amaieran esleituko da. 2024., 2025. eta 2026. urteetan, helburu horretarako konprometidutako foru-ekarpena 1,9 milioikoa izango da. 

Modu berean, Bizkaibuseko markesina barriak (882.580 euro), bizikletak aparketako lekuak eta bizipuntuak instaletako partida ekonomikoak egokituko dira, eskualde guztietan banatuta egongo diran bizikletentzako 110 mantentze- eta garbiketa-puntuak osatu arte. Eta Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko sailaren  aurrekontuak, Aldundiko hirugarren handienak Gizarte Ekintza eta Azpiegituren ostean, Aparkabisaren funtzionamenturako zenbateko bera jasoko dau, 1,2 milioi. 

Diru-sarrerei jagokenez, baimen, tasa eta zehapen moduan 1,5 milioi euro baino gehiago jasotea aurreikusten dau sailak.