BIZKAIKO BATZAR NAGUSIEN OSOKOAK BIZIKLETA BIDEEN LURRALDE ARLOKO PLANA ONARTU DAU
- Legegintzaldiko azkenengo foru-arauak Batzar Nagusietako talde guztien baiezko botoa jaso dau, abstenidu egin dan Talde Berezia-PP Bizkaia taldearena izan ezik.
- Ibilbide-orriak egunero 157.130 bidaia autotik bizikletara igarotea ahalbidetzeko aukerea emongo dauen 365,5 kilometroko bizikleta sarea aurreikusten dau 2035. urterako.
- Osokoak argi berdea emon deutso, baita be, BEZ zergan eta beste zerga batzuetan aldaketak txertatzen dituan transposizinoari buruzko foru-dekretu arauemoileari.
(Gernikan, 2023ko martiaren 22an). Bizkaiko Batzar Nagusiek, gaur Gernikan egindako osokoan, Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Plan Sektorial (BBBLAPS) barria jasoten dauen foru araua onartu dabe. Plan hori, ganerako administrazinoakaz koordinauta Bizkaiko Bizikleta Bideen gaur egungo sarean sartu behar diran xedapenak, helburuak, lehentasunak eta hobekuntzak ezarten dituan sektore-plangintzarako tresnea da. Ibilbide-orri horregaz, Aldundiak 365,5 kilometroko errepide-sarea lortzea aurreikusten dau hurrengo hiru legegintzaldietan –2035. urterako–. Horreetatik % 44,4 daborduko eginda dagoz.
Bizkaiko Lurralde Historikoko Lurralde Arloko Planak, biztanleak lurralde osora bizikletaz heltzeko gaitasuna hobetuko dauen, eta landa-eremuen eta hiriguneen arteko lotura fisiko “sendoago eta estuagoa” ekarriko dauen sarea ezarten dau. Planak proponiduten dauen sareak 7 ibilbide handi izango ditu: Nerbioi - Ibaizabal - Arratia – Durangaldea; Txorierri – Mungialdea; Eskumaldea - Uribe Kosta; Ezkerraldea - Meatzaldea – Enkarterri; Urdaibai; Artibai; eta Bilbo. Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatuak gogora ekarri dauenez, gaur egun “162” kilometro inguru eginda dagoz daborduko, eta beste “38” kilometro laster “gauzatzeko bidean” dagoz, idatzitako eraikuntza-proiektu lez edo idazketa-fasean.
Planaren helburua bizikleta bidezko “eguneroko mobikortasun alternatiboa” sustatzea da, baita ingurune naturalera hurbiltzea be. “Paradigma-aldaketa” horren oinarria, mobikortasunaren banaketa modalean pedalez eragindako ibilgailuen presentzia handiagoa sustatzea da, gaur egungo “% 0,6tik” hasita 2035. urtean indarrean dagoanean “egunero egiten diran joan-etorri guztien % 7,7ra heldu arte”. Garraiobide publikoakazko lankidetzea barne hartzen dau, eta gaur egun “egunero autoz egiten diran 157.000 bidaiatik gora” bizikletara bideratu gura ditu, batez be “8 kilometrorainoko bidaia laburretan”, Pradalesek azaldu dauenez.
Foru araua onartzeko prozesuak “5 urte” iraun ditu, udalakaz, eragileakaz, adituakaz eta alkarteakaz izandako eztabaida barru hartu dauen ibilbide “konplexuaren” ostean. Aurretiazko hausnarketa horretatik “120 alegazinok” urten eben, eta horreetatik hirutik bi arau-proiektuan jaso dira. Behin sarea amaituta, “% 36,2a” Aldundiak kudeatuko dau eta ganerako “% 63,8a” udalek.
Foru arauak Batzar Nagusietako talde guztien babesa jaso dau, abstenidu egin dan Talde Berezia-PP Bizkaiarena izan ezik. Eduardo Andrade Talde Berezia-PP Bizkaia taldeko bozeroaleak kritikau egin dau herritarrek krisi ekonomikoa gainditzen “laguntzea itxaroten ari diranean” “188 milioi euroko” gastua egingo dala.
Beste alde batetik, Emilio Lobatok (Elkarrekin Bizkaia) arauak bizikletaren erabilerea eguneroko mobikortasunerako “benetako aukera” lez berresteko balio izatea espero dau. Planaren amaierako mugea –12 urte– kritikau ostean, alderdi moreko ordezkariak esan dauenez plana “beharrezko abiapuntua da erakundeek garraiobide horregaz daben konpromisoa sendotzeko”.
Beste alde batetik, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu pozik agertu dira aurreproiektuan agertzen ez ziran beste gai batzuen inguruan akordio “zabala” lortu dabelako. Foru Gobernua eusten daben talde biek EH Bilduk aurkeztutako 8 zuzenketa-eskeetatik 7 onartu ditue azkenean, aldaketa txiki batzuen ostean, batzordean onartu ziran zuzenketa-eske biren eta osokoan onartu diran erdibideko 4 zuzenketa-eskeren bidez. Koalizino abertzalea izan zan foru arau proiektuari aldaketak aurkeztu eutsazan Batzar Nagusietako talde bakarra.
Inplikautako taldeek azaldu dabenez, aldaketek zerikusia dabe bizikletea eta mobikortasun personaleko ibilgailu barriak “ez parekatzeagaz”, eta bizikleta garraio publikora igotea errazteko “bike and board” dalakoa sartzeagaz. Hiru taldeek planean beste lehentasunezko zenbait linea sartzeko be akordioak lortu ditue, lurralde mugakideakaz –Araba eta Kantabria– Aiaraldearen bidez kasu batean edo Sopuerta eta Castro Urdiales lotzen dituan Herreroseko tunelaren bidez lotzeko. Testuak bide barrien zabalerea “4 metrotara” “ez mugatzea”, kanpoko eragileek eta Bizkaiko parlamentuak berak “urtero” egiten daben betete-mailaren jarraipena egitea, eta azpiegitura horreek gauzatzean genero-ikuspegia txertatzea be barru hartzen dau.
ZERGA ALDAKETEN EGOKITZAPENA
Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak otsailaren 28ko 1/2023 Foru Dekretu Arauemoileari jagokon Bizkaiko parlamentuaren oneritxia jaso dau. Dekretu horren bidez, Aurrekontu Orokorrak eta abenduaren 27ko Errege Lege Dekretu bat onartzeagaz batera Estaduan izan diran zerga-neurrien transposizinoa egiten da. Neurri horreek eragina dabe BEZ zergan, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergan, Ez-egoiliarren errentaren ganeko zergan eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetan. Batzar Nagusietako Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Elkarrekin Bizkaia taldeak alde bozkatu dabe, eta EH Bildu eta Talde Berezia-PP Bizkaia abstenidu egin dira.
Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak aitatu dauenez, foru dekretuak oinarrizko elikagaietan, tanpoietan, konpresetan, slip-babesleetan, preserbatiboetan eta bestelako antisorgailu ez-sendagarrietan BEZa bajeteagaz zerikusia daben 15 aldaketa fiskal jasoten ditu. Testu arauemoileak zerga-beherapenak jasoten ditu krisi pandemikoari lotutako produktuetan, horreen artean behin erabilteko musuko kirurgikoak, Covid-19aren diagnostiko-probak edo txertoak.
Energiaren atalean, gas naturalaren entregen fakturaren osagai guztiei jagoken Balio Erantsiaren ganeko Zergaren zerga-tasaren ehuneko 5eko murrizketea be luzatu egingo da, bai eta biomasatik datozan briketa edo “pellet” entregei eta berokuntza-sistemetan erregai lez erabilten dan egurrari jagokona be. Modu berean, energia elektrikoko hornidura jakin batzuei ehuneko 5eko zerga-tasea apliketako epea luzatu egin da aurtengo abenduaren 31ra arte, etxeetako faktura elektrikoa murrizteko. Horrez gain, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren ganeko zergaren aldi baterako etendurea egun berera arte luzatuko da.
2030EKO GARRAIO PUBLIKOA
Osokoak Bizkaiko Garraioaren 2018-2028 Plan Estrategikoaren azterketatik batzorde berezi batek prestau dauen ondorioen eta gomendioen dokumentuari be emon deutso argi berdea. Holan, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeen aldeko botoakaz eta bat etorri ez diran boto bana emon daben Elkarrekin Bizkaia eta Talde Berezia-PP Bizkaia taldeen abstentzinoagaz, hemendik 2030era Lurraldeko garraio publikoa hobetzeko aukerea emongo daben aldaketa batzuen aldeko apustua egin dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek.
Ondorioen eta gomendioen artean, azken txostenak garraio kolektibo osoaren kudeaketea zentralizetako figura juridiko bakarra –Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzea– sortzea eskatzen dau, trenbidea eredu “eraginkorragoetarantz” eta “digitalizazino estandar” barrietarantz joan behar dauen etorkizuneko garraioaren “ardatz egituratzailea” izan daiten. Modu berean, Batzar Nagusiek tarifen integrazinoa eskatu dabe, intermodalidadea “errazagoa, eraginkorragoa eta merkeagoa” bilakatuta. Alde horretatik, dokumentuak Bizkaiko zonakatzea sinplifiketea planteetan dau, 5 eremutik 3ra igaroz, eta bidaiak eta ibilbidea ez ezik, familia-errentak be kontuan hartuko dituan txartel bakarra sortzea.
Bizkaiko parlamentuak “zero emisinoko” garraioa lortzeko bidean aurrera egingo dauen etorkizuna ikusten dabe, gertuen dagoan zerumugan elektrifikazinoa eta hidrogenizazinoa jarrita. Mobikortasun jasangarriagorantz joateko beste puntu bat, gure lurraldeko bizikleta-egiturak “buru belarri” bultzatzea da, “emisino eta eragin akustikorik bako” garraioaren ardatz egituratzaileetako bat dalako. Bukatzeko, Batzar Nagusien txostenak genero politikak ezarteko puntu espezifiko bat ezarri dau, genero ikuspegia Lurralde Historikoko mobikortasunaren garapenean txertatuz.
ESKU-HARTZE PSIKOLOGIKO ARINAGOA INDARKERIA MATXISTA KASUETAN
Osokoak, EH Bilduren horren mozino bat aldatu dauen Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta talde aurkezlearen erdibideko zuzenketa-eske bat onartu da. Bertan, ESNATU programea indartzea eskatzen jako Aldundiari. Testuan indarkeria matxistagaitik arreta psikologikoa behar daben emakume “guztiek” arreta hori “ahalik eta arinen” jaso deiela eskatzen da, “behar diran” baliabideen bitartez egungo epeak laburtuz.
Batzar Nagusietako talde guztiak “indarkeria matxistearen kontrako burrukan norabide berean arraun egitea” balioetsi ostean, Bea Ilardia EH Bilduko bozeroaleak gogora ekarri dau bere ekimenaren jatorria dala Aldundiak abenduan Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean onartu ebala Bilbon Laguntza Psikologikoko Foru Zerbitzura laguntza eske deitzen eben emakumeek “12 asteko” epea itxaron behar ebela tratamentua jasoteko.
Begoña Gil sozialistak adierazo dauenez, hobekuntza horreek “kontratazino barrietan” gauzatuko dira, “itxaronaldiak murrizteko eta zerbitzuaren deszentralizazino handiagoa eskaintzeko”, biktimenganako “gertutasuna” handituz. Euskal Sozialistak taldeko batzarkideak “komunitarioa dan horretan” ainguratuko dan eta “baliabide guztietan begirada feministea izango dauen” “eredu aldaketea” iragarri dau.
Talde guztiek babestutako ekimenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaerea egin deutsie Aldundiari, indarkeria matxistaren biktimei arreta “integrala” bermatzeko, Arreta Psikologikorako Zerbitzuaren eta esku-hartze psikoedukatiboak eta psikosozialak gauzatuko dituen zerbitzuen bitartez.
Testuaren hirugarren puntuan, Batzar Nagusiek indarkeria matxistea edo familia barruko indarkeria egoerak jasan dituen adinbakoei eta euren senideei arreta psikologiko, psikosozial eta sozioedukatiboa emoten jarraitzea eskatzen dabe, “aitaren baimenik izan ez arren, bere kontrako salaketea edo prozedura penala edo indarkeria egoerea egiaztetan dauen edozein esku-hartze sozial espezializau dagoanean”, ekarri dau gogora Ana Esther Furundarena jeltzaleak.
ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK
Lehenengo eta behin, EH Bilduk ezin izan dau erreforma fiskala egiteko konpromisorik lortu Foru Gobernua eusten daben talde bietatik. Koalizino abertzaleak hurrengo Batzar Nagusiak eratu aurretik 2013ko erreformaren eta 2018ko zerga-doikuntzen balantzea amaitzeko eskatzen eban. Koalizino abertzaleak “zergen progresibidadea handitzeko eta, holan, euskal gizarteak aurrean izango dituan erronkei erantzuteko” erreformea eskatzen eban. Mozinoan, trantsizino ekologikoa bultzatuko daben ingurumen arloko zerga barriak ezarteko azterlana be eskatzen zan.
Foru Gobernua eusten daben Batzar Nagusietako taldeek ez dabe gaiaren mamina baztertu, baina bai denporak. Onartu ez dan zuzenketa-eske bateratuaren bitartez, jeltzaleek eta sozialistek “ezusteko inguruabarren, pandemiaren, energia-krisiaren edo inflazinoaren hazkundearen” ondorioz gure inguruan jazotako aldaketak gaur egungo zerga-sistemaren balantzean sartzea planteau dabe. Denpora-mugarik jarri ez jakon balantze horren ostean, berezko eskumeneko zergen erreformea hastea planteau da, “demografiaren bultzadea, eraldaketa digitala, ekonomia jasangarria, enpleo arloko aldaketak edo trantsizino ekologikoa” dakarren erronkei helduz.
EZEZKOA HILEKO 25 EUROKO GARRAIO BONUARI
Batzar Nagusiek ez dabe onartu Elkarrekin Bizkaia taldearen mozino bat. Talde horrek eskaria egin eutsan Aldundiari, beste erakunde eskudun batzuakaz akordioak sustau daizan, 25 euroko (helduak), 15 euroko (ikasleak) eta 16 urtera arteko ume eta nerabeentzako doako tarifak izango dituan Bizkaiko Garraio Bonua sortzeko. Alderdi moreak ez dau ezelango babesik jaso parlamentuan, Euskal Sozialistak taldeak “populistatzat” jo dauen ekimenaren aurrean. “Lekuz kanpo” aurkeztu da, EH Bildutik ohartarazo dabenez, hauteskundeetarako hitzordutik hilebete bira, eta saio berean onetsi zan Garraio Publikoaren Txostenaren aurrean “alegazinorik” aurkeztu ez eta gero.
Talde moreak ez dau jaso gizarte ekonomiako eta ekonomia sozial eta solidarioko enpresentzako “berariazko” programak eta diru-laguntzak Aldundiari eskatzen eutsazan mozinoa aurrera aterateko behar besteko babesik. Ekimenean, enpresa horreetan beharginen PFEZn parte hartzeagaitiko kenkaria handitzea ezarten zan, “% 15era gizonentzat eta % 20ra emakumeentzat” –% 10etik–, beste Lurralde Historiko biek egiten daben moduan.
BASO AUTOKTONOA ETA ALKARTASUN-ZERGEA
Beste alde batetik, Aldundiak bere jaubetzako lurretan pinu eta eukalipto landaketak baso autoktonora eraldatzeko prozesua hastea defendidu dau EH Bilduk. Talde abertzaleak Elkarrekin Bizkaiaren aldeko botoa jaso dau, baina Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe. Koalizino abertzalearen helburua, baliabide naturalak kontserbetako eta zabaltzeko ez diran laguntzak basogintzarako laguntzetatik kentzea eta jasangarriak ez diran bideetatik jarraitzen dabenei tasak ezartea zan.
Foru Gobernua eusten daben taldeek, azkenengo legealdian Aldundiak gai horren inguruan egin dauen beharra defendidu dabe. Basogintza jasangarriaren arloko hurrengo konpromisoak Mendiei buruzko hurrengo Foru Arauan markauko dira. Arau horren zirriborroa “apirilaren bukaeran egongo da eskuragarri”, iragarri dau Jesús Ortiz sozialistak.
Eztabaidea EH Bilduren eta Elkarrekin Bizkaiaren erdibideko zuzenketa-eskeari emon jakon ezezkoagaz amaitu da. Zuzenketa-eske horretan, Ekonomia Ituna aldatu ostean fortuna handientzako Alkartasun Zerga arautzea eta apliketea eskatzen jakon Foru Gobernuari, abenduaren 27ko 38/2022 Legeak ezarritako baldintzak “gitxieneko” erreferentzia lez hartuta.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen eretxiz, ekimen horrek Batzar Nagusien ahalmen arauemoilea bera “mugatu” gura eban, muga bat ezarten ebalako. Ainhoa Pieló jeltzaleak “zerga barriak bere bidea egin arte itxarotea” eskatu dau, osokoak foru arau lez onartu arte, aurretik beste pausu batzuk emon behar dituan prozesuan, Kongresuan Ekonomia Itunaren aldaketearen behin betiko onartzea, BOEn argitaratzea eta datozan hauteskundeetatik urtengo dan Aldundiko Gobernu Kontseju barri batean arau proiektua onartzea, besteak beste.