BIZKAIKO TXIKIEN OSOKOAK OSASUNERAKO ESKUBIDEA ALDARRIKATU DAU UMEEN EGUN UNIBERSALEAN
- Gernikako Batzar Etxeak lurraldeko lau barrutietako 10 ikastetxetako ia 300 ikasle bildu ditu, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Unicef Euskadik alkarregaz antolatu daben Ezohiko Batzarrean.
- Adinbakoek eta arduradun politikoek osasunerako eskubidea Umeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 17. eta 24. artikuluetan jasotako ikuspegi integraletik erreibindiketako adierazpena sinatu dabe Gernikan.
- 12 eta 14 urte bitarteko 650 ikaslek baino gehiagok parte hartu dabe hilebeteetan zehar Gernikan irakurritako adierazpenaren testua adosteko bileretan eta taldeetan.
(Gernikan, 2023ko azaroaren 20an). Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Unicefek “Emon ahotsa zure balioei” proiektuaren barruan antolatuta, Gernikako Batzar Etxeak umeei buruzko beste osoko monografiko bat jaso dau gaur. Aurton, ekitaldiak bat egin dau Umeen Eskubideen Egun Unibersalagaz, eta lurraldeko ume eta gazte guztien ordezkari lez 12 eta 14 urte bitarteko ia 300 ume bildu eta osasunerako eskubideari buruzko aldarrikapen berezia irakurri dabe. Osasunari ikuspuntu desbardinetatik (osasun fisikoa, osasun mentala, osasun soziala eta osasun ekonomikoa) heltzeko beharra azpimarratu dabe, baita prebentzinoaren, detekzinoaren eta tratamentuaren ikuspegitik be.
Bizkaiko 10 ikastetxetako (Ermuko San Pelayo Ikastetxea, Mungiako institutua, Leioako Askartza Claret, Arratzuko Barrutialde institutua, Portugaleteko Nuestra Señora del Carmen, Bilboko Ikasbide Ikastetxea, Balmaseda institutua, Ortuellako San Felix Ikastola, Durangoko San Antonio Ikastetxea eta Orduñako Antzinako Andra Mari) bigarren hezkuntzako bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek eztabaida publikoan parte hartzeko eskubidea erabili dabe Gernikan, lurraldeko ordezkari politikoakaz partekatu daben adierazpenaren bidez. Aurtengoa Bizkaiko Txikien Osokoaren seigarren edizinoa izan da.
Ezohiko batzar horretan, ikasleek, osokoen aretoaren eta beirateko aretoaren artean banatuta, osasuna ekintza politikoaren erdiunean jarriko dauen gizartea aldarrikatu eta “herrialde guztiek babestu beharreko lehentasunezko gai” bihurtu dabe. Halan dago jasota, ohartuarazo dabenez, Giza Eskubideen Adierazpenean eta Umeen Eskubideei buruzko Konbentzinoaren (UEK), 17. eta 24. artikuluetan. Gazteak agintari politikoei euren eskubideak bermatzeko ahal dabena egiteko eskatzeko etorri dira Gernikara, “horreetan lan egitea gure etorkizuna defendidutea dalako, baina baita gure oraina be”, dino adierazpenak.
Umeen osokoaren buru Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Isidro Elezgarai Unicef-eko Euskadiko Batzordeko presidentea izan dira, eta eurekaz batera Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaiko kideak, Amaia Antxustegi Gizarte Ekintzako foru diputatua eta Batzarretako talde guztietako ordezkariak egon dira.
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ikasleen komunidadeko kide guztiak zoriondu ditu, baina modu berezian aurton edizino honetan Bizkaiko lau barrutietako ikastetxeetatik parte hartu daben 650 parte-hartzaile baino gehiago, egindako beharrarengaitik. Otaduik bat egin dau umeen eta gazteen aldarrikapenakaz, eta ohartuarazo dau “garrantzitsuena ez dala eskubide horreek ezagutzea, eskubide horreek beteteak eguneroko bizitzan zelan eragiten dauen ulertzea eta erantzukizun etiko eta moralak hartzea baino”.
Beste alde batetik, Isidro Elezgarai UNICEFeko Euskadiko Batzordeko presidenteak nabarmendu dau Txikien Osoko hau gure lurraldeko ume eta nerabeen ahotsa eta aldarrikapenak entzuteko aukerea dala, gehien kezkatzen dituen gaiei buruz gazteek eretxia emoteko daben eskubidea bultzatzeko funtsezko gunean. Unicef-eko Euskadiko Batzordeak bultzatzen dituan parte-hartzeko espazio horreek “funtsezkoak dira ume eta nerabe bakotxaren eskubideak autortuta eta errespetauta egongo diran gizarte bidezkoagoak, baketsuagoak eta inklusiboagoak garatzeko, estereotiporik eta diskriminazinorik barik eta inor atzean itxi barik”.
Aurton, umeek osasunerako eskubidearen inguruan behar egitea aukeratu dabe, eta UNICEFek osasun mentala zaintzearen garrantzia be gogorarazo gura izan dau. “Tristurea, mina edo ansiedadea umezaroko eta nerabezaroko bizitzaren parte dira. Osasun mentala alde batera ixten dogunean, ikasteko, behar egiteko eta hartu-emonak ezarteko gaitasuna ahultzen dogu. Funtsezkoa da gure gizarteetan osasun mentalagaz erlazionautako arazoak ez alboratzea eta estigmatizeteari ixtea”, eskatu dau Elezgaraik.
Aurreko edizinoetan lez, ekitaldia une handietako protokolozko zeremonian bilduta egon da. “Agurragaz” eta Gernikako Arbolaren ondoan egindako familiako argazkiagaz hasi da. Euren aldarrikapenak azaldu ostean, gazte talde batek, ordezkari politikoakaz batera, urteroko Adierazpenean eta, ostean, Batzar Etxeko Ohorezko liburuan, sinatu dabe.