PENTSINODUNEN MOBIMENDUAK GITXIENEKO PENTSINOAK 1.080 EURORA ARTE OSOTZEKO ESKATU DEUTSE EUSKAL ADMINISTRAZINOEI
- Bizkaiko pentsinodunen kolektiboko bozeroaleak Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako batzordean egon dira, pentsino publiko “duinak” eskatuz Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eben txostena Batzar Nagusietako taldeei aurkezteko.
- Nafarroan lortutako akordioa “positibotzat” jo dabe.
(Bilbon, 2024ko zezeilaren 2an). Bizkaiko Pentsinodunen Mobimenduko (BPM) lau kide Bizkaiko Batzar Nagusietara etorri dira gaur goizean, euskal pentsinodun guztiei pentsino publiko “duinak” bermatzea eskatzeko. Gitxienez 1.080 euroko diru-sarrerak izatea eskatu dabe, 14 ordainketatan, Lanbide arteko Gitxieneko Soldateagaz (LGS) bat etorrita. Gobernu zentralak hori onartu arte, kolektibo horretako ordezkariek euskal administrazinoek gitxieneko pentsinoa –2024an 825 eurokoa da– kopuru horretara arte osatu daiela eskatu dabe.
Jon Fano pentsinodunen ordezkarietako baten berbetan, Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako txosten batean kolektiboak argi itxi ebazan Estaduak eta EAEko eta Nafarroako gobernuek euren eskaerak baliozkotzat jotzeko errazoiak. Euren eretxiz, “preminazko eta justiziazko” behar soziala da, erakunde publikoek herritarrei bizi-baldintza “duinak” bermatzeko behar diran erabagiak hartzeko “betebeharra” daukielako. Holan ez bada, persona horreek gaiztasunak izango ditue euren oinarrizko beharrak beteteko, batez be Euskadin, bizitza garestia dalako. Horrek “musturreko pobrezia” egoerak jasan izatera bultzatzen ditu.
Bizkaiko Batzar Nagusietako taldeei be bialdu jaken txostenean, 1.080 euroko gitxieneko pentsinoa ezarteak pentsinoetan “genero arrakalea nabarmen” murriztuko leukela argudiatzen da. Gaur egun, 1.080 eurotik beherako diru-sarrerak dituen 167.718 pentsinodun dagoz EAEn –erdia Bizkaian–, “eta horreetako gehien-gehienak emakumeak eta emakume-alargunak dira”, zehaztu dau Andrea Uñak.
Kolektiboak egiaztau ahal izan dauenez, azkenengo 12 urteetan (2011tik 2023ra) LGS 641,40 eurotik 1.080 eurora igon da, baina gitxieneko pentsinoa 601,40 eurotik 783 eurora baino ez da igon. “Onartuezintzat” jo dabe gitxieneko pentsinoa 2011n LGSaren % 93,7a, eta 2023an % 72,5a izatea. Une honetan, 2024rako onartutako birbalorazinoaren arabera, gitxieneko pentsinoa “825 eurokoa” da oro har, eta “772 eurokoa” 65 urtetik beherako pentsinodunentzat. Fanok kritikau egin dau, baita be, 2024rako alarguntasun pentsinoa 1.033 eurora igoteko erabagiak kolektibo horren “% 4ari” baino ez eragitea, dituan baldintza “zorrotzak” dirala eta.
Bizkaiko Pentsinodunen Mobimenduko kideek gehitu dabenez, “ez dago errazoi ekonomiko, politiko edo eskumenekorik” daborduko EAEko “110” udalek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatu daben osagarri hori euskal erakundeek euren gain ez hartzeko. Nafarroako Gobernuak be ondoko Erkidegoko pentsinodunek 2025. urtean jasoko daben ordainsaria osotzeko konpromisoa hartu dau. Pausu hori “positibotzat” jo dabe.
“KALIDADEKO” PENTSINO PUBLIKOAK
Batzar Nagusietako talde guztiek pentsino sistema “publikoa eta kalidadekoa” izateko “beharraren” aldeko apustua egin dabe, eta 2018tik mobilizazinoak eta alkarretaratzeak antolatzen ari dan kolektiboaren “sendotasuna” eta “ahalegina” txalotu ditue.
Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaiako Ricardo Vaquerok barriro esan dau Pentsinodunen Mobimenduaren aldarrikapena “bidezkoa eta beharrezkoa” dala eta, horregaitik, “gure taldea alde izango dabela” Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistretan diran ekimenetarako.
EH Bildutik be, Aitor Lópezek bere taldearen “erabateko prestutasuna” erakutsi dau gai hori Bizkaiko Batzar Nagusietara ekarteko, eta Nafarroako Gobernuan lortu dan akordioa aitatu dau. Akordio horrek alderdiaren eta Bizkaiko Gobernua zuzentzen daben alderdi politikoen –EAJ-PNV eta PSE-EE– onespena dau.
Raquel González Bizkaiko Talde Popularreko bozeroaleak kutxa bakarraren garrantzia aldarrikatu dau. Pentsinoen “kopurutik harago”, “gure adinekoek pentsino duina merezi dabela” eta alderdiek “pentsinoak duinak eta nahikoak izateko modua” aurkitu behar dabela adierazo dau.
Euskal Sozialistak taldeak, bere aldetik, Pedro Sanchezen Gobernuak azkenengo urteetan onartu dituan pentsinoen igoerak azpimarratu ditu. Pentsino kontributiboek % 8,5eko igoerea izan dabe 2023an eta % 3,8koa 2024an. Amaia Rebollo batzordekide sozialistak adierazo dauenez, bere taldeak “kontuan hartzen dau” pentsinodunen eskaria.
Bukatzeko, Ziortza Álvarez batzordekide jeltzaleak, Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak ez izan arren gitxien jasoten daben pentsinodunek hartzen daben pentsinoa osotzeko euskal erakundeek egin daben “esfortzua” ekarri dau gogora. Gaur Bizkaiko Batzar Nagusietara ekarri daben eskaria Euzko Abertzaleak taldeak kontuan hartuko dauela eta Foru parlamentuaren eskumenen barruan ahal dauena egingo dauela jakinarazo deutse Pentsinodunen Mobimenduko ordezkariei.