EUSKARALDIAK ERABATEKO ADOSTASUNA LORTU DAU BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN

  • Bizkaiko parlamentuak bat egin dau Euskaraldiaren hirugarren edizinoagaz, eta ekimenean parte hartzeko deia egin deutse herritarrei.

 

(Gernikan, 2022ko zemendiaren 24an). Beste edizino batez, hirugarrena daborduko, Bizkaiko Batzar Nagusiek euskerearen aldeko Euskaraldia ekimenagaz bat egin gura izan dabe. Holan, Batzar Nagusietako talde guztiek, ohiko osokoaren ostean, pose sinbolikoa egin eben atzo Batzar Nagusietan, ekimen horri aho batez babesa adierazoteko eta bizkaitarrei zemendiaren 18an hasi eta abenduaren 2ra arte luzatuko dan eta "Hitzez ekiten garaia" leloa izango dauen edizinoan parte hartu daiela eskatzeko.

Aurton Euskaraldiaren helburua kaleak betetea izango da, euskeraz berba egitea inoiz baino errezagoa izan daiten. Bizkaiko Batzar Nagusiek lau Arigunegaz (Gernika, Abellaneda, Batzar Nagusietako beharginak eta taldeetako kideak) egin dabe bat ekimenagaz, Belarriprest eta Ahobiziek euskeraz berba egiteko aukera barriak izan daiezan.

Euskaraldia Bizkaiko parlamentuak euskerea sustatzeko bultzatzen dituan egitasmoetako bat da, eta gizarte euskaldunagoa lortzea dau helburu. “Euskerea indartu eta sustatu behar dogu. Hartu-emon pertsonal eta profesionaletan egunez egun erabiliz, gure hizkuntza zabaltzen eta zaintzen ari gara. Bizkaiko Batzar Nagusietatik belarriprest edo ahobizi lez euskeraz bizitzera eta erabilerea sustatzera animau gura doguz herritar guztiak”, adierazo dau Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak.