BIZKAIKO OSOKO TXIKIAK UME ERREFUXIATUEN ESKUBIDEEN ALDEKO ALKARTASUN MEZUA ZABALDU DAU
- Umeen Eskubideen Egun Unibersalerako egun gitxi falta diranean, Gernikako Batzar Etxeak Bizkaiko 250 ikasle alkartu ditu bere Ezohiko Batzar handian.
- Bizkaiko 12 ikastetxetako umeek, Bizkaiko ume guztien ordezkari lez, eta arduradun politikoek ume errefuxiatuen duintasunerako eskubidea berresteko eta diskriminazinorik bako gizarterantz pausuak emoteko adierazpena sinatu dabe Gernikan.
- 900 ikaslek baino gehiagok hartu dabe parte adierazpenaren testua adosteko bileretan eta taldeetan, inoiz baino gehiagok.
(Gernikan, 2022ko zemendiaren 18an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, Unicefegaz alkarlanean, umeei buruzko osoko monografikoa antolatu dabe gaur Gernikako Batzar Etxean. Sinbolismoz betetako ekitaldian, Umeen Eskubideen Egun Unibersalerako (zemendiak 20) egun gitxi falta diranean, 12 eta 14 urte bitarteko 250 ume lurraldeko ume guztien ordezkari izan dira. Hilebeteetan ia mila ikaslek landu daben ume errefuxiatuen eskubideen aldeko aldarrikapen berezia irakurri dabe.
Barrutialde, Balmaseda eta Mungiako institutuetako eta Nuestra Señora del Carmen, San Felix Ikastola, Ikasbide Ikastetxea, Berri-Otxoa, Lauro Ikastola, Askartza Klaret, San Antonio Ikastetxea, San Pelayo Ikastetxea eta Antzinako Andra Mari ikastetxeetako bigarren hezkuntzako ikasleek eztabaida publikoan parte hartzeko eskubidea erabili dabe Gernikan, lurraldeko ordezkari politikoakaz partekatu daben adierazpenaren bidez. Adierazpen hori Osoko Txikia izenaz ezagutzen danaren bosgarren edizinoan irakurri da.
Daborduko pandemiak beste urte batzuetan eragin dauen murrizketetatik aldenduta egin dan ezohiko batzarrean, hemizikloaren eta beiratearen aretoaren artean banatutako ikasleek ume errefuxiatuen duintasuna bermatzeko eta diskriminazinorik bako gizarterantz pausuak emoteko exijidu dabe. Printzipio horreek Umeen Eskubideei buruzko Konbentzinoan jasoten dira.
Gazteak Gernikara joan dira agintari politikoei eskatzeko ahal daben guztia egin daiela errefuxiatuen eskubideak bermatzeko. “Lehentasuna izan beharko leuken gaia da, eta herrialde guztiek babestu beharko leukie”. “Modu sistematikoan, neurri handiagoan edo txikiagoan, giza eskubideen urraketak jasaten dituen personak dira. Irainak LGTBI+ kolektibokoei, errazoi patriarkalek eragindako eskubide-bakotzea, umeen esplotazinoa, gerra zibilak, nagusitasun etnikoak…”, irakurri daiteke Adierazpenean.
Umeak eta nerabeak “nahikoa da” esateko batu dira, “lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak sortu ez daitezan”. Modu berean, “batzuk diskriminatzean besteei dana eskaintzeak erakusten dauen enpatia faltea” arbuiatu dabe. Modu berean, “gizarte lez bereizten gaituen aniztasuna besarkatu gura izan dabe, desbardintasunak aberastasun kultural eta pertsonalerako aukera lez ulertuta”. Eta, politikariek herritarrengan eragina daukien araudi ugari onartzen dituen Gernikako Batzar Etxeak eskaini deutseen bozgorailutik egin dabe. Gaur, baina, ordezkari politikoek lurraldeko umeen eta nerabeen aldarrikapenak jaso ditue. Gazteek umeen eskubideak “alde batera ez ixteko eskatu deutsee, horretan behar egitea etorkizuna, baina, batez be, oraina, defendidutea dalako”.
Umeen osokoaren buru Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria eta Isidro Elezgarai Unicefek Euskadin dauen presidentea izan dira, eta hareekaz batera Mahaiko kideak, Bizkaiko Batzar Nagusietako talde guztietako ordezkariak eta Unicefeko beste ordezkari batzuk izan dira.
Umeen Eskubideen Egun Unibersalerako egun bi falta diranean, parlamentuko lehendakariak zorionak emon deutseez ikasle-komunidadeko kide guztiei, aurtengo edizinoan parte hartu daben 900 lagunei baino gehiagori, batez be. Inoiz baino partaide gehiago izan dira Osoko Txiki hau egiten danetik. Otaduik bat egin dau aldarrikapenakaz, errefuxiatuak, hainbat gatazkaren eta gerraren ondorioz, horreen artean Ukrainakoa, euren jaioterritik joan behar izan daben personak, oroituz. Gogora ekarri dauenez, aurtengo aldarrikapenaren ardatza “babeslekua izateko eskubidea munduko ume guztientzat” da.
Beste alde batetik, Isidro Elezgarai UNICEFen Euskadiko Batzordearen presidenteak nabarmendu dau Osoko Txiki hori aukera parebakoa dala “umeek eta nerabeek esaten deuskuena eta aldarrikatu gura dabena entzuteko”. UNICEFek beharrean jarraitu gura dau, Umeen Eskubideei buruzko Konbentzinoa eta 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helburuak “ibilpide-orri lez” hartuta, “ume eta nerabe bakotxaren eskubideak autortuta eta errespetauta egongo diran gizarte bidezkoak, baketsuak eta inklusiboak sustatzeko, estereotipo eta diskriminazino barik, inor atzean itxi barik”, esan dau.
Ekitaldia egun handien protokolozko zeremonian batuta egon da. Gernikako Arbolaren ondoan egin dan “agurragaz” eta familia-argazkiagaz hasi da. Ordezkari politikoen aurrean euren aldarrikapenak azaldu ostean, protagonista gazteek Batzar Etxeko Ohorezko Liburuan sinatu ostean amaitu da osokoa.