ENKARTERRIETAKO MUSEOAK BERE ANTXINAKO DOKUMENTAZINO BILDUMA HANDITU DAU UHAGÓN FAMILIAREN FUNTSAK ESKURATUTA

  • Azkenengo hamarkadetan hainbat bidetatik Museora iritsi diran paperezko funtsen erdia digitalizauta dago daborduko.
     
  • Museoak dokumentu zaharren 5.000 orrialde baino gehiago dituen hamar moltso bibliografiko jarri ditu bere webgunean.

 

(Abellanedan, 2024ko garagarrilaren 10ean). Enkarterrietako Museoak, hamarkada askotan zehar Bilboko Itsasadarraren ertzetan negozio industrial ugariren garapenean inplikauta egon zan Uhagón familiaren dokumentu-bildumaren parte bat eskuratu dau. Familia horretako kideek postu garrantzitsuak bete ebezan XIX. mendeko Bizkaiko gizartean. Manuel de Uhagón senatari izatera heldu zan; Francisco Rafael de Uhagón Historiaren Errege Akademiako zuzendari; eta Felipe de Uhagón Bilboko alkate. Saga horretako kideek Uhagón e Hijos soziedadea sortu eben 1814an. 

Bizkaiko Batzar Nagusien esku dagoan museoak eskuratutako dokumentazinoaren artean 1831ko koloretako plano bat nabarmentzen da. Bertan ikus daitekenez, Itsasadarra ihiz eta ibar nabigagarriz beteta egon zan XIX. mendea ondo sartu arte. Horrez gan, burdin minerala kargetan eta deskargetan zan barruko portuak ebazan. Horreetara kanaletatik sartzen zan. Dokumentazino grafiko horretan ikus daitekenez, orain 200 urte portu-instalazino txikiak egozan Galindon (Sestao) eta Causon eta Ugarten (Trapaga). Itsasadarraren eguneroko ur-goraldiak nabigagarri bihurtzen eban gaur egun Elguero, Ugarte eta Beurko auzoek osotzen daben triangeluan dagozan industria-lurren parte handia.

Enkarterrietako Museoak eskuratutako dokumentu-moltsoak handik denpora gitxira industrializauko ziran eta gaur egun harritu egiten gaituen Ezkerraldeko beste lur batzuen salerosketei buruzko informazinoa jasoten dau, horreen artean “Belgarrisko zugaztia” izenekoa (Barakaldo) edo La Isleta izenekoa Burtzeñan (Barakaldo), gaur egun lantegiek eta etxebizitzek hartutako guneak. XX. mendearen hasierako Balmasedako La Encartada lantegiaren eta bere sortzaileetako baten, Marcos Arena Bermejilloren, familiaren argazkiak be badagoz.

 

DIGITALIZAZINO-PROZESUA

Uhagón familiaren funtsak digitalizau egingo dira, Bizkaiko herritarrek museoaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan daiezan. Batzar Nagusien esku dagoan museoak orain urte batzuk hasi eban XVI. mendetik eskualdeko bizimodua deskribiduten daben dokumentuak dituan funts bibliografiko osoa eskaneetako prozesua. Gaur egun, Museoak 20 dokumentu-bilduma inguru ditu, eta horreen erdiak guztiz digitalizauta dagoz, dokumentu zaharren 5.000 orrialde baino gehiago.

Paperezko aitamen horreek eskualdeko historiaren aldi desbardinei buruz egiten deuskue berba: XVI. mendea (Aretxabala Artxiboaren parte bat, Gordexola); XIX. mendeko mundua eta Gerra Karlistak (Llaguno Artxiboa, Balmaseda); XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako meategiak (Vía Artxiboa, Artzentales); Gerra Zibila (Fabio Murgaren Artxiboa, Balmaseda); burdinolak moduko industriaurreko alderdiak (Urkulluko burdinolaren kontuen liburua, Barakaldo); bai eta gai politikoak eta Batzar Nagusiei buruzkoak be (Enkarterriren eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko XVIII. mendeko hitzarmenak).

Artxibo dokumentalen artean oso elementu bitxiak dagoz: Balmasedako hainbat urtetako eguneroko klimaren datuak jasoten dituan XIX. mendearen hasierako liburu bat; nobleziako kideek egindako poema-liburuak; edo XVIII. mendeko sinismen eta tradizinoak batzen dituen Enkarterriko alderdi antropologikoak. Enkarterrietako museoak berreskuratutako bitxi dokumentalen artean Itsasadarraren industriaurreko planoak, instalazinoen marrazkiak edo Enkarterriko burgesiaren argazkiak nabarmentzen dira.

www.enkarterrimuseoa.eus webgunean kontsulta daiteken dokumentazino digitalizaua hamar moltso honeetan batu da:

• Tellitu familiaren XIX. mendeko familia-dokumentazinoa. Barakaldo. Gerra karlistakaz erlazionauta.

• Urkulluko burdinolaren kontu-liburua. Barakaldo. 1773-1803

• Pedro de Salzedoren kaparetasunaren gauzatzea. Gueñes. 1543

• Ortiz de Urbinako kapilautza. Karrantza. 1600-1795

• Enkarterrien eta Bizkaiko Jaurerriaren arteko diskurtso historikoak. Roberto de la Linde. 1740

• Zubiletako burdinolaren kontu-liburua. Barakaldo. 1762-1775.

• Enkarterriren eta Bizkairen arteko gatazkak eta Balmasedako hiribilduko dokumentazinoa. 1763-1768

• Sebastián de Llano enbaxadorearen Danimarkako dokumentu-moltsoa. Muskiz. 1763-1793.

• Manuel de Aretxabala y Txabarri artxiboa. Gordexola. XVI-XIX. mendeak.

• George Alexander Dicken bidaia-koadernoak. 1837-1903.