GARRAIO PUBLIKOAN 2023AN EGIN DAITEKEZAN DESKONTUAK EUSKADIKO GARRAIO AGINTARITZAN KOORDINETEAREN ALDE DAGO ALDUNDIA

  • Gerediagako Batzar Etxeak (Abadiño) beste osoko bat jaso dau hiru urteren ostean.
     
  • Ahaldun Nagusiak iragarri dauenez, Bizkaiak egoera ekonomikoari aurre egiteko neurri fiskalak luzatuko ditu.
     
  • Osokoak Ana de Castro Rubalcaba izendau dau Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkari Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte Kontsejuan. Iñaki Zarraga Aburto ordeztuko dau.


(Gerediagan, 2022ko bagilaren 26an). Bizkaiko parlamentuko osokoa Gerediagako Batzar Etxera bueltau da, pandemiaren aurretik ohikoa zan moduan, parlamentuko ikasturte bakotxeko lehenengo kontrolerako osokoa egiteko. Abadiñon dagoan foru barrutian, Aldundiak oposizinoaren lau itauni eta ahozko sei erantzun-eskeri erantzun behar izan deutse. Horreetako batean, Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatua garraio publikoaren deskontuak etorkizunean “mantenidutearen eta luzatzearen” alde agertu da, baina Euskadiko Garraio Agintaritzan (EGA), modu “koordinauan”. 

Irailaren 1etik aurrera beherapenak ezarri ziranetik maila orokorrean hobariei buruz egiten dauen balorazinoa “oso positiboa” da, familien karga ekonomikoa bajatzea eta ibilgailu pribadua erabilteko pizgarriak kentzea dakarrelako, eta horrek kutsadurea murrizten dauelako.

Bizkaian martxan jarri zanetik izan dituan emaitzei buruz galdetu deutso EH Bilduk, eta Elkarrekin Bizkaiak, barriz, deskontu horreen luzapenari buruz galdetu deutso zuzenean. Gomez Viarrek adierazo dauenez, “baloretan ari dira”, baina EGAren barruan koordinetea komeni da. Aurretik, Espainiako Gobernuak % 30eko deskontua aurtengo abenduaren 31ra arte luzatu dauela baieztu dau.

Tarifen % 50erainoko beherapenek (Foru Aldundiarentzat “4.055.000 euro” inguruko kostua izango dabe) ondorio positiboa izan dabe Bizkaibusek irailaren 1etik zenbatutako bidaietan, baina oraindino ez dabe 2019. urteko “errekorrera” itzultzea lortu, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria sustatzeko foru diputatuak emon dituan datuen arabera. Irailaren 7tik urriaren 18ra, bidaiak 2019ko aldi berean baino “% 4,42” gitxiago izan dira, baina 2021eko egun berberetan baino “% 20,17” gehiago .

Adierazle horreek pandemia aurreko zifretara “hurbiltzea” dakarre, foru arduradunaren berbetan, Bizkaibuseko erabiltzaileen abuztura arteko datuak 2019koak baino “% 10” txikiagoak ziralako. Gómez Viarrek baieztu dau deskontu horreek ondorioak izan dituela foru autobusen erabileraren zifretan, eta garraio publikoan tarifak murrizteko politika hori “oso positibotzat” hartu daitekela, “baliabide gitxien dauen jenteak garraio publikoa gehiago erabiltea” ahalbidetu dabelako eta Bilbo metropolitarrean ingurumena hobetzea ekarri dauelako. Ibilgailu pribaduen sarrerek behera egin dabe Bizkaiko uriburuan, “300.000” gitxiago, baieztu dauenez.

Eskualdeka, bidaiei buruzko datuek desbardintasunak erakusten ditue. Alde batetik, Bizkaibuseko linea batzuek gora egin dabe. Adibidez, Leioako campusera doazan autobusak edo Balmasedatik datozanak. Beste musturrean Durangaldeko eta Eskumaldeko eta Ezkerraldeko lineak dagoz. Azken horreek eragin handiagoa jasan dabe, Metro Bilbaoko eta Renfe aldirietako trazadurakaz bat datozalako, hurrenez hurren.


NEURRI FISKALAK

Beste alde batetik, osokoan jakin dogu Bizkaiko Foru Aldundiak luzatu egingo dituala 2023an aurton gaur egungo egoera ekonomikoaren aurrean onartutako neurri fiskalak, eta, “zer edo zer gehiago egin behar bada, egingo dala”, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak iragarri dauenez. Holan, Elkarrekin Bizkaiak Foru Gobernuak gaur egungo egoera ekonomikoari aurre egiteko zerga neurri barrien aurreikuspenei buruz egindako erantzun-eskeari erantzun deutso.

Rementeriak aurton martxan jarri diran hainbat ekimenen luzapena aitatu dau, horreen artean PFEZaren deflaktazinoa –% 5,5ekoa 2022an eta % 2koa 2023an– eta 35.000 eurotik beherako zerga-oinarria daukien aitorpenetarako 200 eurorainoko kenkaria Errenta aitorpenean. Horrez gain, Rementeriak hobekuntza fiskalen artean sartu dau gastuen konpentsazinoko forfait-a % 15eraino handitzea behargin autonomoentzat eta mikroenpresentzat, eta % 70eraino merkantzien garraiorako eta lehen sektorerako. 2023an Bizkaiak izoztu egingo ditu katastro balioak eta prezio publikoak.

Eneritz de Madariaga talde morearen bozeroaleak kritikau dauenez, “ez dago ezer barririk”, neurri horreek “daborduko iragarrita egozalako”, eta, “luzapenetatik harago”, erreforma fiskala eskatu dau, Bizkaiko egungo zerga-sistemea “bidebakoa eta atzerakoia” dalako. “Estaduko inon planteau ez diran” erreformak dira, erantzun dau Rementeriak. Bere eretxiz, lurraldeko zerga-sistemea “egonkorra, aurrerakoia eta zuzenenetakoa da”, Europagaz alderatuta. 

Fiskalidadea barriro agertu da EH Bilduren ahozko erantzun-eske batean. Orain dala gitxi, “Askatasunaren Aurrerapenerako Fundazinoak” eta “Tax Foundation” izenekoak argitaratzen daben Lehiakortasun Fiskalaren Indize Autonomikoa argitaratu da. 2022an, Bizkaia bigarren postuan dago, Madrilen atzetik, 2021eko posizinoak errepikauta. EH Bilduko Arantza Urkaregi batzarkideak, lurralde bakotxean ordaintzen dan zerga mailea adierazoten daben indize horren gaineko balorazinoa eskatu dau.

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak ez dau gai hori balorau gura izan, “bere interes propioei erantzuten deutsen” fundazino baten eretxi “partikularra” dalako. “Ez da positiboa, ezta negatiboa be”; edozelan be, “oso mugatua” da, beste gai batzuk alde batera ixten ditualako. Zerga-sistemak “euren osotasunean” aztertu behar dira, esan dauenez.

Itaun batean, Talde Berezia-PP Bizkaiak Aldundiaren gardentasuna hobetzea eskatu dau, bizkaitarrek modu “errez eta berehalakoan” eskura daien Bizkaiko Foru Aldundiak egiten dituan eragiketa ekonomikoei buruzko informazino guztia. Batuz sistemak Aldundiaren esku jarten dau lurraldeko enpresek eta profesionalek egiten dituen eragiketa guztiei buruzko informazinoa, eta, horregaitik, Eduardo Andrade talde horretako bozeroaleak alkarrekikotasuna eskatu dau.

Iruarrizagak berretsi dau Batuzek zergadunen informazinoa lortzeko eskubidea emoten deutsola Aldundiari, eta informazino hori “ezin dala beste administrazino-eremu batzuetara estrapolau”. Aldundiak badauka “nahiko ondo” funtzionetan dauen eta Batzar Nagusiek onartutako Gardentasunari buruzko Foru Araua beteten dauen gardentasun-sistema bat. Foru Gobernuarentzat informazino-sistema barria sortzea “ez da lehentasunezkoa”; izan be, herritarrek erakundearen webgunean daukie daborduko informazino ekonomiko-finantzario “guztia” jasoten dauen sistemea, eta bertan “gero eta informazino gehiago” eta “ahalik eta arinen” sartzen da.


ADINEKOEN ZAINKETEA ETA INDARKERIA MATXISTEA

Beste itaun baten, Izaskun Duque EH Bilduko batzarkideak osokora ekarri ditu iraupen luzeko zainketen ereduari buruz “Bay of Biscay Bay of Care” txostenean egiten diran lau gomendioak, eta, zehatzago, adituek politika publiko horreen diseinuan parte hartzea bermatzeko eta arretaren jarraitutasuna, zainketen kalidadea eta beharginen plangintzaren hobekuntzea egiaztetako egiten dan planteamentua. Koalizino abertzaleak, txosten hori aintzat hartuta Bizkaiko parlamentura hobekuntza-proposamenak ekarteko konpromisoa hartu dau.

Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuak “banan-banan” erantzun deutse adituek txosten horretan planteau dituen proposamenei. Azkenengo bersinoa urriaren 4an aurkeztu eben, Euskalduna Jauregian. Bere sailak azterketa horren eukian sakontzeko “hausnarketea” egingo dauela azaldu dau. Zehatzago, Murillok aitatu dau parte-hartzearen kapituluan laster lantaldeak sartuko dirala Uribeko gizarte-zentroetan, beste 14 zentrotan egin dan moduan, Birjinetxetik hasita. Bere sailak, jardunbide egokiak plan espezifiko baten bidez zabaltzea be planteetan dau, eta “abenduaren amaieran” EtxeTICek bere funtzionamentuari buruzko balorazino barria eukiko dauela esan dau.

EH Bilduri erantzunez, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuak iragarri dauenez, “azaroaren 11n”, Indarkeria Matxistaren Behatokiaren osoko bilkuran, Bizkaiko 112 udalerrietarako “baliabideen mapea” aurkeztuko da, “emakumeen kontrako indarkeria kasuen bolumenari eta ezaugarriei buruzko datuak erregistretako sistema homogeneoa” garatzen jarraitzeko, 2020ko urtarrilaren 22an Batzar Nagusien osokoak eskatu eban lez.