BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK FORU ALDUNDIARI ZUZENDUTAKO ZAZPI EBAZPEN PROPOSAMEN ONARTU DITU

  • Politika Orokorreko osokoaren jarraipen-saioan eztabaidatzeko hasieran aurkeztutako 20 ekimenetatik, Bizkaiko foru parlamentuak, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen ebazpen bateratu bi, talde horreek oposizinoagaz adostutako beste hiru eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren proposamenez aurkeztutako beste azken bat onartu ditu gaur Gernikan.
     
  • Foru Aldundiari zuzendutako aginduen artean hau eskatzen da: foru-egoitzen eta eguneko foru-zentroen berokuntzarako azterlan bat egitea; etxebizitzarako sarbidea errazten daben neurri fiskaletan sakontzea eta egoera zaurgarrian dagozan gazteentzako zuzkidura-apartamentuetarako higiezinen birgaitzea eta birmoldaketea bultzatzea; 2027a amaitu orduko garraio publikoan tarifa-sistema integratu eta elkarreragingarria sortzea eta landa-inguruneko garraioa hobetzea; etxeTIC eredua lurralde osora zabaltzea; eta arrazakeriaren, xenofobiaren eta gorrotozko diskurtsoen kontrako estrategia espezifikoa txertatzea.

 

(Gernikan, 2026ko urriaren 6an). Gernikako Batzar Etxean gaur goizean egindako Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, joan dan eguazteneko Politika Orokorreko saioaren jarraipenak, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztutako zazpi Ebazpen Proposamen onartu ditu guztira, hasieran erregistrautako hogei ekimen ingurutatik. Agindu bi Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztutako idazkietakoak dira; beste laurak, foru gobernuari eusten deutsien talde biek oposizinoagaz erdibideko zuzenketa-eske bidez adostutako ekimenak dira, zehatzago hiru Elkarrekin Bizkaiagaz eta bat EH Bildugaz; eta azkena, talde moreak bakarka aurkeztutako ekimena.

Aurkeztutako 20 ekimen parlamentarioek (gehienez bost Batzar Nagusietako talde bakotxeko) Bizkaiko ahaldun nagusiak joan dan astean, legegintzaldiko azkenengo Politika Orokorreko osokoan, jorratutako zenbait gai jasoten ebezan. Joan dan eguaztenean, Elixabete Etxanobe Landajuelak bere kudeaketearen urteko balantzea egin eban eta politika-ikasturtearen gainerakorako bere gobernu-taldearen konpromisoak banan-banan azaldu ebazan. Agintalditik geratzen danerako Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur onartu dituen zazpi ekimenak kontuan hartu beharko ditu.

Osokoak, aldaketarik barik, foru gobernuari eusten deutsien talde biek batera ekarritako proposamen bi onartu ditu. Alde batetik, energia-trantsizinoaren eta industria-deskarbonizazinoaren alorrean, talde biek aurrera atera dabe sare adimendunetan eta erregai barriztagarrietan bide-orri teknologikoak garatzeko proposamena, eta bertan foru-egoitzen eta eguneko foru-zentroen berokuntzarako azterlan bat egitea sartu dabe.

Gazteentzako eta familientzako etxebizitza-eskaintza eskuragarria sustatzeko, jeltzaleek eta sozialistek neurri fiskalen garapenean sakontzea eskatu deutsie Aldundiari. Ildo horretatik, Bizkaiko foru parlamentuak egoera zaurgarrian dagozan gazteentzako zuzkidura-apartamentuetarako higiezinen birgaitzea eta birmoldaketea bultzatzea (eraikuntza jasangarrian trebatuz) eta lurzoru eta higiezin publikoak beste erakunde batzuekaz lankidetzan mobilizetea onartu dau.

Hasierako planteamentuan aldaketarik barik, osokoak Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren ebazpen bat be onartu dau, Aniztasun eta Kohesino Sozialeko II. Planaren barruan arrazakeriaren, xenofobiaren eta gorrotozko diskurtsoen kontrako estrategia espezifikoa txertatzeko. Planteamentu horretan, zehatzago, Aldundiaren komunikazino instituzionalean eskubideen ikuspegia apliketea eskatzen da, adinbakoaren interes gorenean eta tutoretzapeko adinbako migratzaileen estigmatizazino ezean oinarrituta.

 

ERDIBIDEKO ZUZENKETA-ESKE BIDEZ OPOSIZINOAGAZ ADOSTUTAKO LAU PROPOSAMEN

Horrez gain, osokoak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek oposizinoko hiru taldeetako bigaz adostutako beste lau ebazpen proposamen onartu ditu.

EH Bildugaz, jeltzaleek eta sozialistek 2027a amaitu baino lehen, zonifikazino sinplifikaua, erabilerearen eta egoera sozioekonomikoaren araberako tarifa progresiboak eta operadoreen arteko garraiobide-aldaketen dobakotasuna dituan tarifa-sistema integrau eta elkarreragingarria garatzea adostu dabe. Horrez gain, ebazpen horrek Garraioaren Lurralde Agintaritzea eratzea eta Bizkaibusen “deskarbonizazino bizkortua” aurreikusten ditu, flotea emisino gitxiko eta zero emisinoko ibilgailuakaz barriztauz.

Foru gobernuari eusten deutsien taldeek Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiagaz sinatutako hiru akordioetako batek hobekuntzak ezarri ditu garraio publikoan, baina oraingoan landa-inguruneari begira. Halan, Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, egungo agintaldia amaitu baino lehen Lea-Artibain eta Enkarterrin Bizkaibusen sarean integrautako “landa-garraio publikoko zerbitzua” martxan jartea onartu dau, auzoak eta sakabanatutako guneak eskualde-buruakaz eta oinarrizko zerbitzuakaz lotzeko.

Bizkaiko foru parlamentuak EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Bizkaiak personak euren ingurunean geratzea errazteko etxeTIC eredua Bizkaiko eskualde eta landa-eremu gehiagotara zabaltzeko sinautako erdibideko zuzenketa-eskea be onartu dau. Ekimenak, sinatzaileen berbetan, politika sozialak eta sanitarioak etxebizitzeagaz, enpleoagaz eta mobikortasunagaz koordinetan dituan zaintzen gobernantza zeharkakoa eta erakundeen artekoa sustatzen dau.

Eta, azkenik, hiru talde horreek “Bizkaia Gazteak 2030” eta “Udal Gaztedi” planak sendotzearen aldeko apustua egin dabe, kalidadezko gazte-enpleoa bultzatzeko, alokairu-erregimeneko etxebizitza eskuragarrirako sarbidea errazteko eta egoera zaurgarrian dagozan gazteen ondoizate emozionalaren, inklusinoaren eta gura ez dan bakardadearen prebentzinoaren inguruko programak indartzeko.

 

ONARTU EZ DIRAN EBAZPENAK

Osokoak ez ditu onartu oposizinoko hiru taldeek erregistrau dituen beste 12 ebazpen proposamen: Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren hiru, Bizkaiko Talde Popularraren bostak eta EH Bilduk aurkeztutako beste lau. Horreen bidez, oposizinoak Aldundiaren legegintzaldia amaitu arteko plangintzea eta lehentasunak baldintzatu gura ebazan foru proiektu eta zerbitzu desbardinetan.

Alde batetik, EH Bilduk Azpiegiturak soziedadea suspertzea eskatu dau, Lurzoruaren Foru Bankua sortuz eta pisuak erosteko eta birgaitzeko udalerri txikientzako laguntzak emonez. Horrez gain, talde horrek, arrakastarik barik, beste hiru gai planteau ditu: klima aldaketeak foru zerbitzuetan eta instalazinoetan dituan eraginak arintzeko sailez sail plan integral bat diseinetea; Urdaibaiko Legea modu parte-hartzailean eguneratuta Muruetako 100 metroko babes-zerrendea berrezartea; eta egoera zaurgarrian dagozan umeen eta nerabeen balorazinoan eta esku-hartzean itxaron zerrendak kentzeko Umeen Zerbitzuko plantilla teknikoa indartzea.

Beste alde batetik, osokoak Elkarrekin Bizkaia taldearen bost proposamenetatik hiru baztertu ditu. Batean, zerga-neurrien egungo proiektua kentzeko eta fiskalidade progresiboagaz ordezkatzeko eskatzen zan. Beste proposamenetan, Azpiegiturak soziedade publikoaren bidez, behin betiko alokairu babesturako higiezinak erosteko, eregiteko eta birgaitzeko programea eta mendeko personen egoitza-zerbitzuetan plantillak indartzea bultzatzea defendidu dabe.

Eta, azkenik, osokoak Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztutako proposamen guztiak baztertu ditu. Horreetan, 2026ko gabonilaren 31 baino lehen inoren kargura ez egozan adinbako migratzaileen harrera-zentroen sareko larregizko okupazinoari amaierea emotea eskatzen zan. Garraio publikoari jagokonez, popularrek Leioako Campuseko eta Bilboko Aireportuko sarbideak hobetzea eta maiztasuna handitzea planteau dabe, baita gaueko ordutegiak domekatik eguenera luzatzea be. Errepideko zerbitzu horreen osogarri, Leioako eta Getxoko metroaren 1. linea lurperatzea eta 4. eta 5. lineen eraikuntzea bizkortzea be eskatu dabe. Euskera eta enpleo publikoko politiketan, hizkuntza eskakizunak lanpostu bakotxaren benetako betekizunetara eta lurraldeko errealidade soziolinguistikora egokitzea eskatu dabe. Ganera, arlo ekonomikoan, lurraldean pisu industriala berreskuratzeko plana egitea planteau dabe; eta, fiskalidadean, PFEZn % 8ko deflaktazinoa egitea.