BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEK EUREN KULTUR ONDARE BALIOTSUA HURBILDUKO DABE, GERNIKAKO, ABELLANEDAKO ETA GEREDIAGAKO EGOITZETAN IBILBIDE GIDAUAK EGINEZ

  • Bizkaiko parlamentuak bat egin dau Ondarearen Europako Jardunaldiakaz, eta horretarako kultur ibilbideak atondu dira Gernikako eta Gerediagako Batzar Etxeak ezagutarazoteko, Enkarterriko Museoko “Lantegietako Emakumeak. Cadagua Haraneko 11 Fabrika” izeneko erakusketea ikusteko eta Balmasedako antxinako lau industria-gune (orain kultur zentro bihurtuta dagoz) bisitatzeko.
     
  • Ekitaldiok doakoak dira, baina aurretik erreserbea egin behar da, sarrerea mugatua dalako.

 

(Bilbon, 2022ko irailaren 29an). Bizkaiko Batzar Nagusiek bat egin dabe aurten be Foru Aldundiak koordinetan dituan Ondarearen Europako Jardunaldiakaz. Ekitaldi horreek Gernikako, Abellanedako eta Gerediagako egoitzetan egingo dira datorren urrian.

Programautako jarduerak urriaren 9an hasiko dira Enkarterrietako Museoan. “XXI. mendea eta industriaren ondarea” izenburupean, Bizkaiko Batzar Nagusien Enkarterrietako Museoak ibilbide berezia antolatu dau Cadagua haraneko hainbat fabrika ezagutzeko. Fabrika horreek XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen hasierara bitartean eregi ebezan eta ekarterritarren bizitza aldatu eben. Ibilbidea Sopuertan, museoan bertan, hasiko da “Lantegietako emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika” erakusketea abiapuntu dala. Handik autobusez Balmasedara joan eta hainbat leku esanguratsu ikusiko dira: Klaret Antzokia (lehengo eleizea), Kultur Etxea (lehengo eskolea), Balmasedako Museoa (lehengo elizea) eta Horkasitas Jauregia (egungo kultur zentroa). Hiru orduko ibilbide kulturala da Enkarterriko iragan industrialean zehar. Antxinako espazio  industrial horreen eraldaketa ezagutzeko aukera ederra izango da.

Lekua, eguna eta ordua: Enkarterrietako Museoa. Domekea, urriak 9. Jarduerea: 10:00etatik 14:00etara.

 

Era berean, Gernikako Batzar Etxean egiteko ibilbide gidaua prestau dabe Batzar Nagusiek urriaren 10erako eta 22rako. Gernikako Foru egoitza hori 1828an eregi eben eta garai barrietara egokituz joan da,  Erdi Aroko Batzarretatik gaur egungo parlamentu modernora. Erabilera barriak garai barrien ondorio dira, aspaldiko sasoietatik gaur egunera arte aldaketa sakonak izan diralako. Hortik dator, bada, jarduerearen izenburua: “Erdi Aroko batzarretatik gaur egungo parlamentura”.

Lekua, eguna eta ordua: Gernikako Batzar Etxea. Urriak 10 eta 22, 12:00etan. 

 

Azkenik, Gerediaga Elkarteagaz lankidetzan, urriaren 23an, domekan, Gerediagako Batzar Etxea (antxina Durangoko Merindadeko Batzarrak bertan egiten ziran) ezagutzeko gonbitea luzatzen dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek. Gerediagan batzartzen ziran eskualdeko ordezkariak, atzeladean Gerediagako San Salbador eta San Klemente ermitea ebela, eta aurrez aurre Durangaldeko mendi-lerro ederra. Mugarriakaz osaturiko plaza biribil baten inguruan egiten ebezan merindadeko batzarrak. Gaur egun, 2003an zaharberritutako ermitearen barruan egiten dira Bizkaiko Batzar Nagusien Osoko Batzar batzuk, urtean behin.

Lekua, eguna eta ordua: Gerediagako Batzar Etxea. Urriak 23, domekea, 11:00etan, euskeraz; eta 12:15ean, gaztelaniaz.

 

Izen emoteak:

https://ondareabizkaia.eus