USANSOLOKO HERRITARREK UDALERRIAREN ERDIUNEAN METROAREN GELTOKIA EGITEA ESKATU DABE BATZAR NAGUSIETAN

  • Galdakaoko auzoa izan zaneko herritarren “Geltokia Erdigunean” plataforma barriak 5. linearen amaierearen diseinuan moratoria bat planteetako eskatu deutse Batzar Nagusietako taldeei.

 

(Bilbon, 2024ko bagilaren 21ean). Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordea gaur goizean alkartu da, sortu barri dan eta izenak adierazoten dauen lez, eregiko dan 5. Linean euren udalerriaren erdiunean geltokia eregitea eskatzen dauen Usansoloko Geltokia Erdigunean Plataformaren eskariei erantzuteko. Ez dabe onartzen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakundeak anezka-zerbitzua izango dauen geltokia herrigunetik urrun egiteko hautatu dauen aukerea. 

Jon Atxutegi Gutierrezek eta Josu Grandival Maguregik, Bizkaiko 113. udalerriko herritar “guztien” ordezkari lez, Bizkaiko Parlamentuan arauz besteko proposamen bat “arin” onartu deiela eskatu deutsee Batzar Nagusietako taldeei, Eusko Jaurlaritzari “moratoria” bat aktibetako eskatzeko, geltokia ospitaletik gertu izango dauen eta Galdakaoko auzoa izan zanera emoten dauen sarbidea 100 metro luzatzea aurreikusten dauen proiektua geldiarazoteko.

Hain zuzen be, ekimen parlamentarioaren testuak ETSri eta Eusko Jaurlaritzari “Bilboko Trenbide Metropolitarraren 5. linearen eraikuntza proiektua idazteko zerbitzuaren kontratua egikaritzean moratoria bat apliketea” eskatzeko esaten deutso Aldundiari, “Usansoloko erdiunean metroaren geltoki bat zehaztu eta ezarri arte”.

Plataformaren eretxiz, aukeratutako proiektua gauzatuz gero, Usansolok “galdu egingo leuke”, gaur egungo egoereagaz alderatuta, une honetan badaukalako bertako biztanleak “17 minututan” Bilbon ixten dituan Euskotrenen geltokia erdiunean. Guztira 300 milioi euro baino gehiagoko kostua izango dauen egungo alternatibak (5. linea) proponidutako trazadureagaz, “30 minutu baino gehiago” beharko litzatekez ibilbide bera egiteko.

Usansoloko herritar “guztien” eta udalerri horretan ordezkaritzea daben hiru alderdien (Usansolo Herria, EH Bildu eta EAJ-PNV) izenean, Euskotrenen geltokia kenduko dauen proiektuaren inguruan herritarren artean dagoan “ardurea” erakutsi dau Atxutegik. Hori dala eta, “alderdi politikoetatik aparte” sortu dan plataformarentzat “alternatiba bakarra” metroaren geralekua herriaren erdian eregitea proponiduten dauena da. Horren kostua “35 milioi eurokoa” dala kalkulau da SENER ingeniaritzaren kalkuluetan.

Geltokia Erdigunean plataformako bozeroaleak adierazo dauenez, aldarrikapen hori “ez da kapritxoa”. “Datuakaz” erakutsi gura izan dau“alternatibarik onena” erdiunean geltoki bat eregiteko planteamentua dala. “35 milioi ez da dirua udalerri oso baten mobikortasuna desagerrarazoteko”, esan dau. Egungo anezkaren proiektuak “832” bizilagun ixten ditu geltokitik 5 minutu baino gitxiagora. Plataformak defendiduten dauen proiektuagaz, herritar onuradunek “halango bi” izango litzatekez, “1.754” persona, hain zuzen be.

Grandivalek, bere aldetik, esan dau ez dala onargarria “300 milioi euro baino gehiago” gastetea erdiunean “oso ondo funtzionetan dauen” geltokia kentzea planteetan dauen linea batean. Galdakaoko, inguruko herrietako eta ospitaleko mobikortasunaren hobekuntzak ez dau Usansolori “kalte” egiten deutson proiektuaren eskutik etorri behar.

Hilebete biko ibilbidearen ostean, plataformak hainbat mobilizazino egin ditu, “4.000 sinadura baino gehiago” lortu ditu eta, arlo politikoan, talde politiko “guztiakaz” batzartu da, bere idea defendiduteko. “Ezin dogu eskubiderik galdu. Udalerriaren erdian geltokia izaten jarraitu gura dogu”, esan dau.

Usansoloko herritarrek berretsi dabenez, euren helburua “zuon –Batzar Nagusietako taldeak– eta gure artean zubiak eregitea da”, baina Atxutegik ohartarazo dauenez, “alkarrizketa hutsa ez da nahikoa, ekintzak gura doguz”, herritarrak “nekatuta” dagozalako. Enpresa esleipendunak 12 hilebeteko epea dau orain behin betiko trazadurea diseinetako. Aldi horretan, plataformak ez ditu mobilizazioak baztertzen. Herritarrak “mobilizetako oso prest” dagoz, adierazo dau.