ENPLEOA BABESTEKO FORU PLANAK 2.737 LANPOSTU SORTZEA EDO MANTENIDUTEA BULTZATU EBAN PANDEMIAREN LEHENENGO URTE BIETAN
- Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako foru diputatuak 2020-2021 Enpleo Planaren ebaluazinoa aurkeztu dau Bizkaiko Batzar Nagusietan.
(Bilbon, 2022ko zemendiaren 22an). Pandemiaren ondorioei aurre egiteko Aldundiak diseinautako enpleo-politikek “2.737 lanpostu” eustea edo sortzea lortu eben 2020ko eta 2021eko ekitaldietan. Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako foru diputatuak emon dau datu hori Bizkaiko Batzar Nagusietan, 2020-2021 aldirako Enpleoaren Defentsarako Planaren ebaluazinoari buruz egindako batzorderatzean.
Foru diputatua plan horri buruz berba egiteko Bizkaiko parlamentuan egon aurretik, erdibideko zuzenketa-eske bat onartu zan apirilaren 7an, Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Talde Berezia-PP Bizkaiak sinatuta eta Elkarrekin Bizkaiak eta EH Bilduk babestuta. Bertan, Enpleoa Babesteko Plan horren ebaluazino espezifikoa Bizkaiko parlamentura eroateko eskatu jakon Aldundiari.
Laespadak azaldu dauenez, kontratazinorako laguntzen onuradunen “% 80ak” beharrean jarraitzen dau gaur egun, Ikerfelek Enpleo, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Sailarentzat egindako azterketak erakusten dauenez. Emondako datuen artean, diputatuak nabarmendu dau 2020ko bagilaren 3an Batzar Nagusietan aurkeztutako Enpleoaren Defentsarako Planak “10.027.000 euro” publiko mobilizau dituala, eta inbertsino horri esker 2.737 personak beste lanposturen bat aurkitu edo euren enpleoa kontserbau ahal izan dabela.
Enpresek dinoenaren arabera, Laespadak uste dau emaitzak “onak” izan dirala. Halan, enpresen eta erabiltzaileen % 81ak “modu oso positiboan” baloretan dabe. 10etik 8ko puntuazinoagaz. Personen % 62ak uste dau planean parte hartzeak eragina izan dauela euren prestakuntza-, lan- eta lanbide-bizitzan; eta enpresen % 73ak uste dau parte hartu izanak premia bat beteteko edo ezagutzak eskuratzeko aukerea emon deutsela.
Enpleoa Babesteko Plana 131 erakunderen ekarpenakaz egin zan (udalak, Behargintza, hirugarren sektorea, sindikatuak, prestakuntza-zentroak, unibersidadeak, enpresa-alkarteak edo enpresa-klusterrak), eta koronabirusaren pandemiaren lehenengo alarma-egoerea deklarau eta hilebete bi eta erdira jarri zan martxan, langabezia-kopuruak gora egiten ari ziran garaian. Alarma-egoerea deklarau eta bost astera, 13.000 ERTEk baino gehiagok 100.000 behargin baino gehiagorengan eukien eragina Bizkaian, eta, une horretan, Laespadak zuzentzen dauen sailak plan hori egin eta aktibau eban, “enpleoa babesteko eta defendiduteko”.
Erakunde horreen guztien ekarpenetan oinarrituta, hiru neurri handi eta zortzi programa eukazan plana diseinau zan. Susana González Enpleo zuzendariak hainbat ekimenetan sortutako edo kontserbautako enpleoak banatu ditu, horreen artean mikroenpresa txiki eta ertainetan enpleoari eusten laguntzeko 631 lanpostu sortu dituan MANTEN Programea; mikroenpresa txiki eta ertainetan behin-behineko beharginak kontratetan laguntzeko KONTRATA programea, 1.022 lanpostutan eragina izandakoa; kualifikazinoa daben gazteen laneratzea errazteko KONTRATA 30 programea, 192 gazteren enplegagarritasuna erraztu ebana; edo 249, 469 eta 58 personarengan, hurrenez hurren, eragina izan eban 3R programea, bere hiru alderdietan, enpresakoa, tokikoa eta unibersidadekoa.
STOP VIOLENCIA DE GÉNERO DIGITAL IZENEKO ALKARTEAREN BATZORDERATZEA
Beste alde batetik, Enplegu, Gizarte Inklusino eta Bardintasunerako Batzordeak Elkarrekin Bizkaiaren ekimen bat onartu dau, Stop Violencia de Género Digital Alkartea batzorderatu daiten. “Ez dogu ezelango arazorik agertzeaz, baina foro egokia Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordea izango litzateke”, defendidu dau Euzko Abertzaleak taldeak, alkarte hori Gizarte Ekintzako batzordean egoteari uko egin deutsan talde bakarra.