BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAKO OSOKOAK POLITIKA OROKORREKO EZTABAIDATIK ERATORRITAKO EBAZPEN PROPOSAMENEN ERDIA ONARTU DAU

  • Horreen bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Aldundiari, lehen sektorean, trantsizino berdean, migratzaileentzako eta gazteentzako arretan, erronka demografikoan, eskualdeko planetan, garraio publikoan, fiskalitatean eta estatus politiko barriaren bultzadan neurriak sartu edo bultzatu daizan.
     
  • Oposizinoagaz hitzartutako neurrien artean nabarmentzekoak dira Bizkaian menpekotasun egoerak prebeniduteko eta autonomia pertsonala sustatzeko Ituna; egoera kalteberenean dagozan personei PFEZ aitortzeko atalasea igotea eta kontziliazinorako beste tributu-neurri batzuk; Bizkaibusen aldaketak Enkarterrin eta Busturialdean; eta Eskualdeko Plan Estrategikoak bultzatzea.
     
  • Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak taldea, Euskadiren eta Espainiako Estaduaren arteko estatus politiko barria, Euskadi nazino lez aitortzea, erabagiteko eskubidea eta aldebikotasuna eskatzen dauen EH Bilduren proposamenaren alde agertu da.
     
  • Politika Orokorreko osokoaren jarraipeneko saioan eztabaidatzeko hasieran aurkeztu diran 20 ekimenetatik Bizkaiko Batzar Nagusiek 10 ebazpen onetsi ditue.
     

(Gernikan, 2024ko urriaren 2an). Gaur goizean Gernikako Batzarretxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, joan dan eguazteneko Politika Orokorreko saioaren jarraipenak, Batzar Nagusietako taldeek aurkeztutako 10 Ebazpen Proposamen onetsi ditu, erregistrautakoen erdia, hain zuzen be. Foru Gobernurako aurrera urten daben aginduen artean hiru Foru Gobernuari eusten deutsien taldeek –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– batera aurkeztu dituen ekimenei jagokez, bat EH Bildurena izan da eta beste sei Foru Gobernuari eusten deutsien taldeen eta oposizinoko talderen baten arteko erdibidekoak izan dira. 

Aurkeztutako 20 ekimen parlamentarioek (gehienez bost Batzar Nagusietako talde bakotxeko), joan dan astean Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Politika Orokorreko bere lehenengo osokoan landu ebazan hainbat gai jasoten ebezan. Joan dan eguaztenean, Elixabete Etxanobe Landajuelak Foru Gobernua zuzentzen egin dituan lehen 15 hilebeteen errepasoa egin eban, eta bere gobernu taldeak ikasturte politiko honetarako hartu dituan konpromisoak azaldu ebazan. Holan, Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur onartu dituen ekimenak Foru Aldundiaren gobernu programari gehituko jakoz.

Osokoak aldaketarik barik onetsi ditu gobernuari eusten deutsien talde biek alkarregaz ekarri dituen bost proposamenetatik hiru. Batzar Nagusiek Foru Gobernuari trantsizino berdea bultzatzeko politikak garatu daizan eskatzeko ekimenak onartu ditue. Horri jagokonez, Bizkaibuseko flotaren barriztapena, Bizkaibizi zerbitzua zabaltzea edo disuasino-aparkaleku barrien beharra aztertzea aitatzen dira, beste gai batzuen artean. Onartutako ebazpenen artean dagoz, halaber, erronka demografikoari eta bizitza-luzeari lotutako beharrizan, arazo eta aukeren ezagutzan sakontzea, eta migratzaileei administrazino-erregularizazinoa eta lan-merkaduan sartzea ahalbidetzeko laguntza-programak erraztea.

EH Bildugaz akordioa lortu ostean, Foru Gobernuari eusten deutsien talde biek aldaketa txiki batzuk egin ditue euren proposamen bitan. Akordio horretan oinarrituta, Foru Gobernuak finantzaketaz hornidu beharko dau Suspertze Plana, lehen sektoreagaz adostutako ibilbide orria. Modu berean, sinatu daben taldeek, menpekotasun egoerak prebeniduteko eta autonomia pertsonala sustatzeko “Itun” bat bultzatzea planteau dabe.

 

ERDIBIDEKO BESTE PROPOSAMEN BATZUK

Horrez gain, osokoak oposizinoak planteau dituan beste ebazpen proposamen batzuk be onartu ditu. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek akordioak lortu ditue Bizkaiko Talde Popularraren ekimen bi, Elkarrekin Bizkaiaren bat eta EH Bilduren beste bat aldatzeko.

Holan, jeltzaleek, sozialistek eta popularrek Aldundiari aurton egoera kalteberenean dagozan personen tributazinoaren PFEZ aldatzea eskatzeko erdibideko proposamena sinatu dabe, aitorpenaren atalasea eta Bizkaiko eboluzinoaren eta lan errenten atxikipenak igonda. Beste ekimen batean, hiru taldeak, aurton bertan, “zerga barrikuspenaren” arauzko proiektuaren barruan, kontziliazinorako neurri espezifikoen bitartez, bai PFEZn, bai Soziedadeen ganeko Zergan, erronka demografikoari aurre egiteko zerga arloko neurriak sartzearen alde agertu dira.

Garraio publikoaren hobekuntzek be eragin dabe Bizkaiko Batzar Nagusien akordioa. Kasu horretan, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz batera erdibidean adostutako Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren proposamen batek 2025eko aurrekontuetan garraio zerbitzuan gabezia handienak dituen eskualdeetan, Enkarterrin eta Busturialdean, hain zuzen be, Bizkaibusen ordutegietan eta maiztasunetan aldaketak martxan jarteko partidak sartzea eskatzen dau. Ekimen berean, Foru Gobernuari dei egiten jako garraio publikoaren tarifetan hobariakaz jarraitu daian, “beti be, Estaduko erregulazinoan eusten bajake”. Holan ez bada, BGPn adostutako aldi baterako tituluetan % 20ko hobariari eusteko eskatzen jako Aldundiari, erabilerearen eta errentearen erespideen araberako tarifa sistemea ezarri arte.

Bukatzeko, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeen akordio bati esker aurrera eroan ahal izan da koalizino abertzaleak eskualdeko plan estrategikoen inguruan egin dauen proposamena. Konpromiso horretan, eskualdeetako garapeneko eragileei zuzendutako programakaz jarraitzeko eskatzen jako Aldundiari, eskualde “guztietan” Plan Estrategikoak egiten lagunduz.

 

ERABAGITEKO ESKUBIDEA ETA ESTATUS POLITIKO BARRIA

Aurkeztu dauen bosgarren Ebazpenean, EH Bilduk Euskadiren eta Espainiako Estaduaren artean estatus politiko barria bultzatzeko eskatu dau, besteak beste, Euskadi nazino lez aitortzea, erabagiteko eskubidea eta aldebikotasuna kontuan hartuta. Proposamena Euzko Abertzaleak taldearen aldeko botoagaz onartu da. Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia abstenidu egin da, eta Bizkaiko Talde Popularrak eta Euskal Sozialistak –Gobernuko bazkidearengandik aldendu da– taldeek kontrako botoa emon dabe.

Proposamenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek “euskal autogobernua eguneratzeak gure eskumenak barritzea eta euskal gizartearen egungo eskaeretara eta beharretara egokitzea barne hartu behar dauela berretsi dabe”. Dokumentuan eskatzen da “Estatutua oso-osorik betetea, esperientzia autonomikoan murriztutako autogobernua berreskuratzea eta indarrean dagoan Estatutuan aurreikusitako eskumen guztiei jagokenez eskumenen quantuma handitzea, bai eta euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko, sozial, linguistiko eta kulturalak bermatzeko beharrezkoak diran eskumen guztiak eskumenen katalogo propioan sartzea be”.

Bigarren puntuan, Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkarien % 75ak onetsi dauen proposamenaren arabera, Euskadiren eta Espainiako Estaduaren arteko hartu-emonaren estatus politiko barriak elementu “berezi eta zentraltzat” hartu beharko dau Euskadi nazino lez aitortzea. Aitorpen horrek jasoko ditu “nazino bateko kide izatearen sentimentua, aniztasunaren aurreko errespetua, erabagiteko eskubidea, Euskal Herriaren Eskubide Historikoen erabilera osoa, eta aldebikotasuna Euskal Herriaren eta Estaduaren arteko hartu-emonetan”. Ebazpen-proposamenak jasoten dauenez, egungo autogobernuak Euskadi-Estadua esparrua gainditu behar dau, Euskadiren ahotsa Europako erakundeetan bermatzeko.

 

BAZTERTUTAKO EBAZPENAK

Beste alde batetik, osokoak ez ditu onartu joan dan astean erregistrau ziran ebazpen proposamenen beste erdiak: Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiaren lau, Bizkaiko Talde Popularraren hiru eta EH Bilduren beste hiru. Horreen bitartez, oposizinoko taldeek aldaketak sartu gura ebezan gizarte politiketan (egoitzak, bakarrik dagozan adinbakoak...), garraio publikoan, Urdaibaiko Guggenheimen proiektuan edo energia berdeko politiketan.

Oposizinoko hiru taldeek mobikortasun politiketan aldaketak egiteko ebazpenak defendidu ditue. Elkarrekin Bizkaiak Usansoloko erdialdean 4. lineako geltoki bat eregitea eskatu dau, eta puntu hori Bizkaiko Talde Popularrak be sartu dau bere proposamenetako batean, eskari horri 4. linearen trazaua Moyua eta Matiko artean marraztea gehituz. EH Bilduk, bere aldetik, Bizkaiko eskualdeetan sare intermodalak garatzeko erakunde arteko foro “iraunkorra” sortzea eskatu dau.

Guggenheim Urdaibai be Batzar Nagusietako taldeen eskaeren ardatza izan da. Elkarrekin Bizkaiak Aldundiak museoaren eraikuntzan behin betiko atzera egiteko ebazpena jasoten eban bitartean, EH Bilduk, erabagia hartu aurreko gogoeta prozesua eskatu dau.

Zainketen atalean, talde bi horreek egoitza-zentroen kudeaketa publikoa eskatu dabe. Gizarte Ekintzako arloari jagokon gai horretan, popularrek itxaron-zerrendak murriztea eskatu dabe, menpekotasunaren balorazinoan eta ezintasun larriak dituen adinbakoen kudeaketan, hain zuzen be.

Horrez gan, bakarrik dagozan adinbako atzerritarren kudeaketea hainbat ebazpen-proposamenetan sartu da. Talde moreak persona horreentzako arreta sarea indartzea eskatu dau, hezkuntza eta integrazino prozesua bermatuz. Eta Bizkaiko Talde Popularrak horretarako “eredua aldatzea” eskatu dau, baina ñabardura bategaz: adinbakoak Bizkaira etorteko erritmoa “moteltzeko” neurriak hartuz, “erabateko harrerea eta arretea bermatu ezin diran bitartean”.

Ingurumenaren hobekuntzea be eztabaidan sartu da, Elkarrekin Bizkaiaren ekimen bati esker, puntu bi gehituz: errepideen foru sarean energia barriztagarrien instalazinoari buruzko azterlana eta tokiko komunidade energetikoak bultzatzeko programea. Ekimen hori bereizita bozkatu da, eta, horri esker, lehenengo puntua onartu ahal izan da. Aldundiak, beraz, Bizkaiko errepideetan energia garbiaren produkzinoa sartzeko aukerea aztertu beharko dau.