ENKARTERRIETAKO MUSEOAK IBILBIDE GIDATU BI ANTOLATU DITU GEORGE A. DICK MARRAZKILARIAREN INSPIRAZINO ITURRI IZAN ZIRAN XIX. MENDEAREN ERDIALDEKO EUSKAL PAISAJEAK EZAGUTZEKO

  • Hiru ordu inguruko kultur ibilbideak, bagilaren 4an eta 18an izango dira, domeketan, eta Abellanedako Enkarterrietako Museoan dagoan “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketea, eta XIX. gizaldiaren erdialdeko Euskadi marrazteko Dick-entzat inspirazino iturri izan ziran industriaren eta meatzaritzaren hondakinak bisitauko dira.

 

(Sopuertan, 2023ko maiatzaren 23an). Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan Enkarterrietako Museoak kultur ibilbide bi antolatu ditu bagilaren 4rako eta 18rako, domeketarako, Industri Ondare eta Herriko Laneko Euskal Elkartearekin (IOHLEE) lankidetzan, George Alexander Dick ingeniari alemaniarrak 1862 eta 1866 urteen artean Bizkaian marraztu ebazan industria eta meatzaritzako paisajeetatik ibili gura dabenentzat. Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen fabrikako behargina, Dickek lantegiko lana eta pinturagazko maitasuna uztartu ebazan. Euskadin egindako egotaldian, Bilbo, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Getxo, Pasaia, Tolosa, Hernani, Errenteria edo Aiako hainbat lekutako 29 marrazki arte sinatu ebazan.

Bidaia-koadernuetan islatu ebazan marrazki hareek “George Alexander Dick. 1837-1903. Alemaniatik Barakaldora. Ingeniari alemaniar baten bidaia Euskal Herritik XIX. mendean” erakusketan batu dira. Ondare parebakoa osotzen dabe lekukotasun grafiko gitxi dagoen garai batean gure herri asko zelangoak ziran jakiteko. Museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus) doako jarduera horretan izena emoten dabenek, alemaniar harek Euskadin egin ebazan ibilaldietan arkatzez jaso ebazan 29 marrazkiak ikusi ahal izango ditue, eta egilearen bizitzan eta koadernuetan erakusten diran agertokietan sakontzeko aukerea izango dabe. Enkarterrietako Museoak ibilaldi desbardin bi planteetan ditu, bagilaren 4rako eta 18rako, Dickek margotu ebazan lekuetako batzuen urigintza eraldaketaren lekuko.

 

Bagilak 4  

Ibilbidea historia industrialean zehar, Barakaldotik Zorrotzara

Dicki Museoan eskinitako erakusketea bisitau ostean, autobus batek Abellanedatik Barakaldora eroango ditu izena emondakoak. Barakaldon, espedizinoa Galindo ibaiaren zubian abiauko da, eta bertan, ibai horren bokalean, Islako San Jose komentua (Sestao) eta Karmengo fabrika (Barakaldo) hartu ebezan lekuen egungo itxurea ikusi ahal izango da. Handik, itsasadarraren ertzetik oinez, mineralaren azkenengo kargategiak ikusiko dira, eta Burtzeñan geldialdi bat egingo da Ercrosen (1909-1912), inguru horretako industria-bitxietako baten, industria-pabiloi zaharrak bisitetako. Taldeak Molinos Vascos eraikinaren alboan amaituko dau ibilbidea, gaur egun erabilten ez dan 1923ko eraikin industrial ikusgarrian.

 

 Bagilak 18  

Las Muñecas meategia eta La Lindeko kiskaltze labeak

G.A. Dickek, Karmengo lantegian lan egiteaz gan, meatze-barruti ugari bisitau ebazan, ahalik eta burdin mineralik onena aurkitzeko. Hemen, ikerketa hareek gogoratuz eta Museoko erakusketea bisitau eta gero, bisitan izena emondakoek Sopuertako Las Muñecas meategira hurbilduko dira. Hainbat alderdi ezkertiarren egoitzak hartu ebazalako “Errusia Txikia” izena hartu eban El Castaño meatzaritza-auzotik abiauko da, eta bertatik labetara eta Katalina meategia itxi ostean sortutako lakura helduko da. Meatzarien pabiloi zaharrak eta Pilarreko baselizea bisitauko dira.

 

IZEN EMOTEAK: museoaren webgunean (www.enkarterrimuseoa.eus)

Jarduera osoaren ordutegia: 10:00etatik 14:00etara. Bisita, joan-etorriak eta ibilaldia barne. 

Lotutako estekak: